ELKARRIZKETA

«Herri batean egoteak ematen dizun abantaila da banakako harremana askoz handiagoa dela»

Imanol Garcia Landa 2021ko urt. 30a, 07:58
Maria Longarte Ulazia, Segurako notariotzan. GOIERRIKO HITZA

Hilabete gutxi daramatza Segurako notario moduan lanean Maria Longarte Ulaziak. Bere lanbidean gehien betetzen diona bezeroak bulegotik «lasai joatea» da, «testu juridiko konplexu baten inguruan eman diezun azalpenaren ondoren». Gustura dago notariotzaren munduan hasi duen bidearekin.

2019 bukaeran egin zituen azterketak Granadan (Espainia), eta aurreko urtean jaso zuen notario izendapena Maria Longarte Ulaziak (Tolosa, 1989). Segurako notarioaren postua aukeratu ahal izan zuen, eta bertan dihardu lanean pasa den urritik.

Zer moduz doa orain arte Segurako notarioa izatearen esperientzia?

Momentuz oso ondo. Azkenean abentura potolo eta zirraragarria da, eta kontentu nago.

Gipuzkoan, Segura da 1.500 biztanle baino gutxiago izanda notariotza duen herri bakarra. 

Historikoki herri bezala izan duen garrantziarengatik mantendu da notariotza bertan. XIV. eta XV. mendetik, Segurako herria puntu estrategiko bezala kokatu zen Gipuzkoan, eta hamabost bat eskribau izatera iritsi zen bere garaian. Beraz, historian izandako garrantzia horregatik mantentzen dute notariotza.

Berez non daude egun notariotzak, zer herri motatan? 

Espainiatik datorren agindu bat da eta beraien balorazioaren arabera egindako kokalekuak dira. Adibidez, Tolosaldean, Tolosan bertan daude bakarrik, guztira hiru. Villabonak ez du eta Andoainera arte ez dago. Goierri aldera joanez gero, Beasainen, Ordizian eta Seguran daude.

Eta nola funtzionatzen du? Hau da, notario bat behar duzunean nahitaez zehatz batengana joan behar duzu, edo aukeratu dezakezu?

Funtzionarioak gara, alde batetik zerbitzu publiko bat eskaintzen dugulako, zehazki segurtasun juridikoarena. Bestalde, profesio liberal moduan funtzionatzen dugu. Notarioaren aukeraketa, espediente zehatz batzuk kenduta, librea da. Norberak erabaki dezake zer notariora joan. Beraz, edozein joan daiteke bai Segurara edo berak konfiantza duen notario batengana.

«Jendeak asko eskertzen du bere gauza garrantzitsuak bere hizkuntzan kontatzea»

Zer espedienteengatik joan behar zara notario jakin batengana?

Adibidez, ezkontzen kasuan. Baita ere testamenturik egin gabe norbait hil denean, oinordekoak zein diren deklaratzen duen akta egiteko; horrelako espedienteen kasuan.

Zer lan izaten dira zuk nagusiki egiten dituzunak?

Lau arlo nagusitan egiten dugu lan. Batetik, salerosketak: hipoteka maileguen baldintzak zehaztea, eta horrelako operazioak. Bigarren bloke nagusi bat da, herentziekin lotuta, testamentuen gaia: aholkularitza ematea eta herentziak tramitatzea, batez ere partikularrekin. Hirugarren alor nagusia, enpresei bideratuta dago: azkenean enpresen mugimendu asko merkataritza erregistroan erregistratu beharra dago, eta horretarako dokumentu publikoak behar dira; enpresetan administratzaile aldaketak, estatutu aldaketak, batzordeetako akta berezi batzuk, enpresen sorkuntzak, disoluzioak eta likidazioak merkataritza erregistroan inskribatu behar direnez, notariotik pasa behar dute. Laugarrena da goi mailako aholkularitza juridikoa, bereziki behar gehien duten pertsonei bideratutako aholkularitza: ezindu baten gurasoek, babestu nahi duten patrimonio bat nola kudeatu; pertsona heldu bat ezintasun maila batera iristen denean nola eman boterea bere seme-alabei eta abar.

Bezeroak aukeratzen duen kasuetarako, Segura bezalako herri batean egotea kalterako da?

Bere alde onak eta txarrak ditu. Hiri batean egotean daukazun balizko biztanleria handiagoa da. Herri batean egoteak ematen dizun abantaila da banakako harremana askoz handiagoa dela. Orduan, jendea oso gustura dago hona etortzen denean, bere arreta oso pertsonalizatua delako. Denbora gehiago dugu jendearekin egoteko. Aldi berean, Goierri bezalako eskualde batean euskaraz dakien notario bat izateak jende askok baloratzen du. Ez dago biztanle dentsitate handiko zona batean izatearen abantaila hori, baina jendea oso gustura dago harreman pertsonalizatu horrekin. Segurak 1.500 biztanle ditu, baina inguruko herrikoek hona etortzeko ohitura dute, eta hor bai daukagula biztanle potentzial nahiko majoa.

Oposizioak egin behar izan zenituen postua lortzeko, ezta?

Bai. Estatu mailako oposizioak dira, eta zuzenbidean lizentziatua izatea da sartzeko baldintza bakarra. Oposizio oso gogorrak dira: hainbat azterketa pasa behar dira, tartean ahozkoak.

Urte asko behar izaten dira oposizio horiek prestatzeko, baina zuk bi urtean lortu duzu. Marka moduko bat izango da...

Ez dut ingurukoekin alderatu, baina bataz besteko denbora oposizio horiek gainditzeko zazpi urtean dago, gaur egun. Bi urte oso denbora gutxi da bataz besteko horrekin alderatuta, baina ez dago sekretu handirik. Dedikazioa erabatekoa izan da, eta ez dut esango eguneko 24 orduak erabili ditudanik, lo egiteko noski denbora behar nuelako, baina ordu luzez ikasi behar da. Zure ingurukoen baldintzarik gabeko babesa izan behar duzu, bestela ezinezkoa da; bide batez, familiari eskerrak emateko aprobetxatu nahi dut honako elkarrizketa. Horrez gain, prestatzaileen lana hartu behar da kontuan. Kiroletan gertatzen den moduan, oposizio batean prestatzaile batek ere lan handia egiten du.

Zuzenbidea ikasi zenuenean notario izatea zenuen helburu?

Ez, egia esan bizitzak bide ezberdinetatik eraman nau. Hasieran enpresen lizentziatura ikasi nuen, eta zuzenbiderako gogoa geratu zitzaidan. Bai ikasten dela zuzenbide zibila eta merkataritzako zerbait ekonomia arloan, baina gabezi bat ikusi nuen hurrengo urteetan. Eta behar horri tiraka, zuzenbidea ikasi nuen; ondoren jakin nuen oposizio eta notarioen funtzionamenduari buruz, eta orduan erabaki nuen notario izatea. Ez nuen txikitatik notario izateko nahia, edo ez dut familian horrelako kasurik; azkenean, esan bezala, bizitzak eraman nau lanbide honetara.

Maria Longarte Ulazia, notario kargua hartu zuenean, iaz, Bilbon, Euskal Herriko Notarioen Elkargoan. MIGUEL SAN CRISTOBAL

Eta nolatan aukeratu ahal izan zenuen Segurako notariotza?

Oposizio guztietan gertatzen den moduan, zerrenda bat ateratzen da hutsik dauden plazekin, eta notaren arabera aukeratzen joaten zara. Nik zortea izan nuen, argi nuelako etxetik gertu egon nahi nuela. Tolosarra naiz izatez, eta etxera itzuli nahi nuen. Euskal Herrian zegoen plaza bakarrenetarikoa lortu dut; beraz, alde horretatik, oso kontentu.

Behin plaza lortuta, epe jakin baterako izaten da?

Plaza horretan egon naiteke nahi adina. Gero, aukera duzu beste plazaren bat hartzeko, erretiroarengatik edo bertako notarioa lekualdatu egin delako libre geratu bada; berriro ateratzen dira hutsik dauden plazak, eta notarioen artean antzinatasunaren arabera aukeraketak egiten dira.

Zer berezitasun du zuretzat, hain justu, Segurako notariotzak?

Oso kontentu nago bi aldeetatik. Etxetik gertu egoteagatik, batetik. Bestalde, herri txiki batek ematen dizun aukera horregatik, ikasteko denbora eta jendearekiko harremana, asko eskertzen ditut. Oso jende jatorra dago eta oso ondo hasi gara.

Zuk euskaraz jakiteak eskertzen dute bezeroek, lehen aipatu duzunez.

Legeak eskatzen duena da zure bulegoan euskarazko zerbitzua emateko pertsona bat edukitzea. Notarioa ez bada, langile bat izan behar duzu euskaraz dakiena. Horretaz aparte, jendeak bere gauza garrantzitsuak, herentzia kontuak direla, edo testamentuak, edo seme-alaben gorabeherak, bere hizkuntzan esplikatzea eta kontatzea asko eskertzen du. Bestalde, azkeneko hamar urte inguruan ez da izan inor euskaraz zekiena Seguran, eta hori Goierri edota Tolosaldea bezalako eremu batentzat oso garrantzitsua da. Alde horretatik, bai herritarrak eta baita alkatea ere oso kontentu daude. Harrera oso ona egin didate.

Parekidetasuna osasuntsu dago notariotzaren munduan? Aldaketarik izaten ari al da?

Gure promozioan, gainditu genuen artean emakumezko gehiago ginen gizonezkoak baino. Hori gizarte mailan gertatzen ari den joera bat da. Berdintasuna dagoen aldetik, horrelako lanpostuetan gero eta emakume gehiago daude. Egia da gure lanean ez dudala inoiz nabaritu ezberdintasunik emakumezkoa izateagatik: ez dut topatu inor gizonezko bat espero zuenik edo ezberdin tratatu nauenik emakumezkoa izateagatik.

Notarioaren lana seriotasunarekin lotu izan da. Zer du zuretzat erakargarri lanbide honek?

Jendea lasai joatea bulegotik, testu juridiko konplexu baten inguruan eman diozun azalpenaren ondoren. Jendeak sentitzen duenean juridikoki baldintza guztiak betetzen dituela, eta berari bideratutako emaitza eman diozula, orduan hor nago norberaren satisfazioa. Medikuarengana joaten zarenean, zer duzun modu xume batez azaltzen badizu, lasaiago ateratzen zara; medikuntzako terminologia bakarrik erabiliko balu, sendatuta joan zaitezke baina ez dakizu zer gertatzen zaizun. Bi-hiru hilabete hauetan landu dugun puntuetako bat hori izan da: testu juridikoak ondo azaltzea eta garbi erredaktatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!