Tolosako Udalak 10 partaidetza prozesu jarriko ditu martxan

Ataria 2021ko ots. 16a, 17:55

Udal jardueretan tolosarren inplikazioa areagotzeko konpromisoa berretsi dutela diote udaletik. "2021ean, herritarrekin elkarlanean Tolosa hobe bat eraikitzen jarraitzea da helburua".

Tolosako Udalak herritarren partaidetza sustatzen jarraitu nahi du 2021ean eta 10 prozesu parte-hartzaile abiaraziko ditu aurten, Tolosa tolosarrekin elkarlanean eraikitzen jarraitzeko. Udalak hainbat urte daramatza gobernantza modelo ireki baten aldeko urratsak ematen eta herritarren partaidetza sustatzeko ahaleginak egiten, eta 2021ean ere bide horretatik jarraitzeko konpromisoari eutsi nahi dio.

Udalak urte hasieran iragarri zuenez, Guztion artean Tolosatzen egitasmoaren baitan tolosarrek egindako hainbat proposamen jaso dira 2021eko udal aurrekontuan, eta orain 10 partaidetza prozesu jarriko dituzte martxan herriaren etorkizuna tolosarren eskutik eraikitzen jarraitzeko.

2021ean egingo diren partaidetza prozesuak:

  1. Berdintasun arloa indartzeko eta baliabidez hornitzeko, Tolosaldeko Emakumeen Etxea errealitate izateko II. parte hartze prozesua abiatuko da.

  2. Liburutegi berrian herritarrei zuzendutako espazioaren dinamikak eta erabilerak lantzeko saioak egingo dira.

  3. Herriko merkataritza txikia babesteko eta bultzatzeko ordenantza berria sortuko da.

  4. Partaidetza eta informazioa erregulatzeko Gardentasun eta Gobernantzako Ordenantza berria egingo da, herritarren ahalduntzea udalaren egunerokoan txertatzeko.

  5. Haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa egin eta haiei zuzendutako plana garatuko da, bizi duten egoeraren argazki orokor bat eraiki, haien beharrak ezagutu eta gazteen parte hartzea sustatzeko bideak zabaltzeko.

  6. Haurren ongizate fisiko eta emozionala bultzatzeko, Eskolabideak proiektua garatuko da.

  7. Ikastetxeetako ekintza edo proiektuen elkar-sorkuntza prozesua egingo da, DBHn dauden 12-15 urte bitarteko gazteekin, gurasoekin eta irakasleekin elkarlanean.

  8. Landa eremuko auzoen etorkizuna aztertuko da, plan estrategikoak garatzeko.

  9. Zaintzaileen formazio-beharren inguruko ebaluazioa egingo da, zaintza eta laguntza sarea edo sareak indartzen jarraitzeko.

  10. Tolosako Jaien Berdintasun Behatokia gauzatuko da eragileekin batera, berdintasunaren aldeko sinergiak indartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!