Homo homini lupus

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2021ko ots. 12a, 06:58

Gizakia gizakiarentzat otso» adierazita utzi zigun Thomas Hobbes filosofoak. Aintzat hartuta egunero 25.000 lagun hiltzen uzten ditugula gosez eta segundoero, berriz, hiru milioi joaten zaizkigula armagintzan, kontuan izanda geratu nahi ez duten klima aldaketak ekarriko duen desastre beldurgarria… Hobbesek arrazoi duela dirudi. Hurrengo urteak giltzarri izango dira klima aldaketari serio heldu nahi dioten edo ez ikusteko.

Ez badute klima aldaketa geratu munduan agintzen duten hiperaberatsek, zer dute buruan beren ondorengoen salbaziorako? Izan ere, gure belaunaldia bizi biziko da, baina orain jaiotzen direnek bero gorriak eta naturaren bortizkeria mendekuzalea jasan beharko dute klimarekiko politika errotik eta berehala aldatu ezean. Lurrak mendekua hartuko du, ez du sapiensa ezertarako behar bere iraupenerako.

Munduan sapiens giza-abere izugarri bizi gara, 7.700 milioi. Denok txukun bizitzeko lain badago lurra suntsitzen jarraitu gabe, baina ez munduko iparraldea bizi den bizitza mailan bizitzeko adina, ez europar gehienon, ez estatu batuar gehienen, kanadar gehienen… kontsumo maila neurrigabea mantenduta eta CO2 isurketa hiltzailea zein errauskailuen dioxina zein furanoak… botatzeari utzi gabe.

Hortaz, zientzialari ia guztiek bat badatoz goian esandakoarekin, zergatik ez dute fundamentuzko ezer egiten klima aldaketari aurre egiteko guztiz aberats direnek eta lurralde aberatsetako politikariek (gureak barne), behar den kemenez eta sendotasunez? Izurrite honek garbi utzi du ahalmena baduela sapiensak azkar eta eraginkor sendabideak aurkitzeko eta neurri zorrotzak jendarteari ezartzeko gogorik dagoenean; hortaz, aitzakia gutxi erabaki hasieran ez oso popularrak hartzeko, klima aldaketa ahalik eta txikiena izan dadin eta sapiensa egoki antzean bizi dadin. Gainera, botereak baditu bozgorailu mediatiko ikaragarriak jendartea egin beharraz konbentzitzeko, berriro diot, gogorik badu.

Zientzia urrats handiak ematen ari da sapiensa baino askoz bizkorragoa izan eta urte askoz gehiago biziko den homo berria sortzeko bidean. Gustatu edo ez, zientziari ateak ixtea ezinezkoa denez, hori etorri badator. Sapiens eta Homo Deus liburu ederren egile Hararik oraintxe aipatu dudan izen berria jarri dio homo espezie berriari: Homo Deus. Aurrekoa bezain handiustekoa nire ustez, izan ere, homo sapiens-sapiens jartzea gure espezieari eta ondorengoari homo jainkoa gure izaera harroputzaren seinale besterik ez da.

Nire susmoa: espezie berri horretako kideek, %1 guztiz aberatsaren kideen ondorengoak izango direnez, dirua erruz beraiek dutelako, klima aldaketaren aurka itxura gordetzeko adina egingo dute, alegia, akordioak sinatu eta bete ez, eta lurra kiskaltzen utzi espezie berriko kideak bizitzeko aukera izango den bi muturretara joanda, eta han beren zibilizazio berria sortzen hasi milioi gutxi batzuen artean; sapiens arrunta, aldiz, lurraren erdialde ezin bizikoan geratuko da, pixkanaka edo trumilka desagertzeraino, itsasoen maila igotzeak ekarriko duen immigrazio modu zibilizatuan antolatu ezinak, gaixotasunek, izurriteek, gerrek… akabatzen gaituzten bitartean.

Aukeratutako espezie berria izango da nagusi, boterea, dirua, armak… hark izango dituelako, gu baino askoz bizkorragoa izango delako eta toki bizigarri horietan biziko delako. Hori daukatela buruan esango nuke, izan gaitezkeen 10.000 milioi sapiens erdi ergelekin bizitzeko batere gogorik ez duelako izango espezie berriak.

Mundu honetan sei homo espezie batera bizi izan dira eta bakarra geratu zen, gurea. Hurrengo pausoa gurea desagertzea izan daiteke, berria egoki bizi dadin bizitzeko aukera izango duen lurraldeetan. Beharbada, sapiens batzuekin, bizirik ateratzen direnekin, giza-abereok beste abereekin egindakoa egingo du, ukuiluetan sartu, kaioletan… auskalo zertarako! Lanerako robotak izango dituztenez, geratuko diren sapiensekin zer egingo dute?

Langile jende sapiensa ez bada elkartzen klima aldaketa geratzeko, larri ibili etorkizun gorria izatea, ez baitut sinesten aberatsek beren ondorengoei hiltzea, desastrea opako dietenik, beren burmuinetan beren etorkizun berriro ere oparoa bilatuko dutelakoan nago desagertu beharreko sapiens ordurako ergel-tonto-tuntunak desagerrarazita, guk, gaur egun, adibidez,  afrikar txiroekin dugun gupida berbera erabilita.

Homo homini lupus ez, homo (Deus?) berri bizkorragoa eta bizitza luzeagokoa izan daiteke sapiens “arrunta”ren lupusa. Gure esku ere badago etorkizun hobea izatea homo sapiens-sapiens ez ikaragarri sapiensok.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!