«Lagun arteko taldea bada ere, ezinbestekoa da kalitatea lehenestea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 12a, 10:52

'Beste bat' zirkuituaren barruan, 'Luces, música ¡acción!' izeneko ikuskizuna eskainiko dute, bihar, 19:00etan, Leidorren; hamaika filmetako soinu bandak interpretatuko dituzte, emanaldi bizi, arin eta berritzailean

Suakai taldea nafarra bada ere, etxean bezala ariko da bihar, Leidorren. Taldeko perkusio jotzailea eta biolin jotzailea dira Igor Arostegi (Tolosa, 1990) eta Maddi Arana (Gasteiz, 1990), Tolosan bizi diren musikariak.

Zer da Suakai?

Maddi Arana: 2016ko azaroan sortu zen. Ivan Carmona eta Claudia Oses dira proiektuaren zuzendariak, eta aldi berean, taldeko biolontxelo eta biolin jotzaileak. Taldean aritzen garen gainerako musikariak, kontratatuak izaten gara. Orain arte, 80tik gora igaro gara bertatik.

Igor Arostegi: Konplexua da azaltzen, ez baita musika talde huts bat; askoz gehiago da. Harizko instrumentu klasikoak ardatz dituen sorkuntza enpresa bat da, proiektu ezberdinen kudeaketaz arduratzen dena.

M. A.: Musika klasikoaren munduan orokorrean dauden estandarizazioekin apurtzen saiatu dira. Ohikoa den horretatik aldendu eta ezberdina bezain entretenigarria den zerbait eskaintzeko helburuarekin prestatzen dute emanaldi bakoitza.

Berezia izango da harizko instrumentuak izatea taldearen indargunea, ezta?

M. A.: Talde honek lortu duena zera da, instrumentu tradizional edo klasiko zaharkitu horiekin, beste musika mota bat, erakargarria, dibertigarria, sortu daitekeela, era guztietako publikoarentzat, baita adituak ez direnentzat ere.

I. A.: Sokazko instrumentuen inguruan sortzen dute. Biolina eta biolontxeloa ez dira soilik Mozart edota Beethovenekin lotu behar. Horiekin bestelako gauza eder ugari egin daitezke eta.

200 saiotik gora, 20 estilo, eta 40 formazio ezberdin. Aukera zabala eskaintzen duzue.

M. A.: Martxan ditugun lau proiektu handiak dira ardatz indartsuenak. Hala ere, badira ekitaldi ezberdinak girotzeko eskaera luzatzen duten enpresak, edota euren ezkontzetan aritzea eskatzen duten bikoteak.

I. A.: Askotarikoa da aukera. Bezeroak eskatzen duenaren arabera moldatzen dira. Aurrekontu bat adosten da, eta hortik abiatuta prestatzen da saioa. Eskatutako kantuen moldaketak ere egin izan dira; sorkuntzari dagokionez lan izugarria egiten dute. Aipatzen genuen proiektuetatik bizitzea da enpresako arduradunen helburua, baina noski, zabalik izan behar dituzu ate guztiak, gauza bakarrera mugatu beharrean.

Nola aritzen zarete lanean?

M. A.: Ikuskizunaren arabera, jende mota ezberdinarekin kontaktatzen dute, norekin jo eta zer jo erabaki aurretik. Gainera, zerotik sortzen dute proiektu edo emanaldi bakoitza, bai musika, baita ideia ere.

I. A.: Zuzendariek diotenez, euren proiektuak aurrera eramateko, beharrezkoa dute musikari guztion laguntza, baita teknikariena ere. Izan ere, gure soinu teknikari eta argi teknikaria ditugu, baita gure arropa diseinatzailea ere, eta hauek ere proiektuaren parte dira.

Diozuenez, kalitatea eta aniztasuna dira zuen lehentasun handienak.

I. A.: Horrek ere izugarri laguntzen du. Batzuetan, gerta daiteke, musikari baten jotzeko modua gustukoa ez izatea, edo bilatu nahi duzun hori ez izatea, eta beraz, aldaketak izaten dira. Emaitzari begira erabaki deserosoak hartzea egokitzen da tarteka. Lagun artean sortutako talde bat da, musikari guztiok ezagunak gara, eta giro ederra dugu gure artean, baina ezinbestekoa da kalitatea lehenestea.

M. A.: Profesionalen mundua askotarikoa da, eta ogibide guztietan bezala, badira musikari hobeak edo kaskarragoak. Hala ere, gure taldearen kasuan, elkarren arteko giroari ere garrantzia ematen diote.

Askotan, giroak ere eragina izaten du kalitatean, ezta?

I. A.: Bai, posible da. Eta baita alderantziz ere.

M. A.: Kalitate handiko musikariak elkarren ondoan jarriz gero, hobeto ulertzen dute elkar.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak ere bazarete. Nola uztartzen dira hain ezberdinak diren bi estilo?

M. A.: Estilo modernoa edo berritzailea garatzea asko kosta zitzaidan, ez zen erraza izan; asko ikasi behar izan nuen. Orain, estilo klasikora itzultzen naizenean, nire buruari esan behar izaten diot: «Ez erabili bestelako errekurtso teknikoak». Pertsonalki, baina, izugarri betetzen nau bi estiloak uztartzeak. Musikak berak ere markatzen du musikarion jarrera, jotzen duzunaren arabera.

I. A.: Bata bestearen osagarria dela esango nuke. Nire kasuan, aldaketa bakarra izan dut. Orkestran partitura bat irakurri behar izaten dut, bertan jartzen duena jo. Suakain, aldiz, partiturarik gabe aritzen naiz, eta sorkuntza lanetan aritzea egokitzen zait. Hortaz, libreki, nire teknika garatzeko dudan ahalmena hobetzen laguntzen nau.

Sortzailetzat duzue zuen burua?

M. A.: Ezta pentsatu ere! Musika klasikoko musikari moduan jasotzen dugun hezkuntza, harizko instrumentuei dagokionez behintzat, oso itxia da sormen aldetik. Gaur egun, gabezia ikaragarria dagoela iruditzen zait, sortzeko oso mugatua sentitzen zarelako. Ni ez naiz gai orri zuri bat hartu eta zerbait idazten hasteko, lotsatik eta urduritasunetik bizi dut, gainera.

I. A.: Nik nahiago izaten dut partitura bat interpretatzen aritzea; horrela nabil haurra nintzenetik. Hala ere, aitortu beharra dut, asko ikasi dudala Suakairi esker, sormen prozesuan garatzen lagundu nauelako.

Taldearen laugarren proiektua aurkeztuko duzue bihar: Luces, música ¡acción!. Zer da?

M. A.: Hamaika soinu banda ezagun interpretatzen ditugu, bata bestearen atzetik. Ikuskizun berritzailea da, arina eta dibertigarria, adin guztietako publikoarentzat sortua. Orain arte eskaini ditugun kontzertuetan, ikuslegoaren %50 haurrak izan dira, eta deigarria egin zait nola irauten duten emanaldiaren hasieratik bukaerara, adi-adi.

Zertaz gozatu ahal izango dute Leidorrera gerturatzen direnek?

I. A.: Sei musikari eta bi teknikari ariko gara, musikarekin sinkronizatuta joango diren irudiak ere eskainiko direlako soinu bandak entzun bitartean. Irudien eta musikaren xehetasun guztiak daude sinkronizatuta, eta horrek egiten du berezi gure ikuskizuna. Gu ikusteaz gain, jotzen duguna entzun behar da, baita irudiez gozatu ere. Saio betea da.

M. A.: Ezagun askok esan digute, lehen aldiz gu ikustera joan zirenean, informazio gehiegi jaso zutela eta ez zutela oso argi nora begiratu behar zuten. Hori dela eta, bada saioa bizpahiru aldiz ikusi duenik ere.

I. A.: Aipatzekoa da soinu teknikariak 360 graduko soinu efektua erabiltzen duela. Horrela, publikoa zinema areto batean egongo balitz bezala sentitzea lortzen du, berez, musika saio bat ikusten ari denean.

Orain arteko beste proiektuetan diskoak grabatu dituzue, gainera.

M. A.: Bai. Hiru hilabetetan grabatu genituen hiru diskoak. Eromen handia izan zen. Azken ikuskizunaren diskoa ere grabatzen ari gara une honetan. Gainera, aurre-salmenta bat dago martxan. Orain eska daiteke diskoa, eta behin ekoizpena amaitzen dugunean, banaketa egiterakoan, beste ikuskizun bateko diskoa oparituko dugu.

 

Itxialdian bete-betean geundela, ekimen bat jarri zenuten abian, Music to dream izenekoa. Zer da?

M. A.: Pandemia heltzearekin batera sortu zen. Musikari eta sortzaile askoren bideoak jasotzen genituen sare sozialetan. Hortaz, gure zuzendariek ere antzeko zerbait egin nahi zuten, baina gure erara.

I. A.: Bizpahiru kantu hartu, eta bideo interaktiboak egin genituen. Lau estilo, formatu eta eszenatoki ezberdinetan grabatu genituen, eta bideoan bertan, eszenatoki batetik bestera joan zaitezke aldatzen, kantua entzun bitartean, geratu gabe.

Azken hilabeteetan behintzat ez zarete geldirik geratu. Nolakoa izan zen, oro har, 2020. urtea? 

M. A.: Urte amaiera indartsua izan zen. Abenduan emanaldi ugari eskaini genituen. Izan ere, itxialdiaren aurretik zehaztuta genituen datak eta emanaldiak berreskuratu ditugu, eta pixkana, horiek eskaintzen ari gara.

I. A.: Egia esan, auskalo zer izan zitekeen horiek berreskuratuko ez bagenitu. Beraz, poztekoa da orain lanean aritzea. Ezin gara kexatu.

Eta zein ingurutan aritzen zarete gehien?

I. A.: Galizian aritu zen behin taldea, nahiz eta guk ezin izan genuen bertan jo. Bestela Euskal Herrian aritzen gara, batez ere Nafarroan. Mugimendu handia duen taldea da bertan, oso ezagunak baitira.

M. A.: Anekdota modura, eurekin Iruñeko alde zaharrean parrandan atera izan naizenetan, atzetik, “begira Suakai taldekoak!” entzun izan dut behin baino gehiagotan.

Zein aurreikuspen edo esperantza duzue 2021erako.

I. A.: Urtarrilerako, bost data ditugu zehaztuta. Badirudi datozen hilabeteetarako ere hasi direla emanaldi berriak zehazten. Orain, produktuak saltzea egokitzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!