Datozen hilabeteetarako argazki tailerra antolatu du kultur etxeak

Ataria 2021eko urtarrilaren 15a

Otsailaren 2an hasi, eta ekainera arte luzatuko da ikastaroa. Aurrez eman behar da izena, edukiera mugatua izango baita, eta parte hartzaile bakoitzak 100 euro ordaindu beharko ditu.

Osasun krisiaren ondorioz bizi dugun egoera islatzeko argazki tailerra antolatu du Tolosako kultur etxeak. Tolosan, koronabirusaren hilabeteetan izenburupean landuko dira argazkigintzaren printzipioak eta partaideen proiektuak, egun bizi dugun egoera eta gizarte-paisaia Tolosaren memorian gordeta geratu dadin.

Otsailaren 2an hasiko da ikastaroa eta ekainera bitarte iraungo du. Iñigo Royo izango da arduraduna eta ideia zehatzak proposatzeaz gain, sortu daitezkeen zalantzen aurrean erantzunak eman eta parte hartzaileak aholkatuko ditu. Partaide bakoitzak proiektu bat edo gehiago pentsatu eta garatu beharko ditu tailerrak irauten duen bitartean. Askatasun osoa egongo da horretarako.

Lehen egunean bilera bat egingo da, tailerraren ezaugarrien berri eman eta ideiak lantzen hasteko. Arduraduna astearteetan eta asteazkenetan egongo da kultur etxean, 18:30eatik 20:45eara, aurrez hitzordua hartua dutenekin aurrez aurreko bilerak egiteko; online egiteko aukera ere egongo da. Gehienez 3 pertsonako bilerak izango dira, zalantzak argitzeko eta egiten ari diren lanei buruz hitz egiteko. Bi edo hiru astez behin, partaide guztiekin egingo da bilera, lortzen ari diren emaitzak berrikusi eta ideia berriak proposatzeko. Tailerra amaitzean, egindako lan zati bat jendaurrean erakutsi ahal izatea da helburua.

Edonork eman dezake izena tailerrean, 943 670 383 telefonora deituz edo kultura@tolosa.eus helbidera mezua idatziz. Parte hartzaile bakoitzak, gainera, 100 euro ordaindu beharko ditu. Gutxienez 10 lagun beharko dira taldea osatzeko, eta gehienez 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!