Mendi Tour Tolosa film laburren lehiaketaren 11. edizioa, martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 27a, 10:59

Otsailaren 18ra arte izango da mendiarekin edota abenturekin zerikusia duten esperientziei buruzko lanak aurkezteko epea. Irabazle nagusiak 600 euro jasoko ditu; eskualdeko lan onenak, berriz, 400 euro.

Mendi Tour Tolosa jaialdia 11. ediziora iritsiko da 2021ean, eta dagoeneko zabalik dago, jaialdiaren barruan urtero antolatzen den film laburren lehiaketara lanak aurkezteko epea. Mendi Film Festival jaialdiko ikus-entzunezko onenek osatzen dute Mendi Film Festival elkarteak, Tolosako Udalak eta Tolosa Gasak sustatzen duten jaialdiko programazioa, baina baita 'Mendi Tour Tolosa' film laburren lehiaketatik irtendako lanek ere.

Arestian aipatu bezala, lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du udalak: otsailaren 18a bitarte aurkeztu daitezke lanak. Film laburrak mendiarekin edota abenturekin zerikusia duten esperientziei buruzkoak izan behar dute. Nahi duen orok har dezake parte eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ditzake. Lanek ezin dute 5 minututik gorako iraupena izan, edozein hizkuntzatan egin daitezke, formatu digitalean, eta originalak, aurretik argitaratugabeak eta saritu gabeak izan behar dute.

Epaimahaia mendia eta ikus-entzunezkoen munduarekin lotura estua duten adituek osatuko dute, eta edizio honetan ere bi sari banatuko dira: 600 euro irabazle nagusiarentzat, eta 400 euro Tolosaldeko lan onenarentzat.

Udate Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Plaza Zaharra 6) aurkeztu daitezke lanak, astelehenetik ostiralera (07:15eatik 14:15era), baita wetransfer bidez ere, kultura@tolosa.eus helbidera idatziz. Informazio gehiago eskuratzeko, www.tolosa.eus webgunera edo kultur etxera jo daiteke: 943 670 383 telefono zenbakira deituz edo kultura@tolosa.eus helbidera idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!