Datozen egunetan Topic bisitatzeko eskaintza areagotu dute

Ataria 2021eko otsailaren 11

Museoa zabalik mantenduko da, lehen aldiz, egun hauetan, eta haur, gazte nahiz helduentzako bi eskaintza prestatu dituzte: museora bisita eta txotxongilo tailerrak.

Tolosan ez da jairik ospatuko, eta horregatik, gaurtik aurrera, kirol nahiz kultur eskaintza areagotu ditu udalak. Besteak beste, Usabal kiroldegia eta Gazte Topagunea ez dituzte itxiko, eta zerbitzua eskaintzen jarraituko dute. Tolosako Topic ere zabalik egongo da aurten, lehen aldiz. «Zuetako askok jai izango duzuenez, hona etortzeko gonbita luzatzen dizuegu», diote Txotxongiloen Nazioarteko Museotik.

Bi eskaintza prestatu dituzte, neurri guztiak betez egingo direnak. Batetik, txotxongilo tailerra eta museora bisita; bestetik, bisita soilik. Prezioei dagokienez, zortzi euro balio ditu lehen eskaintzak; bisitarako, berriz, haurren sarrerak hiru euro balio ditu; helduenak, bost. Gehienez, hamar haur egon ahalko dira tailerrean, eta museoan bost. Bihar eta asteartean joan ahalko da tailerretara, 10:00etatik 12:00etara. Museoa, berriz, ohiko ordutegian bisitatu daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!