ERREPORTAJEA

Oraindik ez zaio nekea nabari

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 31a, 07:59
Incansables Txaranga. Argazkilaria: Roberto Zarrabeitia.

50 urte bete ditu Incansables txarangak, eta efemeride hori medio, disko-liburu bat argitaratu berri dute. Egun, bost dira bertan dabiltzan eskualdeko musikariak; horietako lau azken urteetan batu dira taldera. Freskotasuna eman arren, txarangak hobetzeko tartea duela uste dute.

Inoizko sasoirik gogorrenean heldu zaio Incansables txarangari izan zezakeen urteurren gozoena. Urrezko aroa bete du Tolosa, Hernani eta Nafarroako hainbat herri barne biltzen dituen txarangak. 50 urte; erraz esaten da. Urte batetik bestera, kide berriak; astez aste, maila hobea, eta hamarkadaz hamarkada, inoiz ahaztuko ez dituzten anekdotak. Bizimodu propioa duen txaranga baita, zale askorentzat sekulan izan den onena.

1979ko irailean, Bizkaiko herri batera jotzera joateko eskatu zioten Jesus Mari Moneo tolosarrari, orduan aritzen zen tronpeta jotzaileetako batek ezkondu eta taldea utziko zuelako. Ederki asko oroitzen du lehen eguna Moneok. «Hernaniko elkarte batean bazkaldu genuen, eta bertan eman zidaten txarangaren berri». Gaur egun, bera da, Joaquin Ortega Canario, txaranga sortu zuen kideetako baten atzetik, txarangan urte gehien iraun duen kidea.

Moneoren hitzetan, hasierako urte haietan txarangak zuen funtzionatzeko modua ezin da gaur egun duenarekin alderatu. «Oso informala zen dena. Ez genuen ia entsegurik egiten, eta emanaldiak izaten ziren entseguak».

Incansables txarangako kideak, 2019an, Usurbilen.

Gerora, 2007an sartu zen Josu Sanchez Santxorro, bonbardinoarekin. Honek ere ez du ahazten lehen une hura. Kabi Alai elkartean afaltzera gonbidatu zuten orduko txarangako kideek. «Webgune bat diseinatzea proposatuko zidatela uste nuen, baina berehala ezeztatu ziren nire aurreikuspenak. Partituraz jositako karpeta hartu, eta orduak eta orduak sartzen hasi nintzen etxean», aitortzen du.

Hasiera ezberdina izan zuen Mikel Zelaia Mirrik, 2016an. «Txindatak jotzeko deitu ninduten, baina baja batzuk medio, tronboiarekin hasi nintzen». Urte berean batu zen Igor Agirre Topi, bonboa jotzera.

8 kide berri, azken 14 urtetan

50. urteurrena bete badu ere, adinean irabazi egin du txarangak. Gaur egun, aspaldian izan duen talderik gazteena du Incansablesek; izan ere, Santxorro, Mirri eta Topi gehitzeaz gain, 2007az geroztik, bost kide berri ere batu dira txarangara, guztiak ere, gazteak. «Geroz eta txaranga profesionalagoa da; urtetik urtera handiagoa da maila», aitortzen du Moneok. «Kalitatea ere oso handia da, eta beraz, txarangara kide berriak batzerakoan ere, kontuan izan behar da zein maila duen. Bestela, gerta daiteke egin beharreko jauzia handiegia izatea, eta horrekin batera, integratze prozesua luzeegia izatea», gaineratzen du Topik.

Santxorroren ustez, profesionalizatze prozesu horrek ere eragina izan du aldaketa horiek gertatzeko garaian. «Askoren ustez afizioa izan daitekeena, konpromiso handia eskatzen duen ofizioa da guretzat. Ordu ugari eskaini behar zaizkio, batez ere, udan, eta beraz, musikari batzuek duten lanpostuaren arabera ere, ez da harritzekoa taldea uzteko erabakia hartzea. Eta ez lanagatik bakarrik, badira bestelako mila arrazoi ere: osasuna, familia, norbera eroso sentitzea…».

Bestetik, aldaketa gehiegi egiteak, txarangak duen berezko soinua ere aldatzen duela nabarmentzen du Moneok. «Txaranga batek, musikari ezberdinekin disko bat grabatu, eta gero kalean, beste musikari batzuekin joz gero, berehala nabaritzen da zein den txaranga horrek duen benetako sonoritatea. Gure kasuan, beti saiatzen gara diskoak grabatzen dituen talde bera izan dadila kalean ariko dena. Hori ere bada Incansablesen ezaugarri bereizgarrietako bat».

Balio anitzeko artistak

Txarangari aurpegi berriak gehitzeak, errepertorioan ere eragina izan duela aitortzen du Santxorrok. «Moldaketa berriak egin dira, eta kalean aurkitu ohi dugun publikoak, eta duten giroak ere, zerbait gehiago eskatzen dutela sentitzen dugu».

Hain justu, Canario aritu izan da partitura berriak egiten; oraindik ere hala dabil hernaniarra. Baina topatu ditu lan horretan erreleboa hartuko dioten bi musikari: Topi eta Mirri. «Incansablesek beti izan du sonoritate jakin bat. Moldaketei esker, hori mantentzen saiatzen gara», dio Mirrik. «Errepertorioan ditugun hutsuneen arabera egiten ditugu estilo bateko zein besteko kantuen moldaketak», gaineratzen du.

Topiren ustez, moldaketek ez dute sekreturik, «ez delako orkestra bat, eta bederatzi edo hamar instrumenturentzako egiten ditugulako; ez du gehiagorako ematen». Trikimailu bat ere badu: «Kantu bat moldatzen dugunean, txarangako musikari bakoitzak duen ahalmenera egokitzen dugu, eta ez lortu nahiko genukeen sonoritatera edo ideala den horretara».

Errepertoriora kantu berriak gehitzeak tendentziekin zerikusia duen ala ez galdetuta, honakoa dio Topik: «Behin uda amaitzen denean hasten gara gure beharrak aztertzen. Txarangako kideen sentsazioek ere balio handia dute. Baina, batez ere, publikoarengan positiboki eta negatiboki zein estilo edo kantuk eragin duten aztertzen saiatzen gara. Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez». Batzuetan, zaletasunak ere albo batera utzi behar izaten direla gaineratzen du Mirrik. «Kantu hau polita da edo oso gustuko dut. Ados, baina txarangarekin jotzeko molda daiteke? Hori izaten da lehen buruhaustea».

Instrumentu bat jotzearekin nahikoa ez

Mirrik eta Topik, gainera, badute berezitasun edo abilezia bat. Instrumentu bat baino gehiago jotzeko gai dira. «Ondo etortzen da askotan. Batez ere, perkusioko instrumentuak jotzen dituztenek, beste instrumentu bat ere jotzen jakin dezaten saiatzen gara, bakarren batek huts egiten duenean ere, dugun bederatziko talde finkoak aldaketa handirik izan ez dezan».

Aniztasunarena ez dela gaur egungo kontua gaineratzen du Moneok. «Beti saiatu gara horretan. Txarangatik igaro diren musikari asko, oso ondo moldatzen ziren instrumentu bat baino gehiagorekin». Gaur egun, ordea, Incansableseko kideek diotenez, hori ez da txarangan sartzeko baldintzetako bat.

40 egun jarraian jotzen

Edozein musika talderentzat, urtarorik oparoena izan ohi da udara; orduan ospatzen dira festa gehienak. Incansables txarangan ere hala izaten da, edo izaten zen behintzat, 2020ko martxoan COVID-19aren pandemiak guztia hankaz gora jarri zuen arte. «Iaz, emanaldi oso gutxi egin genituen martxoaz geroztik, bakar batzuk besterik ez, leku finkoetan, geldirik geundela joz».

Bestela, ohiko egoeran, urte berean, gutxi gorabehera 80 emanaldi ezberdinetan jotzen dutela diote. Moneok azpimarratzen duenez, puntu horretan lasaitu egin da txaranga. «Izan dira 100 saiotik gora egin ditugun urteak. Urte batean, 120 data ezberdinetan jo genuen, tartean, 40 egunez aritu ginen jarraian jotzen, atsedenik gabe».

Kalera atera aurretik, baina, beharrezkoa izaten da prestakuntza egoki bat. Entseguen bitartez lortzen da hori. 1981az geroztik, neguan, astean behin biltzen dira txarangako kideak. Uda amaitzean, atsedenaldi txiki bat hartu, eta udazkenean prestatutako moldaketa berriak gainbegiratzeko unea izaten da.

Lau furgoneta eta toreatzaile herrena

Leku batetik bestera mugitzeko, gainera, furgoneta bat erabili izan dute. «Oso modu erosoa da kide guztiok eta gure instrumentuak garraiatzeko; kontuan izan behar da, gainera, kilometro ugari egiten ditugula», aipatzen dute. «Orain arte lau furgoneta ezberdin izan ditugu. Ederki oroitzen naiz batekin; lotarako ohatzeak eta kartekin jolasteko mahaia zituen. Txarangaren historiaren parte garrantzitsu izan dira, zalantzarik gabe», gaineratzen du Moneok. Azken furgonetak, ordea, iazko San Sebastian egunean egin zuen bere azken zerbitzua. «50 urteetara iritsi ginenean, «akabo!» esan zuen», dio txantxetan Topik.

Incansables txaranga, Iruñeko San Fermin festetan. INCANSABLES TXARANGA

50 urtetan, noski, denetik bizitzea egokitu zaie Incansables txarangako kide ohi eta berriei. Hala ere, Moneok gogoan du sekula ahaztuko ez duen pasadizo bat. «Tafallan geunden, herriaren urteurren festan, zezenketa batean jotzen. Ohorezko itzulia ematen ari zen toreatzailea, publikotik zapiak eta loreak botatzen zizkioten bitartean. Bada, txarangan bonboa jotzen zuenak, bazuen zezenetarako zaletasuna, eta berak ere eskertze modura, zerbait jaurti nahi zion toreatzaileari. Hala, bonboaren mazoa hartu eta hondarretara jaurti zuen, nahigabe, toreatzaileari hankan jo ziolarik. Halako batean, toreatzailea herrenka zihoala ikusi genuen», kontatzen du barre algara artean.

 

50 URTEZ INCANSABLES DISKO-LIBURUA

 

1. El Zapa. Kalejira edo martxa, atentatuz hil zuten Zapari, txarangako kide eta lagunari eskainia.

2. Leitzako herriari. 1995ean, musikaz eskertu zioten Leitza herriari, 25 urte bertan jotzen bete zituztenean.

3. 30 años. Korrido mexikar hau 2000. urtean idatzi zuen Canariok, txarangaren 30. urteurrena zela eta.

4. Zapatan Rapsody Op. 40. 2010. urtean, beste urteurren bat. Bals mexikar moduan eta izenburuan zein zati musikal batzuetan agerikoa denez, jende askok maite zuen Zapari aipamen txikia berriz ere.

5. Txomin 18-01-1946. Txomin Castro Sietemesino txarangako kide ohi billabonatarrari 2003an eskainitako habanera, zendu zen urtean idatzia.

6. Dulce condena de oro. Jose Francisco Esnaola Paotxa txarangako sortzaileetako bati, 2015ean eskainia, bere urrezko ezteiengatik.

7. Musika, Lander. Ainara Ortegak 2017an idatzitako bals perutarra, 26 urterekin zendu zen Lander Arriola bere bikote eta txarangako kide ohiaren omenez.

8. Orbagur 50. Baltsaren neurrian egindako martxa, txarangaren 50. urteurrenean idatzitakoa. Izenburuan Ortega eta Barrenetxea abizenak eta 'agur' hitza ageri dira. «Ez dut uste nire aldetik azalpen askorik behar duenik. Txaranga aurrera doa...», dio Canariok.

9. Los Incansables. 80. hamarkadan idatzitako kalejira, txarangaren izena daramana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!