IKT-ei buruzko zuzeneko hitzaldiak, KZGunearen eskutik

Ataria 2021ko urt. 22a, 10:55

Otsailean zehar, astearteetan eta ostegunetan, zortzi hitzaldi eskainiko dituzte, YouTubeko KZGuneaTIC kanalaren bidez.

Zuzeneko hitzaldiekin jarraitzen dute Tolosako KZGunean. Otsailari dagokionez, YouTubeko KZguneaTIC kanalaren bidez, astearte eta ostegunetan, IKT-ei buruzko hitzaldiak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Zuzeneko emanaldiena eredu berria izango da antolatzaileentzat. Otsailaren 2an izango da lehen saioa; azkena, berriz, hilaren 25ean. 19:00etan hasiko dira zuzeneko emankizun guztiak, eta ordu erdiko iraupena izango dute, gutxi gorabehera.

Lehen astean, otsailaren 2an (euskaraz) eta 4an (gaztelaniaz), 1G, 2G, 3G eta bestelako telefonia mugikorrei buruz ariko dira. Bigarren astean, berriz, ludifikazioaren eta jolasen inguruan mintzatuko dira. Euskaraz egingo dute hilaren 9ko saioa; 11koa, berriz, gaztelaniaz. Hirugarren astean, ‘Google Lens. Zure kamerarekin bilatu’ izeneko hitzaldiak eskainiko dituzte. Kasu honetan ere, asteartekoa (hilak 16), euskaraz, eta ostegunekoa (hilak 18), gaztelaniaz. Laugarren eta azken astean, argazkigintza mugikorreko aholkuak emango dituzte. Euskaraz izango da otsailaren 23ko saioa; 25ekoa, aldiz, gaztelaniaz.

Hitzaldi horiek ikusi eta entzuteko interesa duenak, Interneterako konexioa besterik ez du behar, saiorako sarrera librea izango baita, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hitzaldi guztiak, gainera, grabatuta geratuko dira kanal horretan, zuzenean ikusterik ez dutenek, gerora ere ikusteko aukera izateko. Nahi duen orok www.kzgunea.eus webguneko ‘Zuzeneko hitzaldiak’ izeneko atalean aurki dezake zerbitzuaren nahiz hitzaldien inguruko informazio guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!