«Herritarrek ez ezik erakundeek ere arduraz jokatzeko eskatzen dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 11a, 07:57

Tabernak eta jatetxeak ireki dituztela eta, Garbiñe Biurrun epaileak «arauak betez ondo pasa» daitekeela esan du; ostalariek lan egiteko «nahia eta beharra» dutela diote

Herenegundik zabalik daude jatetxeak eta tabernak, EAEko Auzitegi Nagusiak irekitzeko baimena eman eta gero. Erabakiak Tolosako Inauteriak izan behar zuten egunen atarian harrapatu du Tolosa, eta udala atzo elkartzekoa zen herriko ostalariekin datozen egunetan hartu beharreko neurriez hitz egiteko.

EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiak ekarri duen sokaren gainean, Garbiñe Biurrun, EAEko Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak ATARIA IRRATIAN hitz egin du, eta esan du «zalaparta Eusko Jaurlaritzaren adierazpenek» ekarri dutela.

Biurrunek herenegun ateratako autoa baino ez duela ezagutzen aitortu du; «ebazpen horretan, alderdiek, hau da, ostalaritza elkarteek eta Eusko Jaurlaritzak, nahi izan dituzten datuak, txostenak edo estatistikak jarri ahal izan dituzte», azaldu du. Bertan intzidentzia tasarik txikiena abenduaren 27an izan zela aipatzen da; «ordurako tabernek 15 bat egun zeramatzatela irekita, eta ordura bitarte ez zuela izan inolako eraginik intzidentzia tasan ondorioztatzen da». Era berean, Biurrunek argitzen duenez, «autoan esaten da tabernak irekitzearekin batera neurriak zorroztu zituztela, eta beste batzuk malgutu egin zituztela; nolabait, baimendu egin ziren lagun eta familien arteko topaketak». Bestalde, autotik nabarmendu nahi izan du epidemiologoen zati handi baten iritziz, gaur egungo intzidentzia tasa handi honek topaketa horiekin izango lukeela lotura. «Hori esanda ondorioztatzen da, ez dagoela garbi tabernak irekita izateak eragina duenik gaur egungo intzidentzia tasa altuarekin, eta horregatik esaten du autoak, ez dagoela arrazoirik tabernak itxita mantentzeko eremu gorrian dauden herrietan». Ondorioz tabernak indarrean dauden mugekin irekiko liratekeela azpimarratzen du.

Behin betiko ebazpena emateko, berriz, sei edo bederatzi bat hilabete pasa daitezkeela esan du Biurrunek. Baina, era berean, garbi utzi du, denbora tarte horretan egoerak aztertuta, berriz ere, neurriak alda daitezkeela.

Tolosarra izanik eta inauteri betean egonda, Biurrunek herritarrei ez ezik, administrazio ezberdinei ere arduraz jokatzeko eskatu die Tolosan. «Ondo pasa daiteke arauak betez, eta pazientziaz har dezagun eta arduraz», esan du.

NEGOZIOEKIN JOLASEAN

Jose Eugenio Garciak Donostiaz aparte, Zizurkilgo Plaza Etxeberri jatetxea du bere gain. Haserre dago ia azken urtean bizitzea egokitu zaienarekin: «Lanean hastea baino ez dugu nahi, eta behar dugu», dio. Gainera, «langileak ABEE-tik atera nahi ditugu». Sufritzen ari diren bakarrak enpresariak ez direla azpimarratu du Garciak: «Sufritzen ari dira ostalaritzan lan egiten duten langileak eta familia guztiak».

Irekitzeko baimena zutela jakin bezain pronto ireki zituen bi establezimenduak: «Jendea gogoz dago, eta segituan erantzun zuten garagardo edota kafe bat hartzera sartuz».

Politikoenganako desadostasuna agertu du: «Orain arte hartzen joan diren erabakiak beraien alderdiak defendatzeko izan dira. Lehenengo konfinamendutik ez dute ezer ikasi nahi izan, eta ez dute aztertu ostalaritza ez dela birusa hedatzearen erruduna». «Osasun arazo bat da, baina hartu dituzten neurriekin arazo berriak sortu dituzte. Arazo ekonomikoak eta sozialak», argitu du.

«Beraiek ere ez dituzte sinesten jartzen dituzten arauak golfera jolastera joanez, baina besteen negozioekin jolasten ari dira, eta negozio horien bueltako enpresa guztiekin», esan du haserre ostalariak. «Min handia egiten ari dira, eta urtebete betetzera goaz».

Eusko Jaurlaritzaren «kasketaren» aurrean, desobedientziarako bidea aipatu nahi izan du, lan egiteko duten eskubidea aldarrikatuz: «Lan egiteko eskubidea pertsona ororena da, osasuna da lehenengoa, eta behar diren murrizketa guztiekin bada ere, lan egin nahi dugu. Ezin dituzte urtebetez enpresak blokeatuta eduki; zentzugabekeria handia iruditzen zait».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!