ELKARRIZKETA

«Egunez autobusa izaten zen eta gauez hotela»

Irati Saizar Artola 2021ko urt. 24a, 07:59

Munduko txoko ezberdinak bisitatzeko aukera izan du Axun Ugartek (Tolosa, 1945) Nairobitarrarekin. Besteak beste, Kanada, Patagonia, Korsika eta Marokora iritsi da, eta gogoan ditu hamaika anekdota. Irribarre txikiz gogoratu ditu.

Nairobitarra Tolosatik Nairobira abiatu aurretik prestaketa lanetan parte hartu zenuen?

Gogoratzen naiz nola prestatu genuen autobusa. Gortinak eta eserlekuen oihalak josten eta konpontzen aritu ginen. Nairobira abiatu aurretik, gainera, Jakara egin genuen bidaia Nairobitarrean, estreinatu egin genuen; ikusi egin nahi zuten nola funtzionatzen zuen, han probatu egin genuen. Han egin genuen lehen gaua, eta sekulako hotza egin zuen. Negua zen eta izotza egin zigun; esnatzean leiho guztiak izoztuta zeuden. Bidaia hartan autobusak izandako arazoak konpondu eta berehala atera ziren.

«Nairobira abiatu aurretik Jakara egin genuen bidaia Nairobitarrean, probatzeko»

Lehen bidaian hartan parte hartu zenuen?

Lan kontuengatik ezin izan nuen joan, eta inbidia galanta pasa nuen. Joan ez izanaren arantza sartuta geratu zitzaidan, eta erretiroa hartu nuenean beste agentzia batekin egin nuen bidaia Afrika gurutzatuz.

Nairobitarrekin zein leku zapaldu dituzu?

Iraupen ezberdineko bidaiak egin ditut. Luzeenen artean, bat, Kanadara; New Yorketik Vancouverrera egin genuen bidaia. Eta bestea Patagoniara, Santiagotik abiatuta. Gainerakoak txikiagoak egin ditut: Korsikara eta Marokora, esaterako. Bidaia labur horiek Aste Santuan egin izan ditut.

Jendea ezaguna biltzen zineten bidaia haietan?

Denetik, egia esan. Gogoratzen naiz Patagoniara egin genuen bidaia hartan, Zaragozako mutil batzuk etorri zirela, edo baita Madrileko ahizpa batzuk ere. Euskal Herri osotik ere animatzen zen jendea. Bidaia bakoitzean 20 lagun izaten ginen.

Nolakoa zen egunerokoa bidaia haietan?

Antolatzeko oso modu egokia prestatu zuten antolatzaileek. Lau pertsona inguruko taldeak egiten zituzten eta txandaka, talde bakoitza erosketak egiteaz eta janaria prestatzeaz arduratzen zen. Astebetean talde bat zen arduraduna. Gainerakoak jai izaten zuten. Oso ondo moldatzen ginen horrela. Sua egin, mahaiak prestatu... horrelako lanak egin behar izaten genituen.

Talde-lana beharrezkoa izango zen.

Bai, dudarik gabe. Horretan antolatzaileek asko laguntzen zuten; umore ona duen jendea da eta horrek lagundu egiten du. Eta gainera, horrelako bidaia batera zoazenean, pentsatu behar duzu bidaia irekia dela eta elkarrekin denbora luzea igaro behar duzula. Beraz, jendearekin harremanak egiteko zailtasunak dituenak edo pentsatzen duenak zerbait gaizki atera behar duela hobe du etxean geratzea. Ni joan izan naizenetan, zortez, ez zaigu ezer txarrik pasa.

Autobusari dagokionez, ondo prestatuta zegoen?

Oraingo autokarabana baten antolaketa bera zuen, baina handian. Mahaiak zituen eta autobusetako eserlekuak beharrean aulki edo banku modukoak ziren. Bakoitzak azpian bere trasteak uzteko lekua zuen. Gauean, mahaia jaitsi egiten zen eserlekuen parera eta bi lagunentzako ohea bilakatzen zen. Lehen Nairobitarra garai bateko autobus baten parekoa zen, baina ondoren ekarri zutena askoz handiagoa zen, bi pisu zituen. Egunez autobusa izaten zen, eta gauez hotela.

Gauza gehiegirik ezingo zuen eraman bakoitzak, lekua ere mugatua izango zelako.

Motxila bat eramaten genuen, eta egunero erabiltzeko beste motxila txikiago bat ere bai. Beharrezko gauzak soilik eramaten genituen. Bitxikeria moduan gogoratzen dut Madrilgo hiru ahizpa horiek sekulako nezeserra eraman zutela. Hain deigarria ez izateko basura poltsa batean sartu zuten. Lekuz aldatu behar genuen, eta bidaia egiteko guztia jaso behar izaten genuen, tartean, zaborra ateratzen genuen. Han joan ziren haien nezeserrak beste poltsekin batera zakarretara. Izan ere bakoitzak bere eserlekua zuen eta haren azpian zuen bakoitzak bere trasteak uzteko lekua. Azken batean nahikoa gauza pilatzen ziren.

Jende ona topatu duzue bidaietan?

Behin gertatu zitzaigun, Vancouverrera iristen ari ginela Nairobitarra matxuratu zitzaigula. Angel Ortiz eta Alberto Ibaiondok urrun zegoen herri batera joan behar izan zuten pieza batzuen bila eta guk bitartean afaldu genezala esan ziguten. Azken egunak ziren Kanadan eta ez zitzaigun janari askorik geratzen. Bikote bat hurbildu zitzaigun ea zer gertatu zitzaigun galdetzera eta kontatu genienean, esan ziguten supermerkaturen batean janaria erosi eta haien etxera afaltzera joateko. Gogoan dut ostirala zela, eta jendea errepide ertzetik zebilela garagardoa eskuan eta poz-pozik; guztiak geratzen ziren ea laguntza nahi ote genuen galdetzera. Oroitzapen ederrak ditut bidaia hartakoak, aurora borealak ikusteko aukera ere izan genuen, baita animalia ezberdinak ikustekoa ere. Gogoratzen naiz, lehen egunetan hartza ikusi genuela basoan eta denak harrituta geratu ginela.

Hamaika anekdota izango dituzu gordeta bidaia bakoitzetik.

Leku bakoitzean gertatutakoren bat bai, seguru. Orokorrean oso giro ona izaten genuen elkarren artean. Gogoan dut gau batean edo bestean diskoteka jartzen zutela Nairobitarrean, bonbilla gorriak jarrita. Beste pasarte bat ere oroitzen dut, autobusa izotzetan ez aurrera ez atzera geratutakoan nola jarri ginen bidaiari guztiak autobusaren alde batean kontrapisua egiteko, eta bultzaka aritutakoak ere bagara.

Erlazionatuak

Bidaiatzea bizimodu, 40 urtean

Irati Saizar Artola 2021 urt 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!