Ahal den puntu gehien lortzea

Imanol Garcia Landa 2021ko urt. 20a, 11:59
Tolosa CF-ko jokalariak Arratiaren aurkako gol bat ospatzen. AGERREMEDIA.COM

Tolosa CF-ko 1. Maila Nazionaleko taldeak lehen garaipena lortu du etxean, sailkapenean aurkari zuzena den Arratiaren aurka 2-1 irabazita.

Larunbatean iritsi zen Tolosa CF-ko futboleko 1. Maila Nazionaleko taldeak hainbeste espero zuen lehen garaipena etxean. Bederatzigarren jardunaldira arte itxaron behar izan dute, zehazki Berazubin jokatu duten bosgarren partidan: Arratia taldeari 2-1 irabazi zioten. «Arraroa izan da hainbeste aste behar izatea etxean partida bat irabazteko, baina pozik gaude», esan du Imanol Cabero entrenatzaileak.

Partida osotasunean «nahasia» izan zela gaineratu du Caberok: «Argi genuen nola jokatu behar genuen partida hau, kontuan izanik gure zelaia handia dela eta espazioak izango zirela. Ondo hasi zen, azkar hasi ginelako irabazten, eta horrek konfiantza eman zigulako. Gero, jokoaren aldetik saiatu ginen, baina gauzak ez ziren atera, ez genuen lortu gure jokoa egitea». Bigarren gola ere sartu zuten lehen zatian, eta bigarrengoan markagailuari eustea zela asmoa azaldu du Caberok: «Segituan gola sartu ziguten, eta gero igehiago estutu zuten hamar minutu izan zituzten, baina ondoren buelta eman genion eta hortik aurrera partida gurea izan zen. Aukerak izan genituen, dezente gainera, baina ez genuen lortu eta pixka bat sufritzea ere tokatu zitzaigun».

Horrelako partidak aurrera atera behar izaten direla dio entrenatzaileak: «Aurkari zuzena den talde baten aurka hiru puntuak lortzea zen helburua eta horrelaxe egin genuen. Bi taldeak gaude gure multzoan beheko postuetan eta garrantzitsua zen beraiei tartea ateratzea, gure aurretik dauden taldeetatik ez gehiegi urruntzeko».

Arratiaren aurkako partidarekin dagoeneko ligako lehen faseko hamalau partidetatik bederatzi jokatu dituzte Tolosakoek. Ahalik eta puntu gehien lortzea da lehen fase honetako helburua. Izan ere, denboraldi honetan bi multzo daude 1. Maila Nazionalean, bat bederatzi taldekoa eta bestea zortzi taldekoa, eta azken honetan dago Tolosa CF. Lehen fasean, multzo bakoitzeko lehen hiru taldeak sailkatuko dira igoera fasea jokatzeko. Beste 11 taldeek bigarren fase bat jokatuko dute, baina talde bakoitzak bakarrik beste multzokoen aurka jokatuz. Lehen faseko zein bigarren faseko puntuak batu ondoren, 11 horien arteko sailkapeneko azken bost taldeak mailaz jaitsiko dira.

ORAINGOZ, AZKEN BOSGARREN

Lehen fase honetan, Tolosaren asmoa da bere atzetik bi edo hiru talde uztea, gero bigarren fasean beste bi talde atzean uzteko. Azken finean, euren multzoko sailkapena kontuan hartzeaz gain, beste begi bat dute gaur egun ere beste multzoko emaitzetan eta sailkapenean. Orain zazpigarren postuan daude Tolosakoak eta zazpi puntu dituzte. Beren azpitik Arratia dute, puntu bakarrarekin, eta beren gainetik Aurrera de Vitoria, 9 punturekin, eta Oiartzun, 13 punturekin. Beste multzoan, Itaroa, 2 punturekin, eta Logroñes, puntu bakarrarekin daude azken bi postuetan; gorago, Castejon eta Mulier daude, bakoitza 9 punturekin. Hau da, gaur egun, bi multzoak kontuan hartuta, azken bosgarren postuan daude tolosarrak.

Cabero, bere aldetik, baikorra da: «Nire ustez gure multzoa nahiko indartsua da bestearekin alderatuta, eta garrantzitsua izango da bigarren fasera nola iristen garen, eta ea beste multzoko taldeen aurka maila emateko gai garen eta azken bost postu horietatik ateratzeko gai garen».

Jokoaren aldetik, hobeto aritu diren partidetan punturik ez lortzeak amorrua ematen dio Caberori: «Lehen itzulian, San Ignazioren eta Oiartzunen kontra, aurkariek baino joko hobea egin genuen eta ez genuen lortu punturik. Eta, gero, adibidez Añorgaren aurka, ez zen hainbesteko jokoa ikusi, partida talka askotakoa izan zen, eta aurrera ateratzeko gai izan ginen». Denboraldi hasieratik nahi zuten joko aldaketa egin, horrela hasi ziren, eta aurreko denboralditik aldaketa izan dela nabarmendu du Caberok, «baina gauza asko ditugu hobetzeko».

Zoritxarrez aldatu ez zaiena lesioen gaia da. Izaro Goenagak eta Lorena Zumetak belauneko lesio larriak izan zituzten eta ebakuntza egin berri diete. «Emakumezkoen futbolean dirudienez gero eta belauneko lesio gehiago izaten ari dira, eta gure kasuan denboraldiko lehen partidan Izaro galdu genuen. Orain lau-bost aste, harrobitik igo den Lorena lesionatu zen». Ebakuntzak ondo atera direla eta orain berreskuratzea tokatzen zaiela esan du Caberok. Epe luzeko lesioak dira eta aurtengo denboraldian ezingo dute jokatu.

Egun publikorik gabe ari da jokatzen taldea, COVID-19a dela-eta ezarritako neurriengatik, baina aurreko larunbatetik hasita Youtube-ko Tolosa CF-ren kanaletik partidak zuzenean ematen hasi dira. Caberori garrantzitsua iruditzen zaio aukera hori: «Jendeak Berazubira sartu ezin duenez, behintzat modua izatea partida ikusteko. Klubetik esfortzu polita iruditzen zait».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!