'Tolosa badabil' mugikortasun plan berria martxan jartzeko prest

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 22a, 16:59

Urtarrileko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen planifikazio izaera eta dokumentu estrategikoa; ibilbide orri bat da, epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen dituena, 8-10 urteko luzapena izango du eta bost urtez behin ebaluatu eta eguneratuko da.

Azken osoko bilkuran, aho batez onartu zen Gea21 taldeak egindako Tolosa Badabil mugikortasun jasangarrirako plana. Herritarren parte hartzearekin gauzatutako dokumentua da, generoaren ikuspegia txertatuta duena.

Dokumentu estrategiko honek duen planifikazio izaera eta legealdi honetatik haragoko eragina dela eta, plana aho batez eta talde politiko guztien babesarekin onartu izana garrantzitsua dela azpimarratzen dute udaletik. "Izan ere, Mugikortasun Plan berriak epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen ditu eta etorkizuneko Tolosa marraztu, hortaz, datozen urteetan garatuko den plana izango da". 8-10 urteko epealdia izango du, eta bost urtez behin ebaluatu eta eguneratuko da.

Tolosan mugikortasun jasangarria sustatu eta herritarrak erdigunean kokatzen dituen herri ereduaren alde egiteko, 2019an ekin zitzaion plan berria garatzeari. Kasu honetan, herritarren parte hartzearekin garatu da, saio ezberdinen bitartez, tolosarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Gainera, mugikortasun mahaia osatu zen alorrean zeresana duten herritar eta eragileekin. Bestetik, gaztetxoen nahiak eta eskaerak jasotzeko, planaren lanketa egin zen Haurren Hiria eta Eskola Agenda 21 egitasmoen baitan.

Oinezkoek lehentasuna

Bi helburu nagusi ditu mugikortasun plan berriak: ingurumenarekiko errespetu handiagoa sustatuko duten mugikortasun eredu berriak Tolosan bultzatzea, eta jasangarritasun irizpideak jarraituta, hiriko mugikortasuna hobetzeko ekintzak proposatzea. Dagoeneko udal gobernua hasi da mugikortasun planean jasotako ekintzak gauzatzen, eta hainbat proiektu eta neurri lehenetsi ditu legealdi honetarako, mugikortasun planean jasotako ekintzak 2019-2023 Legegintzaldirako Kudeaketa Planarekin lerrokatuz.

Plan hau erabat estrategikoa dela nabarmentzen dute udal gobernutik, "etorkizunean, Tolosa herri atseginagoa, seguruagoa, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta berdeagoa izan dadin". Bide horretan, udalarentzat lehentasunezkoak izango dira trantsizio energetikoa eta hiri-mugikortasun jasangarria. "Proiektu eta neurri guztiek oinezkoei emango diete lehentasuna, herriko joan-etorrietan oinezko zein bizikleten mugikortasuna errazteko urratsak egingo dira eta espazioa irabaziko zaio motordun trafikoari".

Hirigintza proiektuak eta ekintza txikiak

Udalak urteak daramatza hirigintza lanetan oinezkoei lehentasuna ematen. Ildo horretatik, oinezkoentzat espazioak berreskuratzen jarraitzeko, espazio publikoaren kalitatea hobetzeko, oinezko joan etorriak bultzatzeko eta mugikortasun-eredu jasangarriago eta inklusiboago baterantz pauso sendoak ematen jarraitzeko ondorengo hirigintza proiektu eta neurriak lehenetsi ditu udal gobernuak legealdi honetarako:

  1. Zumardi Txikia herritarrentzat berreskuratu eta oinezkoentzako pasealeku eta berdegune bilakatzea.

  2. Hiribus elektrikoa eta kargarako-puntuak ezartzea.

  3. Laskoain kalea eta Gernikako Arbola berritzea, oinezkoek lehentasuna izan dezaten.

  4. Paper kalean eta Oria kaleko berurbanizazio lanetan mugikortasun planeko irizpideak txertatzea.

  5. Larramendi eta Belate artean oinezkoentzako zubia eraikitzea.

  6. Gorriti plaza txukundu eta espazioa oinezkoentzat egokiagoa bilakatzea.

  7. Bidegurutzeetan biribilguneak eta oinezkoentzako pasabide gehiago jartzea.

  8. Erdigune osoan 30 kilometro orduko muga ezartzea eta bizitegi guneak sortzea S28 kartelekin seinaleztatuta.

  9.  Oinezkoen ibilbide-sarea indartzeko argiztapena eta seinaleztapena hobetzea.

  10. Bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea.

  11. Mugikortasun-ohitura osasungarriak sustatzeko kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta formakuntza-kanpainak egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!