Ataria Bertso Jaialdia 2021

Berezietan bereziena

Ataria 2021ko urt. 15a, 07:58

Ataria Bertso Jaialdia izango da bihar, 18:00etatik aurrera, Tolosako Leidor aretoan. Ateak 17:30ean zabalduko dira eta ikusleei arretaz jokatzeko eskatu nahi die Ataria-k. Saioa bi orduz luzatzea aurreikusten da.

Urtero izaten da berezia Ataria Bertso Jaialdia. Tolosaldeko Ataria-ko lantaldeak mimo handiz prestatzen du ekitaldia urtero, eskualdeko bertsozaleen gozamenerako. Aurten, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, are bereziagoa izango da jaialdia, baina ahalegina egin da saioa aurrera atera eta segurtasun neurriak betez, urteko saioa 2021ean ere egiteko. Larunbatean izango da eta Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan. Urteroko moduan Amaia Agirrek egingo ditu gai jartzaile lanak.

400 bertsozale

Saioa 18:00etan hasiko da eta ateak 17:30ean zabalduko dira. Aurtengoan sarrera gutxiago atera behar izan dira, 400 guztira, eta guztiak saldu dira jada. Ataria-k herritarren prestutasun eta babesa eskertu nahi du. Sarrerak zenbakituak dira eta bakoitzak ezker-eskuin ez du inor izango. Esan bezala, ateak 17:30ean zabalduko dituzte eta 17:50etarako bakoitza bete tokian eserita egotea komeni da.

SEGURTASUN NEURRIAK ZORROTZ BETE BEHAR DIRA ETA ONDORIOZ, HONAKO BETEBEHARRAK IZANGO DITU IKUSLE BAKOITZAK:

· Leidor aretoaren kanpoan zain daudenek ilara mantendu beharko dute eta pertsonen arteko distantzia errespetatu beharko da.

· Sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira atarian egongo den gelarekin.

· Sartzerakoan Leidor bertako langileak eta Ataria-ko lantaldeko kideak izango dira bertan, bakoitzak nondik sartu behar duen azaltzeko.

· Bakoitzak bere eserlekuan eseri beharko du eta maskara jarrita eduki beharko da saio guztian zehar.

· Saioa amaitutakoan alboko ateetatik atera beharko da, ilaran eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz. Behin saioa bukatuta eta jende pilaketak ekiditeko Leidor atzeko plazetan ez geratzea eskatzen da.

· Arduraz eta lasaitasunez jokatzeko eskatu nahi du Ataria-k.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!