Gorri kolorez jantziko da Topic, sortzetiko kardiopatien egunean

Ataria 2021eko otsailaren 12a

Otsailaren 14a Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna da. Sortzetiko kardiopatiak bihotzeko malformazioak dira, eta jaio berrien %1ari eragiten die.

Bihotzez elkarteak gaixotasun hau gizartean «eragin handiena» duena dela dio, eta horregatik, igandea baliatu nahi dute gaitza ezagutzera emateko.

Euskal Herriko hainbat txokok hartuko dute gorri kolorea igandean, eta tartean, Tolosako Topic zentroa izango da gorri kolorez jantziko dena. Euskal Herri mailako elkartea da Bihotzez, eta sortzetiko kardiopatiak ez direla soilik bihotzeko arazo bat azaldu du: «Gerora ere eragin handia izan dezake haurraren bizitzako alor askotan; emozionalki, gizartean, familia artean edota garapen neurologikoan».

Jaio eta segituan ebakuntza egin beharko dietela jakiteak, erreakzio soka ekartzen duela familietara adierazi dute elkartetik, eta Bihotzez elkarteak laguntza psikologikoa edota arreta soziala eskaintzen die familiei.

Gaixotasuna ezagutzera emateko bideo bat eta abesti bat ere sortu dituzte, eta sare sozial bidez zabaldu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!