Ene Kantak ikuskizuna, bertan behera

Ataria 2021eko otsailaren 2a

Larunbatean zegoen aurreikusita haurrentzako saioa, Leidor aretoan. Hala ere, aste honetan hainbat kultur jarduera antolatu dira Tolosan, Neguko kultur programazioaren baitan.

Bertan behera geratu da larunbaterako aurreikusitako Ene Kantak ikuskizuna. Diru-itzulpen automatikoak egingo dira sarrera erositako guztiei. Diru-itzulpenak sarrerak erosteko erabilitako kontu korronte berdinera egingo dira, internetez erosi zutenen kasuan. Sarrerak Leidorreko leihatilan erosi izanez gero, bertara hurbildu beharko da (ahal denean) eta dirua itzuliko da.

Bestalde, Tolosako Udalak, aste honetarako ere, herrian kultura sustatzen eta babesten jarraitzeko hainbat jarduera antolatu ditu. Lehena, bihar, arratsaldeko 19:00etan. Imanol Jazz kontzertua eskainiko dute Ainara Ortega, Petti, Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez musikariek. Imanol Larzabalen errepertorioko abestiak plazaratuko dituzte bi ahots eta bi pianoren bidez, jazz-eremura eramanda.

Tolosako Gazte Topaguneak otsailean ere hainbat jarduera egingo ditu. Ostiral honetan karaoke saioa egongo da, 17:00etan, Topagunean. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan. 

Eszena bonuaren abantailak

Eszena bonuak online eskuratu eta ekainaren 30era bitartean erabili daitezke. Tolosako Udalaren arte eszeniko eta musika egitarauan biltzen diren ikuskizunetarako 10 sarrera deskontuarekin eskuratzeko aukera ematen du Eszena bonuak, antolatutako saio bakoitzerako bi sarrera gehienez. Abantaila nagusia prezioa da: 10 saiotarako bonuak 50 euroko prezioa du, hortaz, sarrera bakoitza erdi prezioan eskuratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!