Argazki eta bideokamerak, grabagailuak, tripodeak, Ertzaintzaren auto bat... Ezohiko zerbait gertatzen ari zela suma zitekeen atzo goizean Tolosako (Gipuzkoa) Uzturre zaharren egoitzaren aurrean. Eta hala zen, nolabait ere: COVID-19aren aurkako txertoak iristear ziren. Hego Euskal Herrian, igandean ekin zioten txertoa jartzeari modu sinbolikoan, baina hasi orduko, egun bat atzeratu behar izan zuten txertaketa, Pfizer enpresak izandako arazo batzuengatik. Atzo ekin zioten berriz kanpainari, eta Eusko Jaurlaritzak Uzturre egoitzara joateko deia egina zien hedabideei. Inor gutxik egin zuen huts: han zeuden irratiak, egunkariak eta telebistak, tokikoak zein nazionalak, irudi eta lekukotza bila.
Aurrerantzean, Jaurlaritzak astero 16.000 dosi jasotzea espero du; atzo Tolosara iritsi ziren horietako batzuk, eta ikusmin handia eragin zuen deialdiak, aurreko egunetan bezala. 08:30ak aldera, abisua: argazkiak ateratzeko unea zen. Orduantxe atera zituzten hiru erizainek dosiak zeramatzaten hainbat kaxa eta hozkailua ibilgailu batetik. Klax, klax, klax, kameren flashen artean metro batzuk egin, eta barrura.
Atariraino bai, baina handik aurrera ezin izan ziren pasatu kazetariak, argazkilariak eta kamerariak. Egoitzetako segurtasun neurriak mantendu behar direla eta, kanpoan itxaron behar, eta ezin kontatu hura hartu berri zutenen bizipenak, ezin haiekin hitz egin. Irudi gutxi batzuk baino ez ezin izan ziren hartu.
Gerora, atarira atera zen egoitzako zuzendari Alvaro Martinez, eta haren ahotik jakin zuten gogoz hartu zutela txertoa Uzturreko egoiliarrek eta langileek: 170 txerto jarri zizkieten, egoiliar guztiei eta langile ia denei. Itxaropentsu mintzatu zen Martinez: «Amaieraren hasiera da».
Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.