"Gal dezatela gu kalean ez ikusteko duten itxaropena"

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 13a, 14:24

Ehunka herritar bildu dira, pentsiodunek, Toledoko Itunaren aurka, Tolosan egindako manifestazioan. "Pentsio publiko duinak eta bidezkoak bermatzeko" eskaera egiteaz gain, borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deituta, manifestazioak egin dira hainbat herritan; Tolosan, 12:00etan atera dira Plaza Zaharretik. Gaurko mobilizazioan, euren aldarrikapenak Toledoko Itunean jasotzea eskatu dute, besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta jasangarritasun faktorea ezabatzea. "Agerian utzi ditugu Pentsio Sistema Publikoaren jasangarritasunari buruzko gezur handiak", adierazi dute.

Toledoko Itunak pentsiodunen aldarrikapen nagusiak "baztertu" egin dituela eta Kongresuaren bozketaren ostean, "miseriazko pentsioek eta murrizketak ekarri zituzten 2011 eta 2013ko erreformek indarrean" jarraitzen dutela salatu dute; "gainera, erreforma berriei ateak ireki zaizkie".

Orain arte egindako erreformak "ideia neoliberalean" oinarritu direla, pentsiodunek pentsio "oso altuak" dituztela eta "denbora gehiegi" bizi direla esan dute. Hori horrela, Espainiako Gobernuari eta Kongresuari, zein EAEko eta Nafarroako Gobernuei eskatu die, haien aldarrikapenak bermatuak izan daitezen beharrezkoa dena egin dezatela. "Pentsioen arazoa diru-sarreretan dago, ez gastuetan, eta horiek bermatzeak enplegu gehiago eta hobea eskatzen du, hori posible egingo duen zerga-erreforma sakona egitea".

Besteak beste, honako aldarrikapenak egin dituzte: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsioen errebalorizazio automatikoa legez bermatzea, jasangarritasun faktorea eta 40 urteko kotizazioarekin erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea, genero arrakalarekin amaitzea, pentsio plan eta funtsen zerga desgrabazioak eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeen zerga-desgrabazioak ezabatzea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 eurotan ezartzea".

Hiru urte daramatzate etengabe mobilizatzen, eta urtebete igaro da urtarrilaren 30eko mobilizazio orokorretik. "Lortutakoa ez da nahikoa, eta Pentsio Sistema Publikoa ahalik eta gehien murriztu nahi dutenek guk kaleetatik alde egitea espero dute. Bada, gal ditzatela itxaropen guztiak. Atsedenik gabe jarraituko dugu borroka honetan, gure belaunaldiarentzat eta etorkizunekoentzat pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak lortu arte".

Gaurko manifestazioan, gainera, herritarren elkartasunaz gain, eragile ugariren babesa jaso dute, eta eskerrak eman dizkiete guztiei. Azkenik, minutu bateko isilunea egin dute 2021ean Euskal Herrian erail dituzten bi emakumeen alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!