Tolosako udal gobernuaren «ongizatearen aldeko» apustua nabarmendu du EAJk

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 3a, 07:58

Tolosako alderdi jeltzaleak «oposizioak azkenaldian udal gobernuaren lana itsusteko ahaleginean egindako adierazpen eta mezuak argitu» nahi izan ditu eta zuzentzeko eskatu.

«2021 urteko aurrekontua inoizko sozialena» dela esan du Tolosako EAJk. Izan ere, oposizioak udal gobernuaren lana itsustu nahi izan duela esan du. «Oposizioak azkenaldian udal gobernuaren lana itsusteko ahaleginean egindako adierazpenak eta zabaldutako mezu eta datuak argitu» nahi izan ditu beraz, EAJk. Era berean, horiek zuzentzeko eskatu dio oposizioari, «inbertsio sozialak %9 igo baita, ia 3 milioi euroko aurrekontuarekin». Nabarmendu du 2015. urtetik hona, gizarte inbertsioa urtero igo dela, bataz beste, %6,5, pertsonak eta beren ongizatea politika ororen eta udal jardunaren erdigunean jartzen direlako».

Aurtengo aurrekontuan ez dela murrizketarik eman esan du, «are eta gutxiago gizarte alorrean». «Oposizioak bere diskurtso politikoa janzteko eta herritarrak nahasteko, parekoak ez diren datuak alderatu ditu», gaineratu du. Horiek horrela,  murrizketa izan dela adierazteko EH Bilduk 2020 urte amaierako gizarte inbertsioa 2021 urte hasierako gizarte inbertsioaren aurrekontuarekin alderatu duela esan du, «baina kontuan izan behar da, tartean, urte osoan zehar, hainbat mailegu aldaketa egiten direla eta aurrekontua aldatzen eta gehitzen joaten dela hasieratik urte bukaerara arte». Iaz, aurrekontuari 1,3 milioi euroko Suspertu Tolosa txoke plana gehitu ziotela esan du EAJk. «Beraz, 2020 urte hasierako eta 2021 urte hasierako aurrekontua alderatuta, %9 igo da aurten gizarte inbertsioa, herritarren gizarte beharrei erantzuten jarraitzeko, besteak beste: gizarte larrialdietarako laguntzak, familiei diru laguntzak, familia eskuhartze programak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, alokairu ordainketa errazteko laguntzak... Eta iaz bezala, larrialdi egoeraren bilakaeraren ondorioz beharrak areagotuko balira, horiei erantzuten jarraitzeko konpromiso osoa udal gobernuak». 

Hori dela eta oposizioari eskatu dio «zabaldutako informazio okerra zuzentzeko, joko zikina egin eta datuak manipulatzeari uzteko eta batez ere, herritarrak errespetatzeko, aurrekontu txostenean jasotako eta udal gobernuak zabaldutako informazioa zuzena delako».

Bukatzeko esan du 2015etik hona bataz beste, %6,5 igo dela gizarte alorrera bideratutako aurrekontua. 2016an 2.556.033 euro bideratu ziren gizarte alorrera esan duenez, eta azken urte honetan 2.922.691 euro.

EH Bilduren estrategia: "desadostasuna"

EAJk esan du EH Bilduren estrategia "desadostasuna" dela; "hemen Tolosan, Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean". "Gauza bat esan eta kontrakoa egiten dutelako. Eta datuen manipulazioa estrategia politiko horren adibideetako bat baino ez da".

EAJren lehentasuna ordea, "herritarren beharrei erantzutea" dela esan du, "orain are eta gehiago". "Egoerari aurre egiten jarraitzea, udal baliabideak modurik eraginkorrenean kudeatuz, gaineratu erakundeekin koordinatuta eta herritarrekin elkarlanean; baina baita ere tolosarrei emandako hitza betetzea, hauteskunde programan jasotako proiektuak ahal den neurrian, eta zailtasunak zailtasun, garatzen eta aurrera eramaten jarraitzeko, gure herriaren etorkizuna hobetu eta Tolosa hobe bat elkarrekin eraikitzeko helburuarekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!