Koronabirusa

Tolosan txertoa hartu duten bi kargudunekin gauzak “egoki” egin direla esan du Sagarduik

Ataria 2021ko urt. 28a, 16:07

Tolosako osasun zentroetako baten irudia.

Txertoen auziak hautsak harrotzen jarraitzen du. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azalpenak eman behar izan zituen atzo, eta Tolosako bi kasuren berri eman zuen. ATARIA Asuncion klinikako eta Iurreamendi zein Uzturre zentroetako arduradunekin jarri da harremanetan, eta bertan txertoa egoki eman dutela esan dute.

Bizkaiko Santa Marinako eta Basurtuko erietxeetan txertatze prozesuan izandako irregulartasunen inguruko azalpenak eman zituen atzo, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Osasun Batzordean eginiko agerraldian. Aitortu zuen "deskoordinazioa" egon zela Santa Marinako txertatze prozesuan: "Arduradun sentitzen gara deskoordinazioagatik; ni neu lehena". Agerraldian Tolosako bi kasuren berri ere eman zuen. Tolosako bi kasu horietan gauzak egoki egin direla erantsi zuen; bi dosi geratu ziren emateke, eta, horiek bota aurretik, langileei eskaini zizkieten. Igandea izanik, gerentea eta kudeaketa unitateko burua zeuden bertan eta haiek jaso zuten. Horrekin batera, gaur bertan dimisioa eman duten Debabarrenako bi karguren berri eman zuen eta esan zuen, prebentzio zerbitzuek baieztatu dutela bi karguek asistentzia lanak ere egiten dituztela, eta, beraz, horiek ere txertatu behar zituztela.

Bada TOLOSALDEKO ATARIA-k xehetasun gehiago eskatu dizkio Osasun sailari eta Tolosako bi txertaketa horiek non eta zein karguk hartu dituzten zehazteko eskatu. Baina informazio gehiagorik ez dutela emango esan du. ATARIA-k txertoa jaso duten Iurreamendi eta Uzturre zentroekin hitz egin du ere, eta bertan egoiliar eta langileek txertoa jaso dutela eta protokoloak jarraituz egin dela esan dute. Asuncion klinikako arduradunek esan diote bertan ez dutela txertaketarik izan. Tolosaldeko ESIko zuzendaritzarekin hitz egiten ere saiatu da ATARIA, baina momentuz ez du erantzunik jaso. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!