«Jokalari moduan hazten jarraitu nahi dut»

Erabiltzailearen aurpegia J. B. A. 2021ko urt. 6a, 14:00

Argi du Eizagirrek: partida «berezia» eta «lehiatua» izango da Athleticen aurkakoa. Hobeto iritsiko da Reala, baina uste du derbi batean ez dagoela faboritorik. Neurketa jokatzeko gogotsu eta konfiantzaz beteta dago.

Denboraldi honetan Realeko jokalari bat nabarmendu behar bada, hori Nerea Eizagirre da (Tolosa, Gipuzkoa, 2000). Tolosarrak kalitatea eta golak ekarri dizkio taldeari, eta txuri-urdinak erakusten ari diren maila onaren atzean dago haren jokoa eta abilezia. Derbia jokatzeko «ilusioz» dago.

Urteko lehenengo neurketa derbia izango da, Athleticen kontra. 2021a ondo hasteko aukera ezin hobea, ezta?

Bai. Derbiak jokatzea zerbait berezia da. Beste giro bat egoten da, beste xarma bat du. Askotan esaten den bezala, berdin du zein talde iristen den hobeto. Partida oso lehiatuak izaten dira normalean. Athletic, agian, ez dator bere denboraldi onenean, baina badakigu neurketak beti zailak jartzen dizkigula. Ez da erraza izango.

Hiru puntu baino gehiago daude jokoan?

Uste dut derbi batean beti daudela hiru puntu baino zerbait gehiago. Emakumeen futbolean Athletic beti izan da Realaren aurretik ibili den talde bat, baina ikusi da azken urteetan geroz eta gertuago gaudela. Euskal Herria Kopan, nahiz eta partida penaltietan erabaki, gehiago izan ginen. Eta egia da aurten oso ondo gabiltzala. Talde indartsua dugu. Haientzat, berriz, urte gogorra izaten ari da. Aurten gure asmoa goian ibiltzea da, eta beraiek beti izaten dute asmo hori. Ez da batere partida erraza izango.

Azken urteetan urrats bat gora egin du Realak.

Bai. Begira oraintxe bertan non gauden. Azkeneko partidan ere ikusi zen Atletico Madrilen aurka ez ginela horren azpitik ibili. Zenbaitetan gehiago ere izan ginen. Haiek gaizki pasatu zuten. Reala hor dabil. Garrantzitsua da horrelako aurkarien kontra maila ematea. Reala goian egoteko talde bat da.

Athletic ez da ari bolada ona pasatzen. Nola ikusten duzu?

Uste dut urte gogorra izaten ari dela haientzat, baina horrek ez du ezer esan nahi. Jokalari onak dituzte. Defentsan gogorrak dira, eta, aurrean, azkarrak. Askotan iritsi izan gara derbietara haiek baino hobeto, eta, hala ere, haiek irabazi. Baita alderantziz ere.

Beraz, ez zenuke esango partida irabazteko faboritoak zaretela?

Ez, inor ez da faborito. Gu ondo gatoz, beraiek agian bolada txarrean, baina ez du zer ikusirik. Partida gogorra izango da.

Non egongo da hiru puntuak lortzeko gakoa?

Aurrean gehien asmatzen duenak eta atzean hobekien defenditzen duenak lortuko ditu puntuak. Oso joko desberdina egiten dugu. Haiek atzean sendo dabiltza, eta, gero, oso joko zuzena egiten dute, baloia bizkarrera botaz. Horretan egongo da gakoa. Hori ondo kudeatzen jakiten badugu, haien baloi luzeak ondo hartuz, gure jokoa eginez eta baloia ahalik eta gehien izanez, mina egiteko aukera izango dugu. Asmoa da haiek aurrean duten abiadura hori ez aprobetxatzea eta guk baloiarekin ahalik eta min handiena egitea.

Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!