Deserrotzeaz, mahaiko eta itzalezko txotxongiloekin

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 20a, 07:58

Alas negras konpainiak, Topic-eko sorkuntza egoitza baliatu du, 'DéraciNés' obra garatzeko; Madrilen aurkeztuko duten arren, Tolosan ere eskainiko dute.

Egoerak guztiz laguntzen ez duen arren, sorkuntza-egoitza modura bere funtzioa betetzen jarraitzen du Topic museoak. Alas negras konpainia izan zen 2020an zerbitzua erabili zuen azken taldea. Daniel Blanderrek eta Elsa Gire Pechayrek sortu zuten konpainia, Buenos Airesen (Argentina), eta 2016an Okzitaniara (Frantzia) joan ziren. Euren ikuskizunak, batez ere, txotxongilo-lanak dira, arte eszeniko ugari bateratzen dituztenak, hala nola, dantza, antzerkia, malabarrak edota maskarak.

Abenduaren 15etik 23ra izan ziren Txotxongiloen Nazioarteko Museoan, DéraciNés izeneko lanaren sorkuntza prozesuan. «Egoitza honetan, batez ere, Avignongo azken etapan jarri genituen eszenak leundu genituen, eta aurrera egin genuen eszena ezberdinen oinarriak egonkortuz», adierazi dute egoitzako parte-hartzaileek.

Mahaiko eta itzalezko txotxongiloen lana da DéraciNés. «Herri autoktonoak deserrotzearen ondorio batzuk erakusten dizkigu istorio honek, batez ere nerabeengan izan dezakeen eragina. Eszenografiaren parte diren mahaiak, obraren espazio eszenikoan eraldatu eta mugitzen dira, dramaturgiaren zerbitzurako. Itzalek pertsonaien subkontzientera, oroitzapenetara eta emozioetara eramango du publikoa», azaltzen dute Argentinako konpainiako kideek.

Joan den hilabetean, Madrilgo Tartana Teatroak antolatutako Pendiente de un Hilo Jaialdiko Sustapen Plataforman parte hartu zuen konpainiak. 2021erako aukeratu zuten DéraciNés ikuskizuna, eta jaialdi horretan estreinatuko da obra. Ikuskizunaren ekoizlea izanik, Topic-en ere antzeztuko dute, nahiz eta oraindik data zehazteko dagoen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!