Gerrak

Bakoitzak bizi ditu bere gerrak. Eta iruditzen zaigu norberarenak direla garrantzitsuenak. Gure azalean, gure hezurretan bizi ditugulako. Baina, ez pentsa besteentzat horren inportanteak izango direnik. Ez sufritu hala ez bada, ez baita izango.

Nik, adibidez, eskola jazarpena jasan nuen. Bullying ere esaten zaio. Deitu nahi diozun bezala, badakizu zertaz ari naizen. Garai hartan, ordea, gure artean behintzat, ez zuen izenik. Baina existitzen zen. Ondo dakit. Alboratua izatea. Bakarrik uztea. Barre egitea. Burla egitea. Umiliatzea. Makurtzea, fisikoki zein bestela.

Izen eta abizenak dituzte hori, behinola, egin zidatenek. Egin zidatenek, egiten zidatenari barre egiten ziotenek, isiltzen zirenek. Gehien-gehienak, nire lagunak dira orain. Kuadrillakoak ere bai. Batzuk, asko maite ditut. Ez diet, ez gorrotorik, ez halako ezer. Baina nire memoriak, ai, nire memoria, ezin du hori ahaztu. Behin, zaborrontzi handi batean sartu ninduten, esku askoren artean. Usain txarra neukala entzun behar izaten nuen gelan, denbora pasata ere.

Nik, adibidez, eskola jazarpena jasan nuen. 'Bullying' ere esaten zaio. Deitu nahi diozun bezala, badakizu zertaz ari naizen.

Gogoan dut, bereziki, uda batez izan zela. Eta hurrengo ikasturtean ere sufritu nuen. Baina ez zen gehiegi luzatu kontua. Edo ez dut gogoan, behintzat. Baina, argazki batzuk, iltzatuta ditut barruan. Betiko. Inork kendu ezingo dizkidan tatuajeak dira. Eta, noski, gertaerok asko markatu zuten nire nerabezaroa. Nire gaztaroa. Ni markatu naute. Oraindik, naizena, horren ondorio ere bada.

Lagunekiko dudan harremanean, gaur egun ere, eragiten dit iragan horrek. Kontziente naiz. Kontuz, ondo gainditua dut guztia, orain ez dut arazorik. Baina aztarnak sumatzen ditut.

Gogorra egiten zait, orduan, nire gurasoek, nola bizi izango zuten pentsatzea. Aitak inoiz esan dit ausarta nintzela. Ez daukat sentsazio hori. Gaur, hemen, hau idazten ere, oso zaurgarri sentitzen naiz. Beti saiatu bainaiz ezkutu moduko bat jartzen. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Baina, ni ere, ahula naiz, bai.

Guzti honegatik, gai honek bereziki ukitzen nau. Ezin dut toleratu. Sutu egiten nau. Nahiz eta, gerora, ni libratzeko, beste batzuk ere jazarri ditudan. Ez nago harro, baina egin dut. Beraz, zure gerrarekin zuk nahi beste enpatia erakusten ez badut, ez zaitez haserretu. Hauxe da eta, nirea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!