«Kontatu nahi genuen horrekiko leial izan gara»

Leyre Carrasco 2021ko urt. 29a, 09:30
Ramon Olasagasti. R. CALVO

'Iñurrategi Anaiak - Mendiari Bihotz Emanak' komikia kaleratu berri dute Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok, Sua argitaletxearekin. Bertan, Felix eta Alberto Iñurrategi anaien mendizaletasun ibilbidea bildu nahi izan dute.

Kalean da jada Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok ondutako azken lana: Iñurrategi Anaiak - Mendiari Bihotz Emanak.

Euskal mendizaletasunaren historian aparteko sokada izan da Felix eta Alberto Iñurrategik osatutakoa. Zoritxarrez, Gasherbrum II, hamabigarren zortzimilakoa elkarrekin igo eta gero, beherakoan istripua izan eta hil egin zen Felix. Bere heriotzaren ondoren, Baltistan Fundazioaren eskutik, altuera xumeagoan gailur zailagoak ere bilatu dituzte, Hushe ibarreko baltiarren bizimodua zertxobait duintzea, besteak beste.

Lan berri honetan, errealitatea eta fikzioa uztartu dute Olasagastik eta Llagunok, kirol arloa alde humanitarioarekin nahastuz. Horretarako, Felipe H. Navarro komikigilearen laguntza izan dute ilustrazioak koloreztatzeko, eta Ander Izagirre ere itzultzaile lanetan aritu da gaztelerazko bertsioa sortzeko. Orain ordea, ingelesezko edizioarekin martxan jarri dira, Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileen laguntzarekin.

Noiz eta nola sortu zitzaizuen komiki honekin hasteko ideia?

Komiki hau berez bilduma izan nahi duen eta asmoa duen bigarren kapitulua da. Jabier Baraiazarran, Mendi Film jaialdiko zuzendariak proposatu zigun Cesar Llagunori eta bioi duela hiru urte inguru. Euskal mendizaletasunaren historiako pasarte edo gertaera esanguratsuak komikian jasotzeko. Duela bi urte berriz, Everest, herri oso bat gailurrean lehen komikia kaleratu genuen, eta hura izan zen Martin Zabaletaren espedizioa, euskaldunek lehen aldiz Everest gainera jo zutenean. Iñurrategi anaiena berriz, bigarren kapitulua izan da, eta kapitulu honetan ere Baraiazarra berak egin zigun proposamena. 80. hamarkada ondoren, iruditzen zitzaion Felix eta Alberto Iñurrategik 90. hamarkadatik aurrera, markatutako garaia izan zela nabarmenena eta ni ere bat nator berarekin. Hortaz, Cesar eta biok lanean hasi ginen bigarren lan honekin, eta lan honek pasa den abenduan ikusi du argia.

Gutxi gorabehera, pandemia garaian hasi zineten lanarekin, ezta?

Lehenago hasi ginen, baina hor gertatu zen Cesar master bat egiten aritu zela, eta orduan, berak ezin izan zuen bete-betean hasi ia maiatzera arte. Noizbehinka biltzen ginen, gidoia finkatuta utzi genuen eta zirriborro batzuk ere egin genituen. Baina zirriborro fase horretan geratu ginen maiatzera arte, eta maiatzean bete-betetan hasi ginen biok lanean. Orduan hirugarren lagun bat batu zitzaigun taldera, Felipe H. Navarro, madrildarra, bera ere komikigilea eta koloreztatzen oso trebea. Maiatzaz geroztik, hirurok eskuz esku aritu gara lanean. Gainera, komikia berez euskaraz sortua dago, baina gaztelaniazko itzulpena Ander Izagirrek egin du, eta Izagirrek oso lan polita egin du itzulpena egiterako garaian. Bertan ere nabarmentzekoa da Albertoren presentzia momenturo izan dugula; hau da, lan egiten ari ginen bitartean bera gure ondoan egon da. Hori lan egiteko garaian asko eskertu dugu.

Nola eragin dizue pandemiak tarte horretan?

Ezin izan dugu nahi beste bildu. Itxialdian bakoitzak bere etxetik egin behar zuen lana, telefonoz edo bideo-deiaz hitz egiten genuen, eta alde horretatik lana eusten saiatu gara. Egia esan, ez zigun hainbesteraino eragin. Azkenean, Cesar Bilbon bizi da, ni Tolosan bizi naiz eta urruntasun horrek ere biltzeko nahi aukera ez digu ematen. Beldur gehiago izan genuen Durangoko Azoka edo Mendi Film jaialdia aurrera eramateko aukera egongo ote zen pentsatzean. Azkenean, Mendi Film da argitaratzaileetako bat, eta bertan gure genuela komikia egotea nahi genuen, noski. Beldur gehiago sortzen zigun horrek, lan egiteko moduak berak baino.

Bertan, Felix eta Alberto Iñurrategi anaien ibilbidearen inguruko istorioa kontatzen duzuela aipatu duzu. Zergatik aukeratu zenituzten Iñurrategi anaiak?

Iruditzen zait Felixek eta Albertok 90. hamarkadan, justu oraintxe 30 urte igaro dira, Himalaiara lehen espedizioa egin zutela, eta hasiera-hasieratik mendira egiteko modu bat ekarri zuten. Ahal fisiko izugarria zuten, ahalmen izugarria mendirako, prestakuntza teknikoa ere, eta horri guztiari ordura arte mendian hainbeste egiten ez zena erantsi zioten, hau da, entrenamendua. 

Beraiek profesionaltasun hori mendiko jardunari eman zioten, ez bakarrik prestatzeko garaian, hots, entrenamenduetan, gero menditik bueltan ere, ikus-entzunezkoa prestatzerakoan, adibidez. Orokorrean, arlo guztietan mendia koska bat gorago eraman zuten. Mendi bakoitzean ere, pizgarri bat bilatzen zuten. Lehenengo Pumori izeneko 7.000 metroko mendiarekin hasi ziren, 90. hamarkadan. Hori lortu ostean, zortzimilakoa Makalu. Hori ere txukun lortu zuten. Hurrengoan, Everestera joan ziren eta gainera, oxigeno gabe. Hasieratik garbi izan zuten oxigeno gabe igoko zirela, eta lortu zuten. Hori haientzat mugarri bat izan zen, goi mendiko plazara atera zirelako eta jende zabalaren begiak haiengan iltzatu zituztelako. Beraiek ere espektatiba guzti horiei ongi eutsi zieten, eta beti saiatu izan dira mendiko gauzak txukun egiten.

Nik uste dut gure garaian miresmen bat sortu zutela, mendian egiteko modu horrengatik eta hona etorritakoan proiekzioetan erakusten zutenagatik. Gainera, apaltasuna nabarmenduko nuke, hau da, beraien neurria zaintzen bazekiten. Nazioarteko beste alpinista ospetsuen aldean bazekiten Euskal Herria maila apalagoan jokatzen zuela, ez zuten inoiz beren igoerarik puztu, zegokion maila emanez, eta horregatik, Iñurrrategi anaiek egindakoa nabarmentzeko izan zen.

Istorioa guztiz erreala da edo fikzioarekin jolastu duzue?

Fikzio bat sortu dugu. Hain zuzen, Felix eta Albertoren ibilbideaz aparte eta Felixen istripuaren ostean Baltistan Fundazioak egindako lana jaso nahi genuelako. Iruditzen zait Felixek nolabait Baltistan Fundazioaren espiritu horretan jarraitzen duela, bere presentzia eta indarra hor dagoela.

Izan ere, Felixen heriotza sokada horren apurketa izan zen, bi anaien ibilbide horretan eten izugarri bat izan zen. Baina gero fundazioak pultsu horri eutsi dio eta Felixek bertan jarraitzen du. Beraz, alde hori ere jaso nahi izan genuen, eta hori biltzeko komikian badago pertsonaia bat pisu handia hartzen duena, Xazia izenekoa. Xazia, Baltistan Fundazioko irakasle bat da, fundazioak ematen dituen bekei esker, bere ikasketekin jarraitu ahal izan duena. Zoritxarrez, neska askok eta askok lehen behintzat ez zuten bigarren hezkuntzan jarraitzen etxeko lanetara, soroko lanetara edo nekazaritzara dedikatu behar zutelako. Mutilek aldiz, askok bigarren hezkuntzan jarraitzen zuten.

Beraz, fundazioak egindako lanari esker, hezkuntzan salto handi bat egon da eta beka sistema horren bidez, neska asko beraien ikasketekin jarraitu ahal izan dute. Gaur egun, han bertako Baltistaneko eta baiarako irakasle asko bertakoak dira, eta Xazia horietako bat izan daiteke. Asmatutako pertsonaia da, baina berez, Xazia bezalako irakasleak egon badaude. Han neguan ikasturtea eten egin da hotz handia egiten duelako, eta Xaziak berriz, Winter Camp moduko bat egiten du eta gune horretarako materiala prestatzen du umeei erakusteko Felix eta Alberto nor diren. Fikzio horretan josten goaz, batetik, fundazioak egiten dituen zenbait lan, eta bestetik, Felix eta Albertoren ibilbidea. Ibilbidean noski, ez dago fikziorik.

Baltistan Fundazioaren bitartez, bertan dagoen ikuspegi humanitarioa azpimarratzen saiatu zarete.

Albertoren kezka hori izan zen. Bere apaltasun horretan hori esaten zidan: «Ramon, duela 30 urteko kontu hauek nori interesatzen zaizkio?». Nik esaten nion hura bizi izan genuenoi interesatzen zaigula, eta belaunaldi gazteak ere gauza horien inguruko interesa izan dezakeela. Azkenean, Felixek eta Albertok garai bat markatu zuten eta Albertok mendi giroan itzal handia eta gazte askorentzat erreferentzia izaten jarraitzen du. Beraz, gazte horiek ere beraien ibilbide hori ezagutzea nik uste garrantzitsua dela.

Beste alde batetik, arrazoia ere bazuen duela 30 urteko kontuez gain, Baltistan Fundazioak egiten duen lan humanitario edo solidario hori erakustea garrantzitsua zela. Pintzelada txikiak dira, ez dugu sakon jaso lan hori, baina uste dut bertan adierazten dela boluntarioek egiten duten lana musu-truk, eta zenbatetan duindu den hango jendearen bizimodua; hezkuntza arloan, azpiegituretan eta abar.

Zein izan da istorio hau sortzearen alderdi errazena edo politena?

Errazena informazioa bagenuela. Nik Euskaldunon Egunkarian eta ondoren Berria egunkarian mendiko informazioa jorratzen egin nuen lan urte askotan, 93an hasi nintzen, gutxi gorabehera Iñurrategi anaien zortzimilakoa igotzen saiatu ziren garaian. Beraz, haien ibilbidea oso gertutik jarraitu ahal izan nuen. Informazio hori oso eskura eduki dut beti egunkariko hemerotekan eta nik neuk egindako lanean ere.

Alberto eta Felix oso gertukoak izan ditut; batetik, informazio hori jorratzetik eta bestetik, Alberto gerora ere, elkarrekin izan ginelako kazetari lanak egiten espedizio batean. Informazio iturrien eskuragarritasun horren aldetik lan egitea oso erraza izan da. Politena, jostura ematea izan da. Azken finean, gidoia sortzea lan gozagarriena izan da. Bi alde horiek jostea eta uztartzea, hau da, fikzioa eta Xaziaren pertsonaia sortzea, hori guztia oso polita izan da eta asko gozatu dut.

Eta zailena?

Ni kazetaritza mundutik nator, eta nire idazteko modua oso narratiboa da eta komikia beste hizkuntza bat da. Beraz, esaldiak nahigabe oso luzeak irteten zitzaizkidan. Gainera, bertan agertzen diren bineta batzuk nahiko trinkoak dira. Beraz, neure burua komikiaren hizkuntza horretara errenditzea asko kostatu zait, eta zailena hori egin zait. Uste dut esparru horretan oraindik badudala bide luzea ikasteko, eta hurrengo komiki baterako lagundu didala. Everest. 1980ko euskal espedizioa-tik hona bai egon dela bilakaera bat, zerbait ikasi dugu, eta hemendik hirugarrenera ere espero dut zerbait ikasiko dugula.

'Everest. 1980ko euskal espedizioa' komikia baino luzeagoa geratu da, ezta?

Bai, dezente luzeagoa. Azken batean, hura izan zen azken harria, bi espedizio izan ziren baina bakarra bezala hartu daiteke; 74ko Tximist espedizioa eta 80koa. Ia-ia asmo beraren bi kapitulu izan ziren. Mendi bakarra izan zen, Everest, eta igoera bat. Komiki berri honetan, igoera asko izan dira, ibilbide oso bat kontatu behar genuen, eta Baltistan Fundazioaren lan humanitario hori ere jaso nahi genuen. Azkenean, ezinbestean orrialde askoz gehiago atera dira.

Gustura geratu zarete emaitzarekin?

Bai, esango nuke niretzat ere oso lasaigarria izan dela Alberto bera gustura geratu izana. Lanak bere onespena edo onarpena jaso izan du, eta hori ere aintzat hartzekoa da. Azkenean, berak ere komikiaren barruan bere burua lasai ikusi du; izan ere, beraiek inoiz ez dira izan egiten dutena goratzekoa edo puztekoa. Kontrakoa esango nuke, apaltasun horretan mugitu izan dira beti eta ez genuen lorpenen, mugarrien edo balentrien zerrenda bat egin nahi, baizik eta kontatu nahi genuen beraien egiteko eta izateko modu hori. Alde horretatik, Alberto bera eroso sentitu da komikian, gidoian eta kontaeran eta horrek guri ere lasaitasuna eman digu. Emaitza batzuei gehiago gustatuko zaie, beste batzuei gutxiago, baina kontatu nahi genuen horrekiko leial izan gara.

 

'IÑURRATEGI ANAIAK - MENDIARI BIHOTZ EMANAK'

 

SUA - TXINPARTETAN

Ediciones Especiales bilduma.

104 orrialde. Euskaraz.

2020

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!