Maskararen erabilerak sortzen dituen kalteak ekiditeko tailerra izango dela dio eta ondoren umeekin egiteko ariketak eskainiko ditu. Aforoa mugatua denez izena aurrez eman behar da gurealtzoan@gmail.com helbidera idatziz edo 695 731 982 telefono zenbakira deituz. Komeni da bertara gerturatzen diren guztiek estera edo manta txiki bat eramatea.
Zertan oinarritzen da bihar eskainiko duzun arnasketa tailerra?
Arnasketa ikastaro hau oso praktikoa da. Bere helburua bereziki irakasleek eta gurasoek arnasketa ariketa sinple batzuk ikastea da, gero arnasketa ariketa horiek euren ikasleekin edo seme-alabekin etxean egin ahal izateko.
Zeintzuk dira maskarak sortu ditzakeen kalteak?
Ni horretan ez naiz aditua, eta ez da erraza zehatz-mehatz hori jakitea. Azken finean, bertan aldagai asko daude eta pertsona bakoitzarengan eragina desberdina da. Kontuan hartu behar da bakoitzak duen arnasteko era, pertsona bakoitzak zenbat orduz erabiltzen duen maskara, bakoitzaren estres maila, zenbat ordu egiten duen lo, eta abar. Maskara oztopo fisiko bat da eta umeek eskoletan ordu asko ematen dituzte maskararekin, eta horrek ez die uzten arnasa ondo hartzen. Oxigenazioa gutxitzea eragiten du eta buruko minak bezalako sintomak ere agertu ohi dira horren eraginez. Bestalde, bizitzen ari garen egoera dela eta, gure estres maila, antsietatea, urduritasuna eta beldurra bezalako faktoreak igo egin dira eta arnas ariketa hauek lasaitzen laguntzen dute. Horretarako ere onuragarriak direla uste dut.
Tailerrak hortaz, horretan lagunduko du, arnasketa modu lasaian egiten.
Arnas ariketak beti dira onak, edozein egoeratan. Altzoan Elkarteko guraso batzuk maskararen erabilerak euren seme-alabengan sortu ahal zituen eraginen inguruan jabetu ziren, eta orduan bururatu zitzaigun horren inguruko ikastaro bat antolatzea. Hain zuzen, honen eragina ekiditeko eta nolabait konpentsatzeko. Hortik sortu zen ikastaro honen ideia. Nik aurretik ez nuen ikastaro hau ematen, euren eskakizun zehatzari erantzunez sortu zen. Momentu honetan tailer hau oso positiboa eta beharrezkoa dela uste dut.
Eta zer gehiago egin daiteke maskararen eragozpenei aurre egiteko?
Batetik, umeen kasuan, eskola kanpoko orduetan jenderik ez dagoen tokietara joaten, naturara, eta bertan maskara gabe jolastuz eta arnastuz, eta bestetik, eskola orduetan arnasketa tailerrak eskainiz. Tolosako bi eskolarekin lotu dugu ikastaro hau, zentzu horretan. Eskola orduetan arnasguneak sortzea egokia litzateke ere. Badakit eskola batzuek jada egiten dutela, ez dakidana da zein neurrietan eta nola egingo duten, baina eskola orduetan arnasketa ariketak egiteko tarte batzuk hartzea egokia litzateke. Betiere distantziak mantenduz eta gelatik kanpo bada askoz hobeto. Emozionalitateak ere beti laguntzen du; pozik, zoriontsu eta maitatuak sentitzen garenean hobeto arnasten dugu. Egoera emozionala zaintzeak maskarak sortzen duen kaltea ekiditen laguntzen du.
Umeekin egin ahal izateko ariketak direla adierazi duzu. Zein ariketak egingo dituzue tailerrean?
Arnas ariketa multzo bat da, gutxi gorabehera 15 edo 18 ariketa desberdin egingo dira. Ariketa gehienak Yoga, Taichi, bihotz-koherentzia izena duen beste mugimendu batekoak dira, eta bestelako batzuk ere egingo ditugu. Horiekin guztiekin poltsatxo bat bezala sortu dut, non irakasle eta guraso bakoitzak bere umeen adina, izaera, eta orokorrean, taldeen ezaugarriak kontuan hartu eta horietara moldatuko dituzten. Hainbat arnas ariketa dira, egoera desberdinetan modu errazean egin ahal direnak.