Aulkitik

Urtebetetze eta agurren asteburua

Erabiltzailearen aurpegia June Osinaga Perez 2021eko otsailaren 18a

Bagenekien Bizkerreren aurkako partida ez zela erraza izango, eta garaipena lortu ahal izateko, gure bertsiorik onena eman beharko genuela. Beste alde batetik, oso partida berezia zen, Iratiren eta Saioaren azken partida zelako.

Partidari dagokionez, lehen zatian ez ginen fin ibili, izan ere, hasi eta berehala, Bizkerrekoak aurretik jarri ziren markagailuan (0-1) eta atsedenaldira arte beraiek izan ziren nagusi. Nahiz eta gure bertsio onena ez erakutsi, borrokatzen jarraitu genuen, eta atsedenaldira 0-1eko emaitzarekin joatea lortu genuen.

Bigarren zatian, berriz, norgehiagokaren jabe egin ginen. Beste talde bat genirudien, aukera gehiago izan genituen eta baloiaren jabe egin ginen, joko ona eginez. Berdinketa ere merezi genuen, baina zoritxarrez ez genuen zorterik izan. Alabaina, markagailuan atzetik izan arren, ez genuen etsi, eta azken minutura arte borrokan segi genuen. Hala ere, orain arte bezala lanean segi behar dugu eta seguru nago garaipena iritsiko dela.

Halaber, aipatzekoak dira, min hartutakoek eta deialdian ez zeudenek harmailetatik helarazitako nerbioak, tentsioak eta bidalitako animoak. Izarok ezki-ur baten beharra zuela esaten zuen; Zuriñek, berriz, urduritasunaren eta tentsioaren ondorioz, marrazainak zelaian baino kilometro gehiago egin zituen harmailetan, alde batetik bestera oinez.

Partida amaitu ondoren, Imanolen urtebetetzea zela eta, Zorionak kantatu genion. Bestalde, Iratik eta Saioak Erasmus egonaldia egingo dutenez, merezitako omenaldia egin genien bertso bana abestuz eta opari bat emanez. Eskerrik asko emandako momentuengatik eta taldean izandako konpromisoagatik. Ondo pasa eta faltan botako zaituztegu!

Orain, bi aste ditugu Aurrera Vitoriaren aurkako partida prestatu eta pilak kargatzeko. Animo neskak, ez etsi eta segi orain arte bezala lanean, horrela jarraituz gero. Ziur naiz merezi dugun garaipena iritsiko dela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!