Koronabirusa

Tolosako Udal Liburutegia itxi dute, garbitzaileetako batek positibo eman ondoren

Ataria 2021eko urtarrilaren 15a

Liburutegiko eraikina ixtea erabaki du udalak, osasun prebentzio arrazoiengatik. Bertako langileek modu telematikoan artatuko dituzte herritarrak datozen egunetan.

Liburutegiko eraikina itxita dago gaur arratsaldetik aurrera, eta ondorengo egunetan. Eraikina garbitzen lan egiten duen pertsona batek positibo eman du Covid-19aren frogan, eta horren aurrean, udalak martxan jarri ditu indarrean dituen prebentzio protokoloak.

Lehen neurria liburutegiko eraikina ixtea izan da, prebentzio modura, erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko. Hala, liburutegiko langileak modu telematikoan arituko dira lanean datozen egunetan, eta telefono edota posta bidez eskainiko zaie zerbitzua herritarrei. Horretarako, 943 697 462 telefonora deitu beharko da, edo liburutegia@tolosa.eus helbidera idatzi. Udalaren webgunetik liburutegiak online eskaintzen dituen zerbitzuak ere erabili ahalko dira: liburu elektronikoak maileguan hartu, edo eLiburutegia eta eFim atarietako eskaintzaz baliatu. 

Egungo osasun larrialdia dela eta, udalak indartu egin ditu udal eraikinetako garbiketa lanak, herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Hala, garbiketa lan sakonak egingo dira liburutegian, eta denbora bat igarota, berriz ere zabaltzeko aukera dagoenean berreskuratuko da aurrez aurreko zerbitzua, berme guztiekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!