«Zertan ariko dira zehazki? Zein izango da lokal honek gordetzen duen istorioa?». Naizen bezalakoa izanda, konturatu orduko eta bitan pentsatu gabe, barruan nintzen galdezka.
Goiz hartan bertan ezagutu ahal izan nuen La Marca tatuaje estudioaren ibilbidea.
2015eko urtarrilaren 30ean Leo Canosa artista kubatar gazteak denbora luzean bere ametsa izan zena egia bilakatzeko aukera izan zuen. Egun hartan bertan zabaldu zituen lehen aldiz bere ateak tatuajearen munduan berritzailea izango zen estudio-galeria honek. Bere zuzendaritzapean beste lau artista kubatar izanik, eta asko borrokatu ondoren, taldeak izugarrizko arrakasta lortu zuen, ez baitago Kuban gorputz-artea profesionalki lantzen duen beste inor. Ez omen zen lan erraza izan, iraultzak garaipena lortu zueneko garaian tatuatzaileak ez zeuden ez gobernuaren, ezta herritarren artean ongi ikusiak, kapitalismoarekin eta atzerriarekin zuzenki erlazionatzen zituztelako, nonbait. Gaur egun ordea, ikuspegia guztiz aldatu da eta La Marcako lantaldeak denbora gutxian lortu du aurretik inork pentsatuko ez lukeena: kubatar tatuajea ospetsu bihurtzea.
«La Marcako lantaldeak denbora gutxian lortu du aurretik inork pentsatuko ez lukeena: kubatar tatuajea ospetsu bihurtzea»
«Nik uste dut egindako lanarekin, Kuban tatuajearen inguruan zegoen iritzia erabat aldatzea lortu dugula. Urteetan zehar bazterreko gizartearekin eta era berean kriminaltasunarekin izan da lotua; iraultza hasieran gainera, baita kapitalismoarekin ere. Guk egiten duguna artea da, ez ditugu diseinuak kopiatzen ezta bitan errepikatzen ere, pertsona bakoitzarentzat sortzen ditugu, berarekin hitz eginda, zer nahi duen eta zer duen gustuko ondo ulertu arte ez gara hasten paperean marrazten ere. Buruturiko lan guztiek dute Kubarekin nolabaiteko harremana».
Leo bakarrik ez, bere lantaldea ere ezagutu nuen eta beraiei buruz erreportaje bat egiteko aukera eman zidaten. Davidek lagundu ninduen gehien, berarekin igaro nituen orduak, hitz egiten eta argazkiak ateratzen nituen bitartean. Tamalez jada, egunak alaitu zizkidan mutil hura ez dago gure artean.
Hilabete La Habanan igaro ondoren, pozik itzuli nintzen etxera egindako lanarekin; beti mantendu dut nire lagun berriekin harremana eta hunkitu egin nau jakiteak sei urte bete dituztela aste honetan, lanez gainezka.
Pena ematen dit beraiekin han ez egoteak, beste batean beharko du izan, iritsiko dira garai hobeak, ezer ez baita betiko.
Idatzi honen bitartez zoriontzen ditut beraz, badakit gustuko izango dutela… Urte askotarako, La Marca!
*David lagunari bereziki eskainia