Puntuak lortzeko aurkarien kontrako partidak, hastear

Imanol Garcia Landa 2021ko urt. 28a, 19:59

Tolosa eta Real Sociedad C taldearen arteko partida, Berazubin. AGERREMEDIA.COM

Tolosa CF-ko Hirugarren Mailako taldeak azken hiru partidak galdu ditu, baina hain indartsuak ez diren taldeen aurka jokatzea falta zaie

Ligaren lehen fasearen bigarren itzulian sartuta dago dagoeneko futboleko Tolosa CF-ren Hirugarren Mailako taldea. Azken hiru partidak galdu egin ditu, baina iragan asteburuan Real Sociedad C taldearen aurka galdutako norgehiagokak eragin die taldekideei min gehien. Azken hiru aurkariak ligaren lehen postuetan daude, eta hemendik aurrera, ahal diren puntu guztiak lortzen saiatuko da Tolosa, hain aurkari indartsuak ez diren taldeen aurka.

Larunbatean jokatu zuen Berazubin Realaren aurkako partida, eta haserre zegoen Mikel Arruabarrena entrenatzailea, epaileak partidaren bukaeran hartu zituen erabakiengatik. «Ahazteko partida bat izan zen nola bukatu zen ikusita. Taldeak eman zuen irudia eta egin zuen partida oso onak izan ziren, baina azken unean epaileak adierazi zituen jokaldi batzuk partida galarazi ziguten. Ez da aitzakiarik bilatu behar, baina hogei urte daramatzat futbolean eta inoiz ez nuen horrelakorik ikusi», esan du Arruabarrenak.

89. minutuan partida irabazita zutela dio Tolosako entrenatzaileak, eta 95. minutuan galdu zuten, 2-3koarekin. «2-1 irabazten ari ginela, 89. minutuan gure jokalari bat aurkako atezainaren aurrean bakarrik geratu zen, eta inork ikusi ez zuen falta bat adierazi zuen epaileak, beste jokalari bati egotzi ziona», zehaztu du Arruabarrenak. Hurrengo jokaldian penaltia adierazi zieten Tolosakoei. «Irudietan ikusten da oso garbi baloia jotzen duela. Horrez gain, penaltiko jokaldikoa ez den gure jokalari bati bigarren txartel horia ateratzen dio», gaineratu du Arruabarrenak. «Orain ezin da ezer egin eta aurrera begiratu behar da». Etxeko partidak Tolosa CF-ren Youtubeko kanaletik ematen ari dira, eta hor ikusi ahal izan zituen irudiak entrenatzaileak.

Asteburu honetan atsedenaldia dute, eta hori aprobetxatu nahi dute buru aldetik ere atseden hartu eta hurrengo partidari gogoz ekiteko. Tolosaren multzoan hamaika talde dira, eta urdinak zazpigarren postuan daude, 16 punturekin. «Taldea oso denboraldi ona egiten ari da. Egia da azken hiru partidak galdu egin ditugula, baina partida guztiak lehiatzen ari gara. Partida askotan aurkariak baino hobe egon gara, baina pixka bat asmatzea falta zaigu», esan du Arruabarrenak. «Jokalarien jarrerarekin eta lanarekin oso kontentu gaude».

Egokitu zaien multzoan oso talde indartsuak daudela gaineratu du entrenatzaileak: «Urgatzirekin batera, jokalariei ordaintzen ez zaien bakarrak gara». Bigarren itzulian hiru aurrenekoekin jokatu eta gero, orain puntuak eskuratzeko aukera gehiago izango dituzte, eta horri eutsi nahi diote. Izan ere, ligaren lehen fase honetan, azken bost postuetan geratzen diren taldeak maila mantentzeko fasean lehiatuko dira, eta talde bakoitzak beste multzoko azken bostekin bina partida jokatuko ditu. Oraingoz hartu diren erabakien arabera, hamar talde horietatik azken sei postuetan geratzen direnak mailaz jaitsiko dira.

Lehen fasean lortutako puntuek zein bigarrengoan lortutakoek balioko dute azken sailkapena osatzeko. «Lehen fasean azken bost taldeen artean ez bagara geratzen, guretzat ikaragarria izango litzateke. Oso zaila da hori lortzea, baina horretan saiatuko gara», adierazi du Arruabarrenak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!