30 urte betetzen ditu aurten Galtzaundi Euskara Taldeak. Urteurren borobilaren bueltan, ekitaldi eta egitasmo ugari antolatzeko asmoa azaldu dute eta ospakizun horretako lehena atzo arratsaldean aurkeztu zuten, Tolosako Berdura plazan, Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteari izena ematen dion bertsoen idazle Ramos Azkarateren bustoaren parean.
Kike Amonarriz Galtzaundiko kideak esan zuen Galtzaundik lanketa "handia" egin duela Tolosako Inauterietan euskararen erabilera sustatzeko, "bai kanpaina puntualak eginez, eta baita kantuen euskarazko letrak zabaltzeko ekimenak martxan jarriz". Hori horrela, aurten inauteriak ospatuko ez badira ere, ekitaldi kultural bat prestatu dute inauterien bueltan, bere izenari men eginez, eta inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratuz. Inauterietako kantuekin osatutako kontzertua antolatu dute otsailaren 14an, 12:00etan, Leidorren, Galtzaundi, 30 urte izenpean.
Et Incarnatus orkestrak emango du kontzertua, eta musikari eta kantari ezagunen kolaborazio ugari izango direla bertan aurreratu du Miguel Zeberio musikariak. Inauteri kutsuko emanaldi "berezia" izango da, "mimoz prestatua". Betiko kantuak modu desberdinean entzuteko aukera izango da. Et Incarnatus orkestrarekin batera, Tolosako inauterizale eta talde desberdinek hartuko dute parte ikuskizunean. Besteak beste, kantuan Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe, Xabier Ormazabal eta Ana Otxoa arituko dira; eta musika alorretik Xabier Berasaluze Leturia, Gorka Benitez saxofoi jolea eta Incansables txarangak hartuko dute parte.
Ekitaldirako sarrerak Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan (Nafarroa etorbidea, 6) eskuratu ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera egongo dira salgai, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Galtzaundiko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza, eta bazkide ez direnek, 17. Galtzaundiko kide den Maite Asensiok aurreratu du 400 lagunentzako lekua izango dela ekitaldian eta sarrerak zenbakituak izango direla.