Nazioarteko proba batean parte hartzea du helburu Alaia Juaristik

Imanol Garcia Landa 2021ko ots. 2a, 19:59

Alaia Juaristi, iraupen eskiko proba batean.

Lehen lau probak jokatu eta gero, Alpino Uzturreko iraupen eskiatzaile azpeitiarra lehen postuan doa 18 urtez azpiko Espainiako Koparen sailkapenean.

Denboraldian jokatutako lau probetan lortutako emaitzekin oso gustura dago Alaia Juaristi (Azpeitia, 2004) Alpino Uzturre elkarteko iraupen eskiatzailea. Linzan jokatu ziren bi probak Andorrako eskiatzaile batek irabazi zituen, eta Juaristi lehenengoa izan zen Espainiako Kopako lehian daudenen artean. Belaguan duela bi asteburu jokatutako Euskadiko Txapelketan, Alpino Uzturreko eskiatzaileek hamahiru domina lortu zituzten, eta horietako bi Juaristiren bi urrezkoak izan ziren. Skatineko proban bera izan zen irabazlea 18 urtez azpikoetan, eta klasikoan bigarren izan zen, kataluniar bat izan baitzen irabazlea. Hori horrela, 18 urtez azpiko mailan lehen postuan doa Espainiako Koparen sailkapenean.

Emaitza horiekin «oso gustura» geratu da Juaristi, baina gaineratu duenez, «beti ere badaude hobetzeko gauzak». Taldekideak lortzen ari diren emaitzak ere «oso onak» izaten ari direla dio: «Normalean oso gustura gaude egin dugunarekin. Denok izaten ditugu egun txarrak, baina orokorrean gustura gaude, eta pozik gaude ere eskiatzeko aukera izaten ari garelako».

Aurtengo helburuaz galdetuta, Juaristik dioenez, «egiten dudan guztiarekin harro egotea da helburua. Azkenean, entrenatzen duguna gero probetan erakustea, bestela frustrazio handia sentitzen da hainbeste entrenatu eta gero emaitzak ez ikustearekin». Bestalde, nazioarte mailako probaren batean lehiatu nahiko luke. «Koronabirusaren kontuarekin ez dakit hori posible izango zen», azaldu du. Aurreko neguan aukera izan zuen Espainiako selekzioarekin Italian jokatzen den Skiri Trophy proban parte hartzeko. «Egonaldiaren oroitzapena oso ona dut, baina probarena oso txarra. Denak batera ateratzen gara, multzo handi batean, eta azkar mugitu behar duzu; bada, lehen segundoetan erori egin nintzen eta denak nire gainera erori ziren. Altxatu nintzenerako ni oso atzean nengoen, eta gero nahiko ondo moldatu nintzen, jende asko aurreratu nuelako, baina irteera txarra izan nuenez oso zaila zen postu on bat lortzea. Beraz, ahal nuena baina okerrago atera zitzaidan, baina bestela oso gustura geratu nintzen han egotearekin».

Espainiako Koparen podiumean bukatu nahi duela ere gaineratu du Juaristik. «Ahal bada postu onena lortu, hori ere, baina horretarako esfortzu handia egin behar da», esan du. Oraindik ez dago zehaztuta Espainiako Kopako zenbat proba egingo diren. Sailkapen horretan Espainiako Txapelketan baino postu hobeagoa lortzea errazagoa dela gaineratu du: «Kopa liga modukoa da, eta nahiz eta egun txar bat izan, beste lasterketekin hori konpentsatu dezakezu. Baina Espainiako Txapelketa egun bateko proba bat da, eta gertatu daiteke egun txar bat izatea». Aurreko denboraldian 16 urtez azpiko esprint modalitateko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Juaristik.

Hain justu, Alpino Uzturreko eskiatzaileek datorren asteburuan Espainiako Txapelketa dute esprint modalitatean, Baqueira Bereten (Katalunia), beti ere COVID-19aren inguruko neurriek ez badute atzeratzen edo bertan behera uzten. «Ikusi egin beharko dugu Kataluniako egoera, baina data horietan egiteko asmoa dute», esan du Juaristik. Esprint modalitatean kilometro bat edo 1,2 kilometroko probak izaten dira. Proba luzeak 5 eta 7 kilometro artean izaten dira 18 urtez azpikoen mailan.

Juaristik dio «zortekoak» direla iraupen eskiko probak egiten ari direlako. «Denboraldi honetan ez nekien zenbat egingo genituen edota egingo genituen ere. Segurtasun handienarekin ari dira aurrera eramaten probak eta horrek sekulako poza ematen du. Horrez gain, esaten badigute kanpora ateratzeko aukera dugula, ba primeran», azaldu du. Entrenatzeko aukera izatea ere eskertzen du Alpino Uzturreko eskiatzaileak: «Eskian lehiatzeko, noski, beharrezkoa da eskiatzea, bestela ezin duzu teknika landu, eta sentsazioak ere oso ezberdinak dira». Asteburuetan elurretan entrenatzen dute Alpino Uzturreko guztiek, Joseba Rojo eta Mikel Plazas entrenatzaileekin. Jaka inguruan aritzen dira entrenamendu horiek egiten: «Aurten zorte ona izaten ari gara, elurra zoragarri dagoelako. Elur asko egin zuen, pistak ondo zainduta daude, eta eusten ari zaio oraingoz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!