Antzinako itsas doinuak, Leidorren

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 17a, 11:59

Euskal Barrokensemble taldeak Juan Sebastian Elkanoren irudia oinarri duen proiektua aurkeztuko du Tolosan, gaur, 19:00etan.

Juan Sebastian Elkanoren mundu bira oinarri hartuta, kontzertua eskainiko du Euskal Barrokensemble taldeak, gaur, 19:00etan, Tolosako Leidor aretoan. Miren Zeberio taldeko musikariak azaldu moduan, munduari buelta "azkar" bat emango diote gaurko kontzertuan: "Haiek hiru urtean egindakoa, guk ordu eta laurdenean laburtuko dugu".

500 urte dira munduari lehen mundu bira eman zitzaionetik, eta horren aitzakian, Euskal Barrokensemble musika taldeak Lehen mundu bira, Juan Sebastian Elkano disko-liburua plazaratu zuen 2019an. Bi urte beranduago, Tolosara iritsiko da bidaia hari erreferentzia egiten dion kontzertua. "Mundu biraren 500. urteurrena den honetan, iruditu zitzaigun aitzakia polita izan zitekeela kontatzea euskaldunok milaka urtetan zehar zer erlazio eduki dugun itsasoarekin, eta horrek zer eman digun", azaldu du Zeberiok. Ikerketa lan sakon bat egin ostean, hortik osatu dute errepertorioa.

Zeberiok aurreratu duenez, dozena bat musikari igoko dira oholtzara. Joxean Bengoetxea ere bertan izango da testu batzuk errezitatzen eta Oinkari txiki taldeko Onditz Esnaola eta Jurgi Errandonea dantzariek ere hartuko dute parte.

Biolina, txistua, txirula, kontrabaxua, perkusioa, gitarra eta lautea bezalako instrumentuen doinuak entzuteko aukera izango da, guzti-guztiak antzinako instrumentuak. Horixe baita Euskal Barrokensemble musika taldearen berezitasuna, antzinako musika egitea. "Gure historia nolabait ezagutzera ematen saiatzen gara, nahiz barroko garaikoa zein lehenagoko edo geroagokoa. Gure perspektibatik kontatzen dugu gure historia eta gure musika", dio Zeberiok. Enrique Solinis gitarra jotzaile bilbotarra da taldea zuzentzeaz arduratzen dena.

Kontzerturako sarrerak Leidorreko leihatilan bertan edota Kutxabanken webgunean eros daitezke, 10 euroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!