Koronabirusa

Ostalaritzaren egoera salatu dute

Ataria 2021eko urtarrilaren 30a

Ibilgailu ugari elkartu dira gaur eguerdian Tolosan egindako auto karabanan, ostalaritza babesteko eskatuz.

Ostalaritza arloko kideek Tolosa bi aldiz zeharkatu dute, bozinak joz eta hainbat mezu zabalduz: "Ostalaritza aurrera", "1.000 gastu, 0 ingresu", "Diru laguntzak noiz?", "SOS ostalaritza",... Raku tabernako Miriam Gimenezek azaldu duenez, "udaletik eta Eusko Jaurlaritzatik benetako laguntza izatea aldarrikatzen dugu, bai diru laguntzaren aldetik zein babesaren aldetik ere. Entzunak izatea nahi dugu, azken finean, ahaztuak eta zapalduak sentitzen garelako". Gaur egun erakundeek ematen dutena "limosna hutsa" dela gaineratu du, eta "berandu iristen dira edo ez da iristen". Ostalaritza itxita izatera behartzen dituztela diote, eta horren aurrean "gutxieneko soldata" izatea eskatzen dute. Gimenezek azaldu duenez: "Kobratu gabe gaude denak, eta fakturak eta zergak berdin ordaintzen ari gara, ez dute ezer barkatzen".

Tolosako Ostalaritza Aurrera eragileak antolatu du karabana eta inguruko herrietakoak ere etorri dira: Villabona, Beasain, Ordizia, Andoain... Ostalariez gain, banatzaileak ere bertan izan dira. Aurrera begira ere "borrokarekin jarraitzeko" asmoa azaldu dute. "Bat egin dugu Gipuzkoako Ostalaritza Aurrerakoekin, eta herri guztietan ostegunetan elkarretaratzeak egingo ditugu udaletxeen aurrean. Horrez gain, manifestazioak egingo ditugu bi edo hiru astez behin, herriz herri. Hurrengoa Urretxu eta Zumarragan egingo da, otsailaren 6an", zehaztu du Gimenezek. Osteguneko elkarretaratzea, Tolosan, 20:15ean egingo dute, udaletxearen aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!