Tolosa CF atletismoko taldeek hirugarren eta laugarren postuak Euskadiko Kopan

Imanol Garcia Landa 2021ko urt. 13a, 11:59

Pista estaliko aurtengo lehen txapelketan, emakumezkoen taldea podiumean sartu da hirugarren postua eginez, eta gizonezkoen taldea laugarren izan da.

Urtea indartsu hasi dute Tolosa CF-ko atletek. Pista Estalian Euskadiko Kopa izan da jokoan aurreko larunbatean Donostian, eta emakumezkoetan podiumera igotzea lortu dute, hirugarren postua lortuz. Iazkoan, bigarren izan ziren Tolosa CF-koak. Gizonezkoek iazkoa baino postu bat gorago egin dute, laugarren bukatuz. Lander Gil atletismo saileko lehendakariak azaldu duenez, «gustura gaude lortutako emaitzekin. Gure helburua emakumezkoetan aurreko urtean egindakoari ahalik eta gehien hurbiltzea zen, eta mutiletan pixka bat hobetzea. Gizonezkoetan iazkoan baino puntu gehiago lortuz postu bat aurrera egin dugu, eta emakumezkoetan, nahiz eta postu bat beherago jaitsi, txapelketa oso interesgarria egin dute, emaitza oso onekin».

Atletismoak badu bere alde indibiduala, atletak ahal duen marka eta emaitza onenak lortzen saiatzen direlako, baina talde izaera ere baduela nabarmendu du Gilek: «Txapelketa batzuk badaude taldeka egiten direnak, eta horren adibide da asteburuan egindakoa. Eta horrek talde giroa ere bultzatzen du, atleta bakoitzak ahal duen emaitza onena lortzen saiatzen delako taldearentzat». Konfinamenduaren ondoren banaka entrenatzen hasi ziren atletak, ordu bereziekin eta talde txikiagotan, eta taldekako txapelketak ondo etortzen direla azaldu du Gilek, «talde sen hori berreskuratzeko».

Aurreko urtea bukatu aurretik, pista estaliko 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zen, eta bertan klubeko lau atleta izan ziren. Berez, martxoan jokatzekoa zen txapelketa hori, baina konfinamendua iritsi zen eta azkenean abenduan egin ahal izan zen. June Sudupek eman zuen ezustekorik handiena, oso entrenamendu gutxirekin joan baitzen Madrilera. Halere, bere maila erakutsi zuen eta 600 metroko proban laugarren izan zen, dominatik eta Gipuzkoako errekorretik oso gertu, 1.37,50ko markarekin.

Manex Civicok ere lasterketa ederra egin zuen, kasu honetan 3.000 metrotan eta bosgarren postu bikaina lortu zuen 9.19ko denborarekin. Ane Martinek ere 3.000 metroak egin zituen eta 10.59ko denborarekin postu bera lortu zuen bosgarren helmugaratuz. Ander Aristik 60 metro hesiak egin zituen, eta nahiz eta bere marka pertsonala hobetu 8,92rekin, ehuneko bakarrarengatik ezin izan zuen finalerako sailkatu.

Meritu handia eman die Gilek lau atleta gazteei: «Txapelketa oso interesgarria da, are gehiago kontuan izanik kadete mailan oso zaila dela Espainiako Txapelketa batera joatea, eta gainera emaitza onak lortzea. Horrez gain, kontuan izan behar da pista estaliko egungo neurriak direla-eta, ez zela nahikoa gutxieneko marka lortzea parte hartzeko txapelketan, proba bakoitzeko marka onenetan egon behar baitzen bertara joateko».

EUSKADIKO MARKA PERTIKAN

Urte bukaerak ere beste hainbat emaitza aipagarri utzi ditu atletismoan. Ander Martinez de Rituertok, esaterako, 18 urtez azpiko pista estaliko Euskadiko errekorra egin du pertikan bi aldiz jarraian. Lehenbizi 4,55 metro jauzia egin zuen, eta egun batzuk geroago bost zentimetrotan hobetu zuen marka, 4,60 metrotan utziz.

Bestalde, abenduaren hasieran, Hodei Caballerok 18 urtez azpiko Gipuzkoako marka egin zuen 10 kilometro martxako proban, 48.50ko denborarekin, Getafen (Espainia) egindako Cerro Buenavista martxa sarian. Tolosa CF-ko bi atleta gazteek beren maila ona erakusten ari dira, eta horren adibide dira azkenaldian lortutako marka horiek. «Atleta bakoitzaren hobekuntza bilatzen da klubean, eta beraien markak hobetzen ari direla ikustea pozgarria da. Gainera horiek Gipuzkoako edo Euskadiko errekor bilakatzen badira, are pozgarriago izaten da. Espero dugu hazkuntza horri jarraipena ematea», azaldu du Gilek.

Pista estaliko denboraldian dago murgilduta Tolosa CF, eta hurrengo txapelketa Euskadikoa izango da, maila absolutukoa. Urtarrileko azken asteburuan izango da hori.

«COVID-19a dela-eta ezarritako neurriengatik, Gipuzkoako Federazioak ezin ditu txapelketak antolatu, baina Euskadikoak bai», zehaztu du Gilek. «Euskadiko Federazioak ere aukera askeko probak antolatuko ditu, eta hilaren 16an mota horretako proba bat izango da».

Bestalde, klubetik nabarmendu dute kirolean orokorrean COVID-19aren kutsatze tasa «oso-oso baxua» dela. «Orain eskola kirola egiten hasi ahalko da berriro, eta albiste ona da hori», esan du Gilek. «Kasu horretan, ez bakarrik kirola egitearen onurarentzako, baita haurraren garapenerako ere. Kirola, orokorrean, oso garrantzitsua da pertsona baten egunerokotasunean. Kirola egiten duen pertsona batek sedentarioa den beste batek baino osasun hobea izaten du, eta horren garrantzia ere nabarmendu nahi dugu».

Urte bukaerak ere aldaketak ekarri ditu Tolosa CF-ko atletismo saileko zuzendaritzan. Josu Gomez zen ordura arte lehendakaria, eta kargua utzi du, Hego Afrikan baitago lanean. Bestalde, Maddi Lillok zuzendari teknikoaren postua ere utzi egin du, kanpora ikastera joan baita. Lander Gilek hartu du lehendakari kargua, eta zuzendaritzan Xabier Artieda eta Aitor Zabala sartu dira, zuzendari teknikoaren lanak egiteko. Aurretik zuzendaritzan zeuden Ivan Gallegok eta Ander Ortizek bertan jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!