Tolosako Adikzioen II. Tokiko Plana abiaraziko du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 1a, 19:59

Tolosa Badabil, generoaren ikuspegia txertatua duen mugikortasun plana ere behin betiko onartu dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan hainbat hobekuntza txertatzea eta Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarrirako Plana onartzea adostu dute urtarrileko osoko bilkuran.

Adikzioena etengabeko bilakaeran dagoen fenomenoa izanik, eta aurreko plana 2006koa dela kontuan hartuta, egungo beharretara eta errealitatera egokitzeko helburuarekin, 2019an bigarren bat osatzeko lanketa abiarazi zuen Tolosako Udalak. Pasa den astean, Tolosako Adikzioen II. Tokiko Plana aurkeztu eta onartu zen osoko bilkuran.

2020an zehar, herriko eragile eta elkarte ezberdinen parte hartzearekin egin da azterketa, eta helburu nagusiak zehaztu dira: herritarrak sentsibilizatu eta formatzea, biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku hartzearen intentsitatea indartzea eta hobekuntzak txertatzea, eta etengabeko berrikuntza eta egokitzapena bultzatzea. Helburuak lortzeko lau lan lerro estrategiko definitu eta lau urterako ekintza plana garatu da, 2025era bitarte. Aurrera begira, bertan jasotako ekimenak martxan jartzeari ekingo dio udalak.

Etxez etxeko laguntza

Bestetik, etxez etxeko laguntza zerbitzuari lotutako arautegia berritu da eta hasierako onespena eman zaio arautegiari, hainbat hobekuntza txertatuta, hala nola, gehienezko prezio publikoa mugatzea, arreta 365 egunetan eskaintzea edota gehienezko orduen intentsitatea areagotzea (asteko 25 ordura).

Eskaintzen den zerbitzuaren inguruko asebetetze inkestak ere egin dira. «Herritarrek positiboki baloratu dute eta begi honez ikusi dituzte arautegian proposatutako aldaketak», esan du Olatz Peon alkateak. Era berean, langileen lan-baldintzak hobetzeko irizpideak ere zehaztu dira, langileen egoera eta zerbitzuaren kalitatea hobetu asmoz.

Tolosa Badabil

Tolosa Badabil, generoaren ikuspegia txertatua duen mugikortasun plana ere behin betiko onartu dute. Planak duen planifikazio izaera eta legealdi honetatik haragoko ikuspegia dela-eta jorratu eta onartu da. «Plan estrategikoa da, etorkizuneko Tolosa marrazten duena, herritarrak erdigunean kokatzen dituena eta mugikortasun eredu jasangarriagoen alde egiten duena. Epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen dituen ibilbide orri bat da, lanerako tresna bat», azaldu du Patxi Amantegik.

Horrela, hainbat konpromiso hartu ditu udalak: elektromugikortasuna eta garraio publikoa sustatzea, oinezkoen joan-etorriak lehenestea, espazio publikoaren kalitatea hobetzea eta mugikortasun eredu jasangarri eta berdinzaleak bultzatzea.

Hirigintza eta ordainsariak

Samaniego ikastetxeko estalpe berria sortzeko eta Orixe institutuaren lursailean institutu berria eraikitzeko Jaurlaritzaren xehetasun azterlanak ere onartu ditu udalak. Horrela, obra lizentziak eman aurretik, HAPOan jasotzen diren baldintzak betetzen direla eta beharrezkoak diren aldeko txosten guztiak daudela ziurtatzen da.

Hainbat aldaketa ere onartu dituzte: Apatta Errekako bigarren fasearen garapena ahalbidetuko duen plan berezia, Agaramundu plazako 7. zenbakiko babes ofizialeko etxebizitzen oinarri arautzaileetan egindako aldaketak eta Soldadu kaleko 8. zenbakiko soberako lurzatia udal ondasunen erroldan sartzea.

Azkenik, EH Bilduk proposatutako zuzenketa onartuz, udal langileen soldata %0,9 igotzea eta ardura osoa duten udalbatzako kideen ordainsariak izoztea adostu dute. «Diru hori beste behar batzuetarako erabiltzea eskatzen dugu, une gogorrak igarotzen ari direnekiko keinu bat izan dezagun», adierazi du Andu Martinez de Rituertok.

Hizkuntza politikak garatuz

Bestalde, behin-behinean onartu dute, hizkuntza politikak udalaren eta gizarte eragileen artean garatzeko eratu den udaleko Euskararen Aholku Kontseiluak arautzen duen arautegia.

Halaber, hainbat mozio jorratu ziren azken bilkuran: Etxerat elkartearena, Egiari Zor fundazioarena eta Europako Funtsari lotutakoa. EH Bilduk Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari buruz aurkeztutako mozioaren aurrean, udal gobernuko taldeek aurkeztutako ordezko mozioa onartu zen, baita Gipuzkoako Ostalaritza Aurrera plataformak aurkeztutakoaren aurrean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!