Konfinamenduak emozio positiboak eta negatiboak eragin dizkie haurrei

Ataria 2021eko urtarrilaren 29a

Egungo egoerara egokitu da aurtengo ikasturtean Haurren Hiria proiektua, eta ez soilik lanketa egiteko moduan, baita ikasleen ekarpenak jasotzerakoan ere. Izan ere, iazko urtean bizitako itxialdiak eta egungo egoerak haurrei nola eragiten dien jasoko dute, haurren emozioetatik abiatuta.

Urritik abendura bitarte, haurrei eman zaie hitza, nola sentitu diren, itxialdiak zer suposatu duen, eskolara buelta nolakoa izan den… jasotzeko. Sentitu dutena, izan dituzten kezkak, ilusioa zerk eragin dien… aztertu eta landu zuten. Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetan ari dira lanketa egiten, hamar geletan guztira, aurrez aurreko saioen bitartez. Hala, gaur egun, 250 haur inguru dira Haurren Kontseiluaren parte.

Konfinamenduak emozio positiboak eta negatiboak eragin dizkie haurrei. Besteak beste, emozio positiboak eragin dizkie familiarekin egoteko izan duten denborak, anaia-arrebekin jolasteko aukera gehiago izateak, arduratsuak izan behar dutela konturatzeak, edo etorkizunera begira egoerak konponbidea izango duela pentsatzeak. Baina konfinamenduaren ondorioz musukoa erabili behar izateak, lagunekin ezin jolastu ahal izateak, familiako hainbat kiderekin ezin egoteak edo familiako norbait gaixotzeak emozio desatseginak eragin dizkie.

Keinu txikiak proposatzea

Emozio atseginak eta negatiboak identifikatuta, apirilera bitartean emozio horien lanketa egingo dute Haurren Hiria proiektuaren barruan. Horretarako, Tolosatzen prozesuaren berri emango zaie haurrei, eta keinu txikiak proposatzeko espazioak emango zaizkie, norberak, bere egunerokotasunean, martxan jarri ditzakeen ohitura onak elkarbanatu eta denen artean Tolosa hobeago lortzeko helburuarekin.

Haurrek proposatzen dituzten keinu txikiak Herri Aliantzan txertatuko dira, eta herritar guztien eskura egongo dira. Horrez gain, haurrek identifikatu dituzten beharrei aurre egiteko ekintza plana diseinatzeko bidea ere eskainiko du Haurren Hiriak, udalak gurasoei zein haurrei zuzendutako ekintzak, hitzaldiak, tailerrak... antolatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!