Haurrentzako jolastokiak konpontzen hasi da Tolosako Udala

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 27a, 11:58

Aste honetatik aurrera, 9 parke berritu eta egokituko dira, lehentasun gehien dutenetatik hasita, jolaserako espazio egoki eta seguruak eskaintzeko helburuarekin.

2021ari hainbat mantentze lanekin eman zaio hasiera udalak. Urtarrileko lehen asteetan hainbat asfaltatze lan gauzatu dira eta orain haur jolastokiak konpontzeko txanda heldu da. Atzo ekin zieten lanei, eta hainbat fasetan gauzatuko dira lanak. "Tolosarrei herri atsegin eta zaindua eskaintzea funtsezkoa denez, urteko mantenu lanen plangintza egin dugu aurten ere. Tolosa irisgarriagoa, erabilgarriagoa eta atseginagoa izan dadin herritarrentzat", diote udaletik..

Orotara, 30 jolastoki daude Tolosan. Horien inguruko azterketa egin du udalak, "haur jolastoki bakoitzaren egoera ezagutu eta lehentasunak zehazteko". Lehentasun horiek kontuan izanda, ekintza plana garatu dute eta plan horri jarraiki berrituko dira parkeak.

Lehen fasean 9 haur jolastoki eraberrituko dira: Armeria Plazakoa, Zuloaga auzokoa, Amaiur parkea, Bizkai kalekoa, Agaramundu plazakoa, Alliri auzokoa, Larramendi auzoko parke nagusia, eta auzo bereko 3. eta 7. zenbakiko haur jolastokiak. Kasu batzuetan zorua berrituko da eta besteetan, berriz, orain arte izan dituzten jolasak berriengatik ordezkatuko dira; jolas batzuen kokapena ere aldatuko da. "Jolaserako espazio egoki eta seguruak eskaintzea da helburua".

Aste honetan bertan, Larramendi eta Zuloaga auzoetako jolastokiak birmoldatzen hasi dira, eta datozen egunetan, Amaiur parkeko konponketekin hasi eta bukatzea aurreikusten da. Haur jolastokiak berritzen jarraitzeko bigarren fasea ere 2021ean martxan jartzea aurreikusten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!