Tolosako Sare-k deituta, Tolosan, Nafarzubia eta Zubiberria lotu dituzte herritarrek Bidea Gara ekimenean. Herritarrek, eguraldiak asko lagundu ez arren, erantzun ona eman dute, eta ez da arazorik izan bi zubiak jendez elkartzeko. Guztira 550 pertsona elkartu dira euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egiteko. Antolatzaileak "oso gustura" agertu dira ekimenari herritarrek eman dioten erantzunarekin.
Xabier Telleriak gidatuta ekimenari hasiera eman zaio, eta sirena hots luze baten ostean piztu dituzte argiak. Jarraian, Ion Arruabarrenaren saxofoi doinuek girotu dute ekimena, kanturako aukerarekin.
Nola ez, presoen senideek ere izan dute hitza ekimenean. Anabel Eguesen anaia, Joseba Eguesek, eta Luis Iruretagoienaren iloba, Aitziber Sotelok, irakurri dute mezua. Hasteko, zailtasunak zailtasun, "eskerrak" eman dizkiete bertaratu diren guztiei. Molde ezberdinez bada ere, eta Bilboko La Casillarik gabe ere, "aldarri berberaren" bueltan elkartu direla ekarri dute gogora: "Bidea Gara lelopean irten gara kalera. Nor bere eran. Bakoitza bere ideiak soinean eta, norbere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berberaren baitan. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean".
Era berean, "pozgarria da azken urte hauetan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea, elkar ulertzea, elkar entzun eta hitz egitea; aurrerapauso ugari eman dira, enpatia eta giza eskubideak oinarri", esan dute, eta gaineratu, "azalean sufritu eta zauriak dituztenen ahots batzuk ere entzun ditugu, egoera hau aldatzearen alde".
Herri gisa aurrera egiteko gogoarekin batera, elkarbizitzarako nahia agerian utzi dutela azaldu dute, baina, horretarako "salbuespeneko espetxe politika behin betiko amaitzea beharrezkoa dugu". "Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak, zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe".
Sei eskari ekarri dituzte senideek, "oinarrizko eskakizunak" direla azalduz, eta elkarbizitzarako bidean "ematen ari garen urratsekin batera garatu beharrekoak":
1. Euskal presoen Euskal Herriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
2. Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
3. Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfiantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
4. Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
5. Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola, preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
6. Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginez.
Irakurketaren ostean, Andoni Otegi leaburuar presoaren anaia Jon Otegik bertsoak abestu ditu, eta ekimena bukatutzat emateko bi irrintzi bota dituzte.
Bilboko edota Baionako manifestazioetan egiten den moduan, boluntarioek bertaratu direnen artean poltsa pasa dute eta pegatinak banatu dituzte. Sare-k, behar-beharrezkoa baitu herritarren ekarpena urteko gastu guztiei aurre egiteko.