Martxan da Tolosako gobernantzarako ordenantza berriaren garapena

Ataria 2021ko ots. 5a, 17:59

Partaidetzaren kulturan sakontzea eta gobernantza eredu berriak udal jardunaren egunerokoan txertatu eta sistematizatzea ditu helburu. Uztailera bitarte garatuko da, fase ezberdinetan, herritarrak lanketa honetan eragile aktiboak izango direlarik.

Tolosako Udalaren Legealdi Planean jasotako helburu eta ekintza estrategikoetako bat da herritarren ahalduntzea eta gobernantza eredu berrietan sakontzea. Eta zentzu horretan, Gardentasun eta Gobernantzako ordenantza garatzea aurreikusi eta jaso zen 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planean.

Olatz Peon alkatearen hitzetan, “udala izanik herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa, politika publikoak garatzeko unean, ezinbestekoa da gobernantza irekia eta parte-hartzailea sustatzea. Gizartea eraldaketa prozesu batean dago murgilduta eta garai eta paradigma berriek egiteko modu berriak eskatzen dituzte, gobernantza eredu berriak eta lankidetzarako espazioak edota herritarren partaidetza handiagoa”.

Partaidetzaren esparruan, azken urteetan zenbait egitasmo eraman ditu aurrera udalak: Tolosatzen 2017-2027 plangintza estrategikoa, Tolosatzen aurrekontu partehartzaileak, Tolosatzen Eskola Irekia eta berriki martxan jarritako eta herritarrekin landutako Tolosatzen Aliantza.

Tolosatzen proiektuaren baitan aurrera eramandako egitasmo guztiek gobernantza eredu berri baten eraikuntza ahalbidetzen dutela diote udaletik. "Ekindako bideari jarraipena emateko eta gobernantza eredu berrietan sakontzeko ezinbestekoa da ordenantza baten bitartez zerbitzuak eta prozedurak zehaztea, partaidetzari, gardentasuna, informazioari, kontu emateari eta herritarren ahalduntzeari begira".

Hortaz, ordenantza berriarekin urrats bat gehiago egin nahi du udalak, "erakundeetatik gizarte eta politika egiteko modu berrietan sakontzeko, eraldaketarako oinarriak lantzeko eta partaidetza oinarri duen kultura politikoa eta administrazioa sustatzeko helburuarekin".

Gardentasun eta Gobernantzako Ordenantzaren helburu nagusiak:

  1. Partaidetzaren kulturan sakontzea, horretarako partaidetzarako araudi esparrua zehaztuz.

  2. Partaidetza prozesuak udal antolaketan errotu eta sistematizatzea eta zeharkakotasunez lantzeko bideak zehaztea, udal teknikari eta politikarien prestakuntza eta ahalduntzearen bitartez, udal funtzionamendua herritarrei gehiago irekitzeko eta partaidetzan oinarritutako prozesuen kalitatea hobetzeko, partaidetzaren eragina udal politiketan eta erabaki hartzeetan bultzatuz.

  3. Herritarren ahalduntzea eta lankidetza publiko-komunitarioa sustatzea.

  4. Gardentasun eta komunikazio eskubide eta prozedurak definitzea eta partaidetza prozesuetan zehar eta arautegian gizon emakumeen arteko berdintasuna aintzat hartzea, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua bermatzeko.

Ordenantzaren garapena, elkarlanaren esparrutik

Herritarren partaidetza arautuko duen ordenantzaren eratze prozesuan tolosarrek "zeresana" izan behar dutela aldarrikatzen dute. "Alde batetik, herritarren partaidetza artikulatuko duen dokumentua izango delako eta bestetik, udalerriko herritarren eskubide sozialak bilduko dituelako. Baina ez hori bakarrik, arautegi honen lan ildo berritzaileenetariko bat elkarlan publiko-komunitarioa garatzeko espazio berrien sorrera izango da eta baita ere, generoari buruzko aurre ebaluazioa egitea".

Generoari buruzko aurretiazko ebaluazioa eginez, neurri zuzentzaileak ezartzeko aukera egongo dela azaltzen dute, "arau edota ekintza berriek berdintasun ikuspegitik eragin kaltegarriak izango dituztela hautematen bada. Eta aldiz, eragin onuragarriak badituzte, horiek indartzeko eta beste neurri gehigarri batzuk hartzeko aukera izango da".

Dagoeneko hasi dira dokumentua udal barnean lantzen. Uztailera bitarte gauzatuko da prozesua, fase ezberdinetan eta tolosarren parte hartzearekin, herritarrak lanketa honetan eragile aktiboak izatea lortu nahi baita.

Faseak:

  1. Barrura begirakoa, urtarriletik martxora: prozesuaren diseinua egingo da eta araudiaren lanketa blokeka udal teknikari eta politikarien parte hartzearekin, ordenantzaren zirriborroa garatzeko.

  2. Kanpora begirakoa, kontrastea herritarrekin, martxotik apirilera: behin zirriborroa landuta herritarrekin partekatu eta landuko da garatutako dokumentua horretarako saio irekiak egingo dira eta elkarteekin ere bilerak deituko dira herritarren proposamenak jasotzeko.

Lanketa hau hiru mailatan egingo da:

  • Herritar antolatuekin (Herriko elkarteetako kideak)
  • Foro egonkorretako erakunde eta elkarteetako kideekin
  • Norbanako edo herritar antolatu gabeak.

Kontraste fasearen ondoren, jasotako ekarpenak aztertu eta baloratuko dira eta oinarrizko dokumentuan txertatu, behin betiko arautegia idazteko. Ekainerako ordenantza prest izatea aurreikusten da, eta ondoren gizarteratuko da Gobernantza eta Gardentasunaren Ordenantza berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!