Tolosatzen Eskola Irekia emozioei begira

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 26a, 14:25

Tolosatzen Eskola Irekiaren ikasturteko egitaraua osatu du Tolosako Udalak eta emozioak lantzeko saioak antolatu ditu. Helburu jakin batekin egin duela esan du: "herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzea". Egitaraua herritarrekin elkarlanean eta haien parte hartzearekin osatu dutela nabarmendu du.

Tolosako Udalak gobernantza eta partaidetzaren esparruan abiarazitako Tolosatzen proiektuak beste urrats bat eman du. Orain arte hiru lan lerro abiarazi ditu; Tolosatzen aurrekontuak, Tolosatzen Aliantza eta Tolosatzen Eskola Irekia. Gaur aurkeztu dute azken horri lotutako apirilera bitarteko egitaraua. 

Tolosatzen Eskola Irekiak hiru ardatz nagusi dituela gogoratu du Joseba Ormazabal Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotziak: trebakuntza soziala, sendotze soziokomunitarioa eta elkar ezagutza eta herriaren edo Tolosaren eta lurraldearen ezagutza. "Beraz, beste behin, hiru ardatz nagusi horien baitan egituratu da aurten ere urteko programazioa, egungo testuingurua eta beharrak oso kontuan hartuta", esan du. Egitaraua hiru epealditan banatuko dute, otsailetik apirilera, apiriletik ekainera eta irailetik edo urritik abendura. 

Emozioen Gimnasioa

Otsailaren 17tik ekainaren 9ra Emozioen Gimnasioa bezala izendatu duten 8 tailerrez osatutako zikloa eskainiko dute.  Eta hainbat helburu izango ditu, tartean arlo emozionalaren garrantziaz ohartzea, garunaren funtzionamendua ulertzea eta norbere emozioak zein besteen emozioak identifikatzea. Saioak hamabost egunean behin izango dira, 10:30etik 12:30era (gaztelaniaz) eta 17:30etik 19:30era (euskaraz). Gehienez ere 20 pertsonentzako lekua egongo da, eta beraz, parte hartzeko aurrez eman beharko da izena udaletxean. Hauek dira zortzi zikloak:

  • Emozioak buruan eta ibili munduan (otsailak 17 arratsaldez eta otsailak 18 goizez).
  • Bakarkako entrenamendua I (martxoak 3).
  • Bakarkako entrenamendua II (martxoak 17).
  • Taldeko entrenamendua I (apirilak 14).
  • Taldeko entrenamendua II (apirilak 28).
  • Taldeko entrenamendua III (maiatzak 12). 
  • Taldeko entrenamendua IV (maiatzak 26). 
  • Taldeko entrenamendua V (ekainak 9). 

Arrastoan tailer didaktikoa

Otsailaren 18tik 26ra Arrastoan tailer didaktikoa eskainiko diete Tolosako hiru ikastetxeetako LH6ko ikasleei. Arrastoan dokumentalean oinarritutako saio didaktikoa izango da, herria eta lurraldearen ezagutza ardatz duen lan lerroaren baitan. "Laponiarako espedizioa aitzakia, gure herriko historia eta istorioak ezagutarazi eta ekintzailetza eta abentura grina pizteko egitasmoa da".

Zeinu hizkuntza eta Tik-Tok

Eskuaire elkartearen eskutik zeinu hizkuntza eta Tik-Tok sare sozialari buruzko tailerra egingo dute ere gazte topaguneko gazteekin. Gehienez 12 gazterentzat lekua egongo da. Sendotze sozio-komunitarioa ardatzaren barruan emango da eta otsaila inklusioaren hilabetea izanik, gorren errealitatea ezagutarazteko eta zeinu hizkuntzaren mundura gerturatzeko helburua izango du, gorputz adierazpena, dantza eta Tik-Tok uztartuz.

Diru laguntza lerroen aurkezpena

Eskola Irekiaren ikasturteko lehen epealdiko ekintzekin bukatzeko, apirilean, udal sail desberdinek udal diru laguntza lerroak elkarteei aurkezteko saio berezia egingo dute. Herria ezagutzeko lan lerroaren barruan, diru laguntzen alorra herri elkarteei eta eragileei aurkezteko saio edo topaketa berezia izango dela esan du udalak. "Proiektuak nola landu eta aurkeztu ere erakutsiko da eta diru laguntza eskaerak aurkezteko epealdian eskainiko den laguntza zerbitzuaren berri ere emango da". 

Bigarrenez

Joseba Ormazabal zinegotziak azaldu duenez udalaren eta herritarren arteko harremanak estutzeko, komunikazio bideak sendotzeko eta herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak jasotzeko lan egin dute azken urteetan. Eta hor kokatu du Tolosatzen Eskola Irekiaren barruan bigarrenez antolatu dituzten saio hauek. "2017-2027 Tolosako Plangintza Estrategikotik abiatu ginen. Ondoren, Tolosatzen aurrekontu parte hartzaileak jarri genituen martxan, 2019an Tolosatzen Eskola irekia sortu genuen, eta 2020an, herritarren ekarpenekin osatutako Tolosatzen Aliantza garatu genuen, hilabete honetan, urtarrilean, martxan jarri duguna". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!