2021eko bide orria aurkeztu du Tolosako EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 25a, 19:49

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko, "tolosarrentzat egokiak diren" neurriak eta proposamenak herritarrekin eta eragileekin elkarlanean lantzeko asmoa azaldu dute.

Orain arteko lan ildoekin jarraituz, pandemiaren ondorio sozio-ekonomikoei aurre egitea izango da Tolosako EH Bilduren helburu nagusia, 2021ean. Bide horretan, udal aurrekontuak osatzeko eta aberasteko saiakerari eutsiko diotela azaldu dute, "beste behin gobernuari akordiorako eskua luzatuta, azken urtean egin bezala".

Iazko ildotik, osasun egoerara egokitzeko eta unean uneko Tolosaren beharrei erantzuteko lanketan jarraituko dutela adierazi du Aitana Amondarainek. Horrez gain, eta oposizioan egonda ere, herritarrekin eta eragileekin bildu, euren beharrak entzun, eta adostutako ideiak udal gobernuari proposatzen jarraituko dutela azaldu du Tolosako EH Bilduko kideak. “Herritarren eskutik lan egiten duen udalgintzan sinisten dugu, eta, hitza emateaz gain, proiektuak tolosarrekin batera identifikatu, landu eta euren beharretara egokitzea da orain arte egindako proposamenen oinarria".

Orain artean, aipatutako ondorioei aurre egiteko, neurri zehatzak proposatu dituztela diote, besteak beste, diru-laguntzak, aholkularitza eta mikrokredituak merkatari, ostalari eta autonomoei, auzoz auzoko formatu txikiko kultur emanaldi eta ekimenak programatzea, lehen sektorea indartzea, pobreziari aurre egitea, auzoetako inbertsioak, bertako bizilagunekin adostuz, etxebizitzaren gaiari erantzun integrala ematea, energia berriztagarriak sustatzea, zaintza nahiz lan eta familia kontziliaziorako diru-laguntzak sortzea, eta berdintasun arloa sendotzea.

2021eko aurrekontuek dituzten murrizketak ezabatu nahi dituztela ere aipatu dute, baita "lehentasunezkoak diren hainbat alor indartu" ere. Era berean, Tolosako Udalak tasa, zerga eta prezio publikoetan kolektibo eta norbanako zaurgarrienei hobariak zabaltzeko eta progresibitatearen printzipioak txertatzeko egindako proposamena lantzea "behar-beharrezkoa" dela uste dute.

Maiatzeko plana oinarri
Pandemiaren bilakaerari erantzuteko ibilbide-orria zehaztuta du EH Bilduk. Aurreko urteko maiatzean aurkeztu zuen ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko plana; babes soziala, tokiko ekonomia, feminismoa, kultura, aisia, kirola, etxebizitza, hezkuntza, migrazioa eta zerbitzuen kontratazio publikorako 40 neurri biltzen zituen. “Udal gobernuari ere aurkeztu genion, baina orain artean ez du aintzat hartu".

Kontuak kontu, oposizioko ordezkariek, aurten ere, bide beretik jarraituko dutela diote. “Ziur gaude bertako neurriak beharrezkoak direla, hortaz, jarrera aldatu eta plana kontuan hartuko dutenaren esperantza dugu. Proposamen bideragarriak, landuak, kontrastatuak eta arrazoituak jarri ditugu mahai gainean. Beste herri askotan martxan jarri dira neurri eta diru-laguntza lerro horietako batzuk, eta eraginkorrak direla ikusi ahal izan da".

Orain arte planteamendu errealistak egin dituztela gaineratu dute. “Badakigu aurrekontu ekonomiko handia duten proposamenak direla. Baina Tolosako Udalak badu likidezia nahikoa altxortegian, eta pandemia egoeran proiektu hauek eta gehiago aurrera eramatea eta herritarren ongizatean inbertitzea, borondate politiko eta lehentasun kontua besterik ez da”.

Aldebakartasuna aurrean
Azken hilabeteetan, egitasmo asko landu eta proposatu dituztela gaineratu dute: Iurreamendi egoitzan zaurgarrienak babesteko plana, merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza sektoreetarako bonuen egitasmoa, indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako laguntza eskatzeko WhatsApp zenbakia zabaltzea, aisialdi espazio gehiago irekitzeko eskaera, oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak, bertako ekoizleen produktuak bideratzeko plangintza, kultur eragileen jarduna bermatzeko aukerak, saltoki handietako higiene eta segurtasun protokoloak zorrozteko neurriak, komun publikoen eskaintza handitzeko eskaera, udal langileei telelana egiteko aukera zabaltzeko eskabidea, zinegotzion soldatak izozteko edota Udalak jasotzen duen Aldundiaren diru funtsa handitzeko neurriak.

Tolosako EH Bildutik, proposamen guzti horiek alboratzea eta bakan batzuk aintzat hartzea egozten diote udal gobernuari. "Gure eskariei erantzunez, azokako ekoizleen espazio publikoaren erabilera tasa %50a murriztu da; kontratazio publikoetan langile finkoen eskaera bikoiztu da; eta diru-laguntzen eranskinean gardentasuna hobetzeko aldaketak egin dira. Baina, egindako proposamen guztien aurrean, esku bateko hatzekin kontatzen dira onartutakoak".

Oposizioko alderdiak azaldu duenez, udal gobernuak ez ditu euren proposamenak onartzen. “Badirudi proposamen zentzudunak eginda ere, EH Bildurenak izateagatik baztertzen direla. Argi dugu elkarlanean pausoak emateko, proposamenean jarri behar dela arreta, eta ez proposamena egin duen talde politikoan. Garrantzitsuena ez da norekin, zertarako baizik, beste hainbat herrietan ikusi dugun bezala". Eibar, Durango edota Irungo udaletako adibideak aipatu ditu Andu Martinez de Rituertok. "Udal horietan, oposizioaren bozka behar ez bazen ere, akordioetara iritsi da EH Bildu, bai EAJ-PNV-rekin, baita PSE-EE-rekin ere".

Oposizioari, oposizioa
COVID-19ak eragindako pandemian zehar, arduraz jokatu eta konfrontazio politikoa eta desberdintasunak alde batera utzi dituela adierazi du Martinez de Rituertok. “Etengabe saiatu gara gure indarrak gobernuari batzen. Horrenbestez, pandemiaren momentu latzenetan ez dugu kritika publikorik egin, udal gobernuaren jarrera eta egiteko erarekin konforme ez egon arren. Hainbat erabaki oker egon dira, baita berandu hartu diren neurriak ere, baina egoeraren larritasunaz jabetuta, kritikak udal barruan egin ditugu, batasun irudia ematea egokiagoa zela uste genuelako".

Oposiziotik "lan arduratsua" egiten ari direla gaineratu du, kritika hutsean geratu beharrean, proposamenak eta planak mahaigainean jarriz. “Milaka tolosarren konfiantza sentitzen dugu gure lanean. Horregatik, ulergaitza zaigu udal gobernuak gure lana begi txarrez ikustea. Proposamen landuak egin ditugu, beste herrietan martxan jarritako neurriak dira asko, errealistak, baina hori gutxiesteko jarrera hartu du udal gobernuak. EH Bilduren proposamenak aztertu eta elkarlanean herritarren interesen alde lan egin beharrean, oposizioari oposizioa egiteko jarrera hartu dute”.

Aipatutako elkarlan eza medio, kritiko agertu dira EH Bilduko ordezkariak, benetako adostasunerako, borondatea eta elkarlana derrigorrezkoak direla aldarrikatuz. "Ez gaude batere ados lan egiteko udal gobernuak duen moduarekin. Are gutxiago informazio asko eta asko hedabide zein sare sozialetatik jasotzen dugun bitartean. Udal politiketan gure alea jarri nahi dugunez, ezinbestekoa da gobernuak gu entzutea. Proposamen egingarriak mahai gainean jartzea da gure egiteko modua".

Azkenik, 2021ean, udal gobernuak jarrera aldatuko duenaren esperantza dute. “Herritarron onerako izango da. Tolosarrekin landutako EH Bilduren proposamenek, gutxienik, entzutea eta seriotasunez aztertzea merezi dute”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!