"Burgesiaren ofentsibaren" aurka elkarretaratzea egin dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 30a, 20:19

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, 125 pertsona inguru elkartu dira Tolosako udaletxearen aurrean.

Elkarretaratzean, COVID-19aren inguruko kudeaketa kritikatu dute, eta "oinarrizko eskubide zein askatasunak" bermatuko dituen agertoki posible bakarra "langileriaren kontrolpeko estatu sozialista" dela aldarrikatu dute.

Gazte Koordinadora Sozialistak zabaldu duen idatzia osorik:

"Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu

Koronabirusaren hedapenaren sorreratik urtebete inguru pasa den honetan, mendebaldeko estatuek pandemiari aurre egiteko duten estrategiaren hutsuneak nabarmenak dira. Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek ez dute gaitasunik izan pandemia kontrolpean edukitzeko eta ondorio kaltegarriak (kutsatzeak, heriotzak...) areagotzen ari dira azkenaldian. Osasun-arazo bati osasun-baliabideen horniduraz baino ezin zaiola aurre egin uste dugu: izan ere, pandemiari aurre egiteko oinarrizko baldintza biztanleriak birusetik babesteko bitarteko eraginkorrak edukitzea da. Alabaina, orain dela urtebete baino egoera epidemiologiko okerragoa bizi dugu orain: osasun hondamendia, hain zuzen ere. Sortzen ari den osasun larrialdi testuinguruan arduraz jokatzeko asmoa berresten dugu eta kezkaz bizi dugu horrek milioika pertsonengan izan dezakeen osasun bilakaera kaltegarria.

Horrekin batera, krisialdi ekonomikoak gogor kaltetu ditu langilera xumearen bizitzak eta gizarteko geruza zabalen proletarizazioa gogortuz doa. Gizartearen zatiketa ekonomikoa are eta nabarmenagoa da: alde batean bankari, enpresari handi eta politikari profesionalak daude, zeinen negozio ekonomikoak lehenetsi diren uneoro; eta beste aldean langileria xumea dago, zeinaren pobrezia eta askatasun eza handitzen ari den gizarte kapitalistaren fase honetan.

Bankari eta enpresari handiek negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen duten osasun esparruan (txertoaren komertzializazioan, adibidez), baina gizartea epidemiologikoki babestu eta osasun baliabideak indartzeko beharrezkoa den gasturako (adibidez, birusa detektatzeko sistemak, tratamendurako eta isolamendurako azpiegituren eraikuntza...) ez dute inolako interesik eta ekarpenik egingo ere, irabazi kapitalistarik sortzen ez duen gastua delako. Oligarkiak eremu estrategikoetan inbertitzen du eta, irabazirik sortzen ez duen gasturik egitekotan, nahiago du puntako armagintza handitzea eta polizia baliabideak indartzea. Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresariek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetik babestu nahi dutela.

Osasun baliabide nahikorik lortzen ez duten bitartean, azken hilabeteetan askatasun zibil eta politikoak ezabatu dizkigute politikariek, aurrekari politiko eta juridiko arriskutsuak direnak ikuspuntu askatzaile batetik. Estatu kapitalistek, uneoro, gutxiengoa diren bankari eta enpresari handien irabazi ekonomikoak lehenetsi dituzte. Frantziako Gobernuak, Espainiakok eta EAJk EAEn, gainontzeko alderdien konplizitatearekin, oinarrizko giza eskubideak (biltzeko askatasuna, mugikortasun askerako eskubidea...) ezabatzen ari zaizkigu, salbuespen egoera politikoa mantentzen duten bitartean. Beraien estrategia gero eta argiagoa ageri zaigu: kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari.

Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, mobilizazioak antolatuko ditugu Euskal Herriko toki ugaritan, urtarrilaren 30ean, otsailaren 6an eta otsailaren 13an. Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzara bideratutako antolakuntza politikoa defendatzen jarraituko dugu: izan ere, biztanleriaren osasuna lehentasun bezala ezarri eta oinarrizko eskubide zein askatasunak bermatuko dituen eszenatoki posible bakarra langileriaren kontrolpeko estatu sozialista da. Antolakuntza komunista da datorren basakeria kapitalista gelditu dezakeen indar bakarra".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!