ELKARRIZKETA

«Txaranga askorentzat erreferente izan da eta da Incansables»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 31a, 07:58
Canario, 1996an, txarangaren bosgarren diskoaren grabaketan. INCANSABLES TXARANGA

1970ean, Astigarragako Ergobia auzoko festetan hasi ziren bost musikari. Gerora, taldea egonkortu eta Incansables izena jarri zioten, eta urteen poderioz hartu du txaranga izaera. Mende erdian bizitakoak, 50 urtez Incansables liburuan bildu ditu txarangaren sorreratik gaur arte iraun duen kide bakarrak; izan ere, badirudi laster agurtuko dela Joaquin Ortega 'Canario' .

Ez du telefono mugikorrik, eta bere burua XVIII. mendean kokatzen duela dio. Aritua bezain aditua da musikan Joaquin Ortega Canario (Hernani, 1951). Edozein instrumenturi soinua atera, eta arkatz batekin mirari izugarriak egiteko gai da; guzti hori, harmonia estudiatu eta goi-mailako musika ikasketak burutu gabe. Azken urtean, baina, txarangarako moldaketa berriak egin ordez, liburu bat idatzi du, gertuko kide askoren laguntzaz: 50 urtez Incansables.

Liburu bat idazten duzun lehen aldia da?

Bai, baita azkena ere. Sekulako buruhaustea izan da, eromen handia, etsipen uneez betea. Txarangako kide bati aipatzen nion, nola egingo ote duten Bernardo Atxagak eta gainerako idazle guztiek, urtero, liburu berri bat argitaratzeko. Kontuak kontu, lortu dugu idaztea eta txukun atontzea. Nik informazioa idatzi besterik ez dut egin, baina lan handia dago atzetik, maketazioan batez ere. 2020ko udaberrian argitaratu nahi genuen, berez, udako festei begira, baina ezohiko egoera honek guztia aldatu du, eta atzeratu egin behar izan dugu.

Zer-nolako esperientzia izan da?

Musika irakasle baten proposamena izan zen liburua idaztea; urteurrenaren harira, txarangaren historia nonbait gordeta geratu behar zela aipatzen zuen. Prozesu osoa memoria ariketa sakon bat izan da. Idatzi dudan guztia da gogoratu dudana. Oroitzen nintzenari helduz idatzi ditut testuak, horretarako ez baitut arazorik. Beti diot gorputzak baino hobeto funtzionatzen didala buruak. Jende gehiagoren laguntza izan dut, gainera, itzulpenetarako nahiz maketaziorako.

Liburua oso irakurterraza da, arina eta koloretsua, eta jakin beharreko informazio guztia du. 

Anekdotez josita dago, eta beraz, historia ez da sakonki kontatzen. Horrek ere arintasuna ematen dio testuari. Horrez gain, elementu grafiko ugari ditu, inoiz ahaztuko ez ditugun uneetako argazkiak, bisitatu ditugun herriak mapan kokatuta, diskografia, txarangako lagun askoren mezuak… Txarangaren historiaren laburpena da, bitxikeri eta omenaldiz hornitua. 50 urtek horretarako eta gehiagorako ematen dute. Gero ezinbestekoa da guztia ondo gogoratzea, baina liburuan bertan idatzi dudan bezala, baten batek zerbait gehiago gogoratzen badu, esan diezadala, eta horrela, ni ere oroituko naiz gerora.

Diskoak, berriz, omenaldi txiki asko biltzen ditu.

Nik aukeratu ditut abestiak, eta bakoitzak badu zeresan garrantzitsu bat. Diskoak ere, txarangaren historia biltzen du; izan ere, urte ezberdinetan argitaratutako diskoetarako grabatutako kantuak sartu ditugu. Bederatzi kantu dira guztira, eta horietatik bi soilik grabatu ditugu orain: Dulce condena de oro eta Orbagur 50.

Hain justu, 'Orbagur 50' abestian, despedida bati egiten diozu erreferentzia? 

Iñaki Salvador lagunak dioen bezala, «bukatzen hasiko naiz». Lehenik, barkamena eskatuz, ziur nagoelako norbait edo zerbait bidean ahaztuko zaidala, baina memoriak bere mugak ditu. Eskerrak eman nahi dizkiet familia handi honen parte izanda edo ez izanda ere, gure ibilbidean eta lan hau egiteko asmoz alea jarri duten guztiei.

Agurrak alde batera utzita, nola oroitzen dituzu txarangaren hastapeneko urteak?

Duela 50 urte ez zegoen musikari finkoak zituen talderik, eta herri ezberdinetan musikari ezberdinak aritzen ginen. Ergobiara joateko, bost lagun elkartu ginen. Bi billabonatar, bi hernaniar eta tolosar bat, bakoitza bere instrumentuarekin, ia denak elkarrekin aritutakoak. Handik gutxira, elkarrekin ondo moldatzen ginela eta, ea zergatik ez ginen beti musikari berdinak aritzen galdetu zigun lagun batek. Gerora, edozein herritara, boskote bera joatea erabaki genuen.

Erraza al zen herri batetik bestera joatea?

19 urte nituen orduan, nerabe bat nintzen. Txango modukoak ziren guretzat, lehen urteetan behintzat. Entseguak egin gabe joaten ginen; bonboa eta txindatak jotzeko ere, bisitatzen genuen herrian bertan aurkitzen genituen pare bat lagun.

Han eta hemen aritu ondoren, ezagun egin zineten. 

Hasieran, publikoaren onespena sekulakoa zen, gureaz gain, ez zegoelako beste talderik. Gure herrietan jotzen genuenean, harrera bikaina izaten genuen herritarren partetik. Tabernetara sartu eta gainera botatzen zitzaizkigun. «Txarangen The Beatles dirudizue», esaten ziguten. Garai hartan, musikaz gozatu nahi zuenak, aukera gutxi izaten zituen: herriko musika banda, festetako erromeria edota txaranga.

Gerora, kontua serioago jartzen hasi zela ohartu ginen, egutegia ere beteago genuen, eta beraz, beste ofizio bat izatera igaro zen. Maiatzean hemen, ekainean han eta uztailan hor aritzen ginen: Tolosa, Villabona, Hernani, Bergara, Leitza, Lesaka, Bera, Iruñea… herri horietan gure jarduna gustukoa suertatu zen seinale. Ondorioz, errepikakorra suertatzen zen, baina konpetentzia ere geroz eta handiagoa zen.

Zein motatako publikoa izaten du Incansablesek?

Txarangako kide gazteenei askotan esan izan diet gure publikoaren bataz besteko adina gertuago dagoela 40tik 20tik baino. Gaur egun, Gatibu, Berri Txarrak eta antzeko taldeen kantuak entzun nahi dituenak, txarangako instrumentuekin entzun ordez, beste modu batera entzun nahi dituela. Nire ustez horregatik aritzen da 15-20 urte arteko gazte gutxi gure atzetik saltoka.

«Bukatzen hasiko naiz; eskerrik asko, familia honen parte izanda edo ez izanda ere, gure ibilbidean lagundu diguzuenei»

Eta barrutik begiratuta, nolako bilakaera izan du?

Ez du zerikusirik duela hamarkada batzuetako txarangarekin. Ez formatuan, ez kalitatean, ezta seriotasunean ere. Hitzordua 11:00etan jartzen bagenuen, izaten zen lo geratzen zen taldekiderik. Aipatzen nuen konpetentzia horrek ere eragin du taldearen kalitatean, errepertorioari eta soinuari dagokionez, behintzat. Duela urte batzuetakoa baino txaranga hobea da oraingoa. Gaztetu egin da azken urteetan, eta horrek ere laguntzen du; belaunaldi berriek ideia berriak erantsi dizkiote txarangari.

Formalizatzearekin batera, oro har, profesionalizatu ere egin dira txarangak, ezta?

Noski. Lehen ez genuen ordutegi finkorik. Herri batera joan, instrumentuak atera, eta kalean gora eta behera aritzen ginen. Eta ez gu nazkatu arte, herritarrak aspertzen ziren arte baizik. Orain, ordea, beste modu batera funtzionatzen du; erabat aldatu da. Kontratazioak egiten dira, ordutegiak lehendik adostuz.

Bestetik, esan beharra dago, gizarteak txarangetako musikariekiko duen ikuspegia ez dela guztiz zuzena. Musikari bikainak aritzen dira txarangetan. Goi-mailako ikasketak eginagatik, ez duzu zertan beti orkestra batean aritu behar. Txaranga batean gustura zauden bitartean…

Incansables txarangako kideak, 1994ko Euskal Herriko itzulian, Laurent Jalabert txirrindulariarekin. INCANSABLES TXARANGA

Errepertorioa garatzeak ere lagunduko zuen.

Bai, baina baliteke ere profesionalizatze horregatik garatu behar izatea errepertorioa. Errepertorio autoktonoarekin aritu izan gara, eta hala gabiltza orain ere. Lehen, kalejirak, fandangoak eta arin-arinak jotzen genituen gehienbat. Orain, mota horietako kantuak prestatuagoak daude, instrumentu gehiagorentzat, eta hortaz, soinua ere hobea eta gustagarriagoa da. Horiez gain, mexikar doinuak, rock edo swing estilokoak, kunbiak, pasodobleak… denetik izan dugu eta dugu.

«Duela urte batzuetakoa baino txaranga hobea da oraingoa; gaztetu egin da, eta horrek ere laguntzen du»

Jo dugun eta jotzen dugun errepertorioaren zati handiena nik egindakoa da, eta asmatu dugun ala ez, jarraitzaileek gustuko duten ala ez, nire errua izango da. Bakarren batek pentsa dezake harroputz bat naizela, baina edozein txarangatan aurki ditzakezu nik egindako moldaketak. Horregatik, askotan diot Incansables ikur edo erreferentzia izan dela txaranga askorentzat. Batzuk etorri izan dira gu entzutera eta grabatzera, gerora, grabaketa horiek entzunez, moldaketak egiteko asmoarekin.

Hain justu, moldaketen kasuan, mailari dagokionez ere nabarituko zen gorakada, ezta?

Nik ez dut inoiz armoniarik ikasi, ezta goi-mailako ikasketarik egin, baina nire kabuz aritu izan naiz beti. Ondo moldatzen naiz horrela. Nire kasuan, txarangako kideen mailaren arabera egiten nituen moldaketak. Urtetik urtera, osatuagoak eta konplexuagoak dira, txarangaren kalitatea areagotu den seinale. Gaur egun, txarangetan aritzen diren musikari askok, goi-mailako ikasketak dituzte; jakintza handiagoa dute musika garaikidearen nahiz teknologia berrien inguruan, eta beraz, erraztasun handiagoa dute moldaketak egiteko.

 

MOTZEAN

Jotzen aritu zaren herri bat. Hernani, zalantzarik gabe. Inoiz ez dut gure txarangaren inguruan bertako San Joan festetan bezain beste jende jauzika ikusi. Txarangako kideak ere harrituta geratzen dira.

Txarangako kide bat. Asko, ez nuke bat aukeratzerik izango. Bizikidetza handia izaten da txarangan, elkarrekin jo, jan, bizi eta lo ere egiten dugu batzuetan. Hori dela eta, atsekabe handia sentitu izan dut lanagatik edo bestelako arrazoi batengatik txaranga utzi behar izan duten askorengatik.

Disko bat. 2001eko Giro-Bero eta 2014ko Omenez. Bikainak dira.

Errepertorioko abesti bat. En forma bezala ezagutzen dena. Glenn Miller musikari estatubatuarraren In the mood kantu ezagunaren moldaketa da.

Bizitako bitxikeria handiena. Denetik izan dugu. Instrumenturik gabe azaldu direnak; 23:00etan danborrada batera jotzera azaldu ordez, 11:00etan azaldu direnak. Horiek eta gehiago kontatzen dira liburuan, baina auskalo zenbat geratu ote diren aipatu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!