Tolosako Udaltzaingoaren egoitzan sartu dira bart

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 29a, 09:04
Udaltzaingoaren aldageletara sartu eta txikizioak eragin dituzte. Iturria: sare sozialak

Bart Tolosako Udaltzaingoaren egoitzan sartu dira eta bertan ez ezik, Kzgunean eta Aitzol euskaltegian ere hainbat txikizio eta lapurreta egin dituzte. Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Anoeta eta Tolosan, eta gertaera ikertzen ari da. Izan ere, Tolosan atzo izandako beste hainbat gertaerarekin zerikusia dutela uste du Segurtasun sailak. 

Tolosako Udaltzaingoaren egoitzan sartu dira bart eta hainbat lapurreta eta txikizio egin. Rondilla kaleko Musika Eskolaren eraikinean hainbat zerbitzu ematen dira eta bertan dira ere Udaltzaingoaren egoitza, Kzgunea eta Aitzol euskaltegia. Antza lau lagun sartu dira eta beheko solairua txikitu dute, baita Udaltzaingoaren aldagelak eta bertan zeuden armairuak ere. Bertan zegoen materiala ere lapurtu dute, tartean defentsak, linternak eta spray-ak. Su alarmak jo du eta orduan egin dute ihes. 

Ertzaintza jada gertaera ikertzen ari da eta Tolosako udaltzainak lapurtutakoaren eta txikitutakoaren inbentarioa egiten ari dira, salaketa jarri ahal izateko. Tolosako Udalak esan du eraikineko segurtasun sistema aztertzen ari direla jada, zerk huts egin duen ikusi eta hobetu ahal izateko.

Bi atxiloketa

Segurtasun sailak baieztatu duenez, 21 eta 22 urteko bi pertsona atxilotu zituen bart, indarrez eginiko lapurreta egotzita, eta beste bi pertsonak ihes egigea lortu zuten.

Talde horrek atzo 19:45etik 01:45ak bitartean Tolosan izandako hainbat gertaerarekin zerikusia duela uste du Ertzaintzak. 19:45ak inguruan izan zuten lehen gertakariaren berri; Tolosako Udaltzaingoak eman zien Nafarroa kaleko gozoki denda bateko liskarraren berri. Antza lau pertsonak liskarra izan zuten jabeekin eta langileetako bat lurrera bota zuten. Beranduago Ertzaintzak jakin zuen hiru pertsona zeudela itxita zegoen Tolosako ile-apaindegi batean. Pertsona horiek beltzez jantzita zeuden eta aurpegia 'buff' batekin estalita zuten. Bertaratzean ikusi ahal izan zuten ile-apaindegira sartzeko beirate bat hautsi zutela eta ondorioztatu zuten sartu zirenetako bat kristalarekin moztu zela, odol asko zeogelako.  

Tolosako apeaderotik jaso zuten dei bat ere, izan ere, tren geltokiko segurtasuneko bi langile erasotuak izan ziren. Antza hiru pertsona izan ziren erasotzaileak eta trenbidetik oinez iritsi ziren apeaderora. Ertzaintzak esan du ile-apaindegiko eta apeaderoko pertsonen deskribapenek bat egiten dutela. 

Tolosako musika eskolako alarma joka zegoela esateko deitu zuen bizilagun batek Ertzaintzara 11:45ak inguru. Eraikineko leiho bat hautsi zutela eta barrura sartuta hainbat objektu lurretik botata topatu zituztela esan du Segurtasun sailak. 

Horiek gutxi ez, eta 01:40ak inguruan Tolosako aterpetxetik jaso zuen Ertzaintzak abisua. Lau pertsona bertan bueltaka zebiltzala eta behar bada lapurtzeko asmoa zutela esan zieten. Bertaratzean aterpetxetik korrika ateratzen ari zen pertsona bat ikusi zuen Ertzaintzak. Sarrera eta leiho bat irekitzen saiatu zirela ikusi ahal izan zuten eta barrura sartzerakoan objektu ugari aurkitu zituzten lurretik botata. Pertsona hori atxilotu zuten orduan.

Atxilotutako bigarren pertsona Anoetako industrialdean atxilotu zuten. Deia jaso zuten odoletan zegoen pertsona bat zegoela esanaz eta Ertzaintzak esan duenez, bertaratzean ikusi ahal izan zuten Tolosako Nafarroa etorbideko gozoki dendako erasoaren deskribapenarekin bat egiten zuela eta Tolosako Udalatzaingoan izandako lapurreta eta txikizioekin zerikusia izan zezakeela. 

Ikerketarekin jarraitzen dutela eta beste bi pertsonak aurkitu nahian dabiltzala gehitu du Segurtasun sailak. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!