'Zilarrezko haria' zerbitzua, bakardade egoeran dauden adinekoentzat

Ataria 2021eko urtarrilaren 7a

Bakarrik dauden pertsona nagusiei telefonoz laguntzeko doako zerbitzua da. 900 713 771 telefonora deituz eskaintzen da laguntza, eta deiak anonimoak eta konfidentzialak dira.

Bakardade egoeran dauden Tolosako adinekoentzat telefonoz laguntza eskaintzeko Zilarrezko haria izeneko doako zerbitzua indartuko da. Haien borondatearen aurka bakarrik dauden adinekoak benetan bakarrik ez geratzea, eta edozertarako ahots lagun batekin hitz egiteko aukera ematea ditu helburu. Nagusilan adinekoen gizarte-boluntariotza elkarteak indartuko du proiektua, Eusko Jaurlaritzaren eta Tolosako Udalaren babesarekin. "Izan ere, osasun krisian nabarmen egin du gora zerbitzuaren eskariak", diote udaletik.

Bakardade egoeran dauden adineko guztiek erabil dezakete 900 713 771 telefono zenbakia, astelehenetik ostiralera (10:30-13:00 eta 15:30-17:00; ostiraletan, goizez bakarrik). Lehen aldian, izena eta telefono zenbakia adierazi behar dira eta ondoren boluntario batek deituko die adinekoei. Posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena, hilodeplata@nagusilan.org helbidera idatziz.

Aurrez aurreko laguntza zerbitzua

Nagusilan elkarteak eskaintzen duen telefono bidezko laguntzaz gain, Tolosan ere badago adinekoen bakardadeari aurre egiteko aurrez aurreko laguntza programa: Adinkide. Iaz jarri zen martxan, adiskidetasun harremanen bidez bakardade egoeran dauden adineko pertsonen ongizatea hobetzeko helburuarekin.

Hiru modutara hartu daiteke parte zerbitzu honetan:

  1. Aurrez aurreko laguntza: astean gutxienez 2 orduz elkartzen dira adineko pertsona eta Adinkideko boluntarioa.
  2. Telefono bidezko laguntza: telefono, bideo-dei edo posta bidezko harremanak sortzen dituzte boluntarioek eta adinekoek.
  3. Bizilagun handiak: bizilagunen eta auzotarren arteko harremanak sustatzen dira, adineko pertsonak inguruan bizi diren bizilagun boluntarioekin harremanetan jarriz.

Parte-hartzaile guztiak ekintza-talde bateko kide izaten dira, eta Adinkidek antolatutako auzo-topaketetan edo irteera kulturaletan parte hartu ahal izaten dute. Informazioa eskuratzeko 676 197 354 telefonora deitu, tolosa@adinkide.org helbidera idatzi edo Emeterio Arrese eraikinean kokatuta dagoen Adinkideren bulegora bertaratu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!