Hegazti gripearen zabalkundea ekiditeko neurriak

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 12a, 15:50

Hegazti gripearen zabalkundea ekidin eta bere kontrola errazteko, erregistratu gabeko autokontsumorako hegaztiak ustiapenen erroldan erregistratzeko eta prebentzio neurri jakin batzuk hartzeko eskatu du Tolosako Udalak.

Hegazti gripea, IAAP birusa, Europako hegoaldeko eta mendebaldeko eremuetara zabaltzen ari da hegazti basatien migrazioaren ondorioz. Landetan (Frantzia) jakinarazi diren birusaren fokuak ikusita, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak autokontsumorako hegaztiak erregistratzea eskatzen diete herritarrei, Tolosan dagoen Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan (Nafarroa etorbidea 6, 2A).

Biosergutasun-neurri egokiak gauzatu ahal izateko beharrezkoa da autokontsumorako hegaztiak dituztenek (oiloak, antzarrak, indioilarrak, ahateak...) Abeltzainza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) erregistratzea, Tolosako Nekazaritza Bulegoaren bidez, autokontsumorako hegaztien ustiategien kasuan asko ez baitaude erregistratuta. Horretarako, aurrez eskatu behar da hitzordua Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan, telefonoz (943 415 127, 943 415 121, 943 415 126 edo 943 415 122) edo email bidez mezu bat idatziz iurreaga@gipuzkoa.eus edo mcarlosdebergara@gipuzkoa.eus helbideetara.

Ustiategietan jarraitu beharreko protokoloa

Bestetik, hegazti domestiko zein basatiekin hartu beharreko neurriak eta protokoloa jarraitzea ere eskatzen dute erakundeek. Hegazti gripearen zabalkundea ekiditeko hegazti ustiategi guztietan (autokontsumokoak barne) jarraitu beharreko protokolo bat ezarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Alde batetik, debekatuta dago Anseriforme eta Txaradriforme ordenetako hegaztiak erabiltzea ehiza-jardueretan dauden basa-hegaztiak erakartzeko. Debekatuta dago, baita ere, hegaztiak aire zabalean haztea. Hegaztiak aire zabalean edukitzeko, txori-oihalak edo basa-hegaztiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu jarri beharko da. Hegaztien janleku eta askak instalazioaren barruan edo hegazti basatiak iristea eragotziko duen aterpe batean egon behar dira, hegaztiek hegaztientzako jakiekin edo urarekin kontakturik izan ez dezaten.

Bestalde, debekatuta dago baita ere hegazti basatiak sar daitezkeen ur-biltegietako ura ekoizpeneko hegaztiei ematea, ur hori tratatuta dagoenean izan ezik, hegaztien influenza birusak desaktibatzen direla bermatzeko. Azkenik, debekatuta geratzen da baita ere eskortako hegaztiak edo bestelako hegazti gatibuak egotea abeltzaintzako sariketetan, erakusketetan eta kultur ospakizunetan, baita hegaztien edo aire zabaleko bestelako hegazti gatibuen kontzentrazioa ere.

Gaixotasunari buruzko eta haren bilakaeraren inguruko informazioa erabilgarri dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!