Munduko Txapelketari begira jarri da Imanol Rojo iraupen eskiatzailea

Imanol Garcia Landa 2021eko otsailaren 2a

Asteburuan bi proba izan ditu eta ez dira nahi bezala atera berarentzat. Suediako Falunen jokatu ditu bi proba horiek, Munduko Kopakoak, eta bakoitzean izandako erorketa banarengatik ezin izan du emaitza hobea lortu.

Ostiralean jokatutako 15 kilometroko skating motako proban 34. postuan bukatu zuen eta larunbatean egindako 15 kilometroko klasiko motako proban, berriz, 43. postuan.

Rojok azaldu duenez, lehenengo egunean erorketa bat izan zuen: «estadiotik atera berritan izan zen, eta segundo batzuk galdu nituen, sailkapenean eraginez». 30 lehenengoetan sartzeko aukera zuela dio, baina erorketa horrengatik ez zuela lortu gaineratu du. «Haserre bukatu nuen, indartsu nengoela banekielako, eta Tour de Skitik ondo berreskuratu nintzelako». Bigarren egunean izandako erorketa jendetsua izan zen: «Denak batera ateratzen ginen, eta jende pila baten gainera erori nintzen. Multzoa galdu nuen segidan, eta saiatu nintzen harrapatzen, baina ezin izan nuen lortu, eta minutu bat atzerago bukatu nuen». Lasterketa ona izan zela dio, baina erorketak ere eragina izan zuela emaitzan.

Urtearen hasieran Tour de Ski lehiaketa gogorra egin zuen, bigarren aldiz, iazkoaren ondoren. Urtarrilaren 1etik 10era zortzi probaz osatutako egutegia egin zuen. Pozik dago Tour de Skin egindakoarekin: «Bertan lortu dut nire emaitza onena iraupen eskian, 18. postua lortuz mundu mailako proba batean. Erregulartasun on bat mantendu dut egutegi guztian, 30. postu inguruan ibiliz, eta azkenean 31. postua bukatu dut». Aurreko urteetako maila mantentzen ari delako «oso pozik» dagoela gaineratu du. «Orain etxera joango naiz Munduko Txapelketara prestatzera eta ikusiko dugu ze postu egiteko gai naizen», zehaztu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!