Nabarralde fundazioak historiako zenbait pasarte aitzakiatzat hartuta album ilustratuak kaleratu ditu azkeneko urteetan. Laugarren alea Foixeko Katalinari eskaini diote. Nafarroako erreginaren bizitzako pasadizo batetatik abiatuta Angel Rekalde (Tolosa, 1957) soziologo eta fundazioko zuzendariak komikiaren gidoia osatu du. Ilustrazioak, berriz, Ainara Azpiazu Axpi-k egin ditu.
Zergatik atera nahi izan duzue argitara Foixeko Katalina?
Iruñean Joseba Asiron alkate zela Espainiako Armadaren etorbideari izena aldatu eta Foixeko Katalinarena jarri zitzaion. Gerora, Navarra Sumakoek buelta eman diote eta kaleari berriro aldatu diote izena. Polemika horren harira gaia atera genuen eta iruditu zitzaigun Foixeko Katalina ez dela batere pertsonaia ezaguna. Jendeak gehiago ezagutzen du bere senar Joanes IIIa Nafarroakoa, nahiz eta hura errege kontsortea izan.
Zenbaterainoko garrantzia izan zuen Foixeko Katalina erreginak Nafarroako erresuman?
Izugarrizko ekarpena egin zuen. Oinordetzan Erdi Aroko erresuma zaharkitu bat jaso zuen, non borrokak eta izurriteak oso ohikoak ziren. Emakume kultua zen eta administratzaile ona, buelta eman zion erresumari. Arau berriak jarri zituen, gerra giroa baretu zuen eta herriei azokak ezartzeko bidea eman zien. Neurri horiekin erresuma modernizatzea lortu zuen, baina 1512an konkista etorri zen eta lurraldearen parte bat galdu zuen. Hala ere, berak ezarritako ereduak jarraitu zuen Nafarroa Beherean, independente mantendu zen partean. Erresumaren modernizatzea Foixeko Katalinak ekarri zuen.
Errenazimenduaren testuinguruan nolako garrantzia izan zuen Nafarroako Erresumak?
Errenazimendua esaten zaigunean Leonardo da Vinci, Boccaccio, Michelangelo edo Maquiavelo bezalakoak etortzen zaizkigu burura, denak italiarrak. Ez gara konturatzen Nafarroan ere horrelako errenazimendu gisako bat izan zela. Ez zuen Shakespearek alperrik esan Nafarroak munduan miresmena eragingo zuela. Baina, esango nuke, errealitate hori ezkutatu egin zaigula. Hiru erreginak, Foixeko Katalina lehenik, bere semearen emazte Margarita Angulemakoa gero eta hauen alaba Joana Albretekoa azkenik, oso erregina indartsuak izan ziren, kultuak. Ehun urtez errenazimendu propioa izan zen hemen, kultur eta ekonomia alorrean eta baita administratiboki eta politikoki ere; aurrerapen nabarmenak etorri ziren. Esate baterako, Luteroren bidea jarraituz euskarara itzuli zen Testamendu Berria eta ofizialtasun estatusa eman zitzaion hizkuntzari. Garapen hori erregina hauen inguruan eman zen eta denetan lehena Foixeko Katalina izan zen. Bere ekarpena gakoa izan zen.
Foixeko Katalinaren bizitza kronologikoki jaso nahi izan duzue?
Zehatzago esateko pasarte bat aukeratu dugu bere bizitza ilustratzeko. Joseba Asironek erreginaren inguruko hainbat anekdota kontatu zizkigun eta horietatik abiatuta osatu dugu liburu ilustratuaren gidoia. Izan ere, konkistaren une horretan seme bat hil zitzaion eta bizipen pertsonal gogor hori eta erresumaren galera uztartu nahi izan ditugu liburuan.
Foixeko Katalinaren bizitzako pasarteak ilustratzeko emakumea aukeratu duzue. Propio hartu duzue erabakia?
Esan daiteke berak aukeratu gintuela gu. Elkarrizketa batean atera zen gaia eta beste ikuspegi bat emateko aproposa iruditu zitzaigun Ainara Azpiazu Axpi.
Epikotasuna beste modu batera azaltzen saiatu zarete?
Bai. Horretan asmatu dugu. Hasieran planteatu genuen liburu ilustratu honek bestelako ikuspegi bat izan behar zuela eta Axpi-k lortu du. Eneko Aritzan agertzen den gizonen borroka eta epikotasun horren aldean, hemen sentimenduak presenteago daude. Askoz hurbilago eta humanoago agertzen zaigu Foixeko Katalinaren irudia.
Zer esan dezakezu liburuko ilustrazioez?
Niri izugarri gustatu zaizkit. Beste estetika bat baliatu du Axpi-k. Itxura goxoago eta ikuspegi sentiberagoa azaltzen dute irudiek, eta alde horretatik, pentsatzen dut aberatsagoa eta biribilagoa geratzen dela komikia.
Nori zuzendutako liburua da hau?
Publiko osoarengan pentsatuta kaleratu dugu. Horrelako liburu ilustratuak gazteentzako bakarrik direla uste du jendeak baina kasu honetan edozeinentzat aproposa da.Komikia da, baina ez umekeria. Kontakizun atsegina, esanguratsua, eta batez ere, gurea da. Gure memoria da. Tresna honen bitartez ikasteko aukera izango du irakurleak.
Ez da lehen aldia pasarte historikoak ilustratuz liburu grafikoak kaleratzen dituzuena.
Ez. Bilduma moduko bat da honezkero. Hau laugarren alea da. Orain arte, 1620 Nafarroa beheregaina, Eneko Aritza Lehen Errege Baskoia eta Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak liburu ilustratuak atera ditugu. Joseba Larretxe Josevisky-ren ideia izan zen formatua eta guk edizioan lagundu genion. Aritu gara Adur Larrearekin eta Asisko Urmenetarekin, eta orain, Ainara Azpiazu Axpi-k egin du azkenekoa. Haiek dira artistak eta ahal dugun neurrian haien lanak zabaltzen jarraituko dugu Nabarralden.