ERREPORTAJEA

Garai zailetan itxaropen izpiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 16a, 07:58

2020a ez zen urte gozoa izan kultura sustatzen duten eragileentzat; hala ere, lehengo dinamika berreskuratzen dihardute azken asteetan. Bonberenea gaztetxeak ere jakin du ezohiko egoera gainditzen, ezarritako neurriei, musika jarriz; lau kontzertu iragarri dituzte otsailerako.

Pasa zen 2020ko otsaila. Inauterietako ajeak oraindik gorputzean zituztela, gogotsu ekin nahi zioten udaberriari Tolosako Bonberenea gaztetxeko kideek. Hainbat kontzertu antolatu zituzten martxorako. Baina behin herriko jaiak igaro ondoren, etxeko jarduera ezberdinei martxa hartzen hasiak zirela heldu zen COVID-19a. Mundu osoa hankaz gora jarri zuen pandemiaren ondorioz, gaztetxea ere itxi behar izan zuten.

Asteek aurrera egin ahala, geroz eta konplexuagoa zen gazteentzat euren etxean kultura sustatu eta babestea; ezarritako neurriek ere ez zuten batere laguntzen. Hori dela eta, udan atsedenaldi txiki bat hartzea erabaki zuten. Gero, iraila heltzearekin batera, berriro ekin zioten aurretik zuten dinamikari.

Bide berriak eraikiz

Oraindik ere ezin izan zioten kultur dinamikari heldu, eta beraz, bestelako jardueretan murgildu ziren gazteak. Izan ere, Bonberenea ez da soilik kontzertuez edota grabaketez elikatzen. Gazteentzat ezinbestekoa da etxea txukun mantentzea, eta noizean behin, konponketa txikiak egitea nahiz bertako hainbat txoko berritzea. «Aldaketak beti gertatzen dira, eta, pareta hauen barruan, aldaketek zerbait berria esan nahi dute», diote gaztetxetik.

Abenduan, pabiloiko ate berritik sartu zen publikoa kontzertuetara. BONBERENEA

Gauzak horrela, goiko solairuko komunak, jangela eta sukaldea berritu zituzten iaz. Orain, osasun neurriak jarraituz, kontzertuetarako sarrera eta larrialdietako irteera berria jarri dituzte pabiloian. Gainera, etxearen kanpoaldea atondu zuten, Neor artistaren eskutik. «Kultura kolorez egin behar denez, kolorez margotzen ditugu gure paretak. Udazkena negu bilakatzen hasi zen unean, kolorezko grafitiz margotu genuen eguraldi grisa».

Osasun neurriak jarraituz, kontzertuetarako sarrera eta larrialdietako irteera berria jarri dituzte pabiloian

Etxeko ikasketa prozesua ere etengabe mantentzen dela aitortzen dute gazteek. Horregatik, ikasteko aukera ere eskaintzen da Bonberenean: musika tresna bat jotzen, soinu edo argi teknikari lanak egiten, kozinatzen… «2020an, COVID-19aren protokoloak izan dira ikasgai nagusia», diote.

Bestalde, gaztetxeko tabernan urte askotan ohiko garagardoak izan eta gero, etxeko garagardoa dastatu daiteke orain. Bi motatako garagardoak ekoitzi dituzte: Bonbier Olki American Pale Ale eta Bonbier Liztor Pilsen. «Etxeko zaindari eta lagun ditugun bi txakurren omenez aukeratu ditugu izen horiek».

Udazkenean, etxearen kanpoaldea apaindu zuen ‘Neor’ artistak. BONBERENEA

Musika bidelagun

Birusak birus, eta protokoloak protokolo, musikak eta musika inguratzen duten alorrek jarraitzen dute gaztetxearen ardatz nagusiena izaten. «Gure oholtzak ere sutan jarrai dezan, ezinbesteko lana egin dugu hainbat esparrutan, maitasun handiz. Oholtza honetatik, urtero bezala, hainbat talde igaro dira: ezagunak, berriak, ez hain ezagunak, betikoak… Askotariko estiloez bustiak, ahal den neurrian, zentzumen eta gustu guztiei ahalik eta eskaintza aberatsena eskaintzeko».

Iaz, hainbat taldek grabatu zituzten diskoak eta bideoak gaztetxean. BONBERENEA

Horren erakusgarri da otsaileko asteburuetarako osatu duten egitaraua. Lau talderen kontzertuak izango dira: otsailaren 5ean, Bartzelonako Nueva Vulcano taldea ariko da; 13an, berriz, Xixongo Elle Belga; 20an, Sara Zozaya donostiarra; eta 27an, Leihotikan talde iruñarra. 19:00etan hasiko dira saio guztiak eta gehienezko edukiera 50 lagunekoa izango da. Sarreran nahiz kontzertuek iraun bitartean, nahitaezkoa izango da maskara jantzita edukitzea. Zortzi euroko prezioa izango dute sarrerek eta ez da aurre-salmentarik izango.

Ezohiko egoeran egon arren, Bonberenea Ekintzak zerbitzuari esker, hiru lan berri argitaratu dituzte

Bertako nahiz nazioarteko norbanako eta eragile askoren moduan, gaztetxeko kideek ere kultura segurua dela aldarrikatu dute hilabete hauetan guztietan. Bonberenea Ekintzak da etxearen zigilua, autogestioan oinarritutako kulturaren plataforma eta eragilea. Beste urte batez, martxan izan da zerbitzua, eta ezohiko egoeran izanda ere, hiru lan berri gehitu dituzte euren katalogora: Rodeo taldearen Ezherrian (10— EP-CD), Losado taldearen Losado (10— EP-CD), eta Lepora taldearen Lepora (LP/CD).

Era berean, hainbat musika talde igaro dira gaztetxeko estudiotik diskoak grabatzera, hala nola, Killerkume, Petti, Arima, Losado, Viva Belgrado, Sacco, Estarlus eta Abereh. Hain justu, 2021eko otsailean aurkeztuko du Arima taldeak Biluztasunez Jantzita diskoa. Halaber, etxean bertan ekoitzitako musika eskaintzeko Bonberenea Irratia hedabidea ere martxan izan da aurten.

«Gure egin dugun gunea»

Behinola, inguruan kultur dinamikarik ez zela eta, kultur jarduera bermatzeko eragile gisara sortu zen Bonberenea. Azken urteetan, gaztetxean kide berriak sartu badira ere, asmo berarekin dihardute gaur egun. «Etxeak etengabeko aldaketak izan ditu, belaunaldi berriak gehitzen joan dira, eta hori gure aldaketen isla paregabea da. Hala ere, betiko dinamikarekin jarraitzen du, nahiz eta pandemia honetan funtzionamendua zertxobait egokitu behar izan dugun».

Abenduan bete zituen 23 urte gaztetxeak. Beste modu batera, baina ohiturari jarraituz, su artifizialekin ospatu zuten efemeridea. Bi hamarkada baino gehiago dira etxe bat okupatu zutela. Eraikinari bizia ematen eta proiektu ezberdinak antolatzen eta aurrera eramaten aritu dira orain arte. Datozen urteetan ere berdin jarraitzeko asmoa dute. «Beste urtebete egin dugu etxe honetan, gure egin dugun gune honetan, gure etxean. 23 urte bete ditugu jada, eta oraindik ere gogor dihardugu lanean, betiko moduan, kultura indartzen eta eskuragarri egiten».

 

BONBERENEA GAZTETXEA

 

OTSAILEKO EGITARAUA

OTSAILAK 5, OSTIRALA

Nueva Vulcano (Bartzelona)

19:00. Irailean kaleratu zuen Ensayo izeneko diskoa aurkeztuko du rock talde kataluniarrak.

OTSAILAK 13, LARUNBATA

Elle Belga (Xixon)

19:00. Ekainean aurkeztu zuen Simetria izeneko bere laugarren diskoa folk talde asturiarrak.

OTSAILAK 20, LARUNBATA

Sara Zozaya (Donostia)

19:00. 12 urterekin ekin zion kantuak sortzeari eta 2018rako osatu zuen bakarkako lehen lana: III.

OTSAILAK 27, LARUNBATA

Leihotikan (Iruñea)

19:00. 2018an kaleratu zuen azken diskoa, Non zaude? izenekoa, eta 2022an 30 urte beteko ditu.

 

*Nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea.

Edukiera: 50 lagun. Sarreren prezioa: zortzi euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!