Talde bezala hobetzen joatea du helburu Tolosa Eskubaloiak

Imanol Garcia Landa 2021ko ots. 11a, 19:59
Ereintza eta Tolosa Eskubaloia taldeen arteko partidaren une bat. JABI ELOLA

Ligako partiden erdia jokatuta, sailkapeneko zortzigarren postuan dago; azken partida tanto bakarragatik galdu dute Ereintza taldearen aurka.

Ligako bigarren itzuliko lehen partida jokatu zuen asteburuan Tolosa Eskubaloiak, 1. Maila Nazionaleko taldeak, eta gol batengatik galdu zuen, 25-24, Ereintzaren aurka. Hamar egunez konfinatuta eta hamabost egunetan entrenamendu bakarra eginda iritsi ziren partida horretara. Egoera horretan ere jokalariek maila ona eman zutela azaldu du Jon Iraola entrenatzaileak: «Ondo aritu ginen, baina eraginkortasunean nabaritu zen, sartu behar genituen baloi batzuk ez zirelako sartu. Baina hain gutxi entrenatuta ezin da gehiago eskatu, eta jokalariek jarrera ona izan zuten. Partida galdu genuen baina burua altxatuta etorri ginen denak».

Konfinamendua taldeko batek PCR proban positibo eman ostean bete behar izan zuten. Anaitasuna taldearen aurka jokatu eta bi egunetara izan zen positibo hori, eta 48 ordu lehenagotik batera egon zirelako taldekide guztiak etxean egon behar izan zuten. Horregatik, Uharte taldearen aurka orain bi asteburu zuten partida bertan behera geratu zen eta datorren asteazkenean jokatuko dute, aurkariaren kantxan. «Ez zaigu tokatu oraingoz asteazken batean jokatzea, baina horrela egokitu da eta jokatzera joan beharko dugu», esan du Iraolak.

Emaitzen aldetik, denboraldia ez doala gaizki esan du entrenatzaileak: «Gorabeherak izan ditugu, baita sei partida galdu gabeko bolada bat; partidak oso ondo jolastu ditugunak izan ditugu, eta baita ondo jolastu baina golak sartzea kostatu izan zaigunak. Hazten ari den talde bat da eta aurreko urtetik hona bilakaera bat izan da, eta horri heldu behar diogu». Ligan berdintasun handia izaten ari dela nabarmendu du entrenatzaileak, eta uste du azken urteetako ligarik parekatuena izaten ari dela.

Egun zortzigarren postuan dago Tolosa Eskubaloia, eta 16 puntu ditu, zazpi partida irabazi, bi berdindu eta sei galdu ondoren. Taldearen helburua ez dela sailkapeneko leku jakin batean geratzea zehaztu du Iraolak: «Urtea ahalik eta ondoen bukatu nahi dugu eta talde bezala hobetzen joan. Emaitzak etorriko dira datorren urtean, hemendik bi urtetara, edo etorri behar dutenen. Nik orain behintzat ez diot sailkapenari hainbesteko garrantzia ematen».

Ligako aurreneko biek jokatuko dute Zilarrezko Mailarako igoera fasea. Jaitsierari dagokionez, ez dakiela nola izango den zehazki esan du Iraolak: «Urtero beti saltsa izaten da horrekin. Baina hortik uste dut libratuta gaudela. Aurreko urtean gehiago begiratzen genion horri, baina aurten lortu ditugun puntuekin lasai gaude. Horrek beste gorputz batekin jolasteko aukera ematen digu».

TALDE GAZTEA

Aurreko denboraldian taldea gaztetu bazen, aurtengoan taldea oraindik eta gazteagoa da, eta horregatik jokalariek minutuak jokatu behar dituzte, eskarmentua hartzen joateko. «Ondo ari dira moldatzen», esan du Iraolak. «Azkenean, gurea bezalako talde batean gakoa azpitik jende gaztea izatea da. Badaude taldeak 30 urtetik gorako jokalari asko dituztenak, eta aurrera begira hobea da jende gazte gehiago izatea zaharrak baino. Alde horretatik zortea dugu».

Gaur egun, jubenil taldea ez da jokatzen ari, eta ez dago oso garbi beheragoko taldeak jokatzen hasiko diren. «Hiru jubenil ditut taldean, eta horiek zortea dute gurekin entrenatzen dutelako eta partidak jokatzen ari direlako. Gainontzeko hamabost jubenilak daude jolastu gabe eta gero horrek, luzera begira, arazoak ekarriko ditu», esan du Iraolak. «Baina ez dira arazoak izango eskubaloian bakarrik, beste kiroletan ere bai. Prestakuntza garaian zaudela, aukera hori kentzen badizute, gero hori nabaritu egiten da jokoan. Nik uste dut galera bat izango dela, baina ez Tolosan eta eskubaloian bakarrik, baizik eta orokorrean kirolean».

Taldeak Usabalen entrenatzen du, baina ezarrita dauden neurriengatik, ezin ditu aldagelak erabili, eta, beraz, jokalariak ez dira bertan dutxatzen. «Horrela tokatu da eta horrela egin beharko dugu. Entrenatzetik aterata eta neguan, gaueko bederatziak inguruan, hotzarekin, modu ederra da katarroren bat harrapatzeko, baina zer egingo diogu ba», esan du Iraolak.

Partidak publikorik gabe jokatzen dituzte. «Etxean zaudenean, ingurukoen animoak entzutea gauza ederra izaten da, baina aurten ez dago horrelako aukerarik». Partidak Tolosa Eskubaloia Youtubeko kanaletik ikusteko aukera dago. Kanpoan jokatzen dituztenak ere ikusteko aukera dago, izan ere, etxeko taldeak ematen ditu zuzenean partidak internetez, eta Tolosa Eskubaloiak kanpoan jokatzen duenean, bere kanalean azaltzen da bideoa.

Hurrengo partida igande honetan izango dute, 12:00etan, Jacar San Antonio taldearen aurka, Usabalen. «Lehen itzuliko partida gol batengatik galdu genuen, partida txar bat jokatuta», esan du Iraolak. «Behetik gora datorren talde bat da, gazte indartsuekin, eta seguru partida gogorra izango dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!